Gatazka eremuetako emakumeen bizimodua salatu dute Martxoaren 8an

Hamar emakumetik bat «muturreko pobrezian» bizi da, NBEko Emakumeen Sailaren arabera. Martxoaren 8ko manifestazio ugaritan Gazako eta Ukrainako emakumeak izan dituzte gogoan.

Martxoaren 8an gogoan izan dituzte Gazako emakumeak, irudian manifestazio bat Pakistanen. SHAHZAIB AKBER / EFE
Martxoaren 8an, gogoan izan dituzte Gazako emakumeak; irudian, manifestazio bat Pakistanen. SHAHZAIB AKBER / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko martxoaren 8a
16:15
Entzun

Martxoaren 8a ospakizun eta aldarrikapen eguna da Buenos Airesen, Berlinen eta Washingtonen. Pankarten atzean aldarri eginez, kaleak bete dituzte munduko txoko ugaritan. Beste zenbait lurraldetan, ordea, Emakumeen Nazioarteko Egunean entzun diren garrasiek aldarritik baino gehiago izan dute sufrimendutik. Aurreko egunetan eta hilabeteetan bezala, martxoaren 8an gerra baten erdian bizi dira Gazako, Odesako (Ukraina) eta Khartumgo (Sudan) emakumeak, besteak beste. Gune horietan bizi diren emakumeen egoera salatu dute munduan zehar egindako manifestazio ugaritan.

NBE Nazio Batuen Erakundeko Emakumeen Sailak adierazi du urteetan genero berdintasunaren alde eraikitakoa «higatzen» ari direla gerrak. Gainera, salatu dute emakumeek ordaintzen dituztela gatazka horiek «garestien». Zehazki, gerran, gizonezkoek baino 7,7 aldiz aukera handiagoa dute muturreko pobrezian bizitzeko.

NBEko Emakumeen Saileko zuzendari Sima Bahousek jakinarazi du «614 milioi emakume eta neska» gerran bizi direla, 2017an halako bi. Halakoetan indarkeria matxista eta sexu erasoak areagotu egiten direla gogorarazi du, baita pobrezia eta gosea pairatzeko arriskua ere. Gatazkek ez ezik, klima larrialdiak eta zenbait lurraldetan genero berdintasunean egiten ari diren «atzerapausoek» ere emakumeen bizimodua zailtzen dute, NBEko Emakumeen Sailak salatu duenez. Gaur egun hamar emakumetik bat «muturreko pobrezian» bizi dela jakinarazi dute.

7,7

Emakumeek zenbat aldiz aukera gehiago dituzten gerran muturreko pobrezia pairatzeko, NBEko Emakumeen Sailaren arabera.

Ohartarazi dute gaurtik 2030era bitartean 236 milioi emakume gehiago biziko direla goseteak jota, klima krisiagatik; hots, gizonezkoak baino ia bi aldiz gehiago (131 milioi). Gainera, Bahousek azaldu du emakumeek lan gehiago egin behar dutela familiakoentzat janaria ekoizten eta ura edo erregaia eskuratzen. Horrek eragiten du denbora gutxiago igaro ahal izatea «lan ordainduetan»; lan egiteko adinean dauden emakumeen %61 baino ez daude lan merkatuan —gizonezkoak %90 dira—.

Pobre bizi diren emakumeen kopurua apaltzeko, haurrak eta adinekoak zaintzeko zerbitzu gehiago behar dira, NBEko Emakumeen Saileko zuzendariak adierazi duenez. Baita pentsio, osasun eta gizarte laguntza gehiago ere. Horregatik, herrialdeak deitu ditu bakearen eta berdintasunaren alde «inbertitzera».

Gazan, emakumeak «baztertuta»

Gazako gatazkan hildako 30.000 pertsonetatik 9.000 inguru emakumeak direla jakinarazi du Palestinako Estatistika Bulegoak. Baita zauritutakoen %75 eta desagerturikoen %70 ere. Mohammad Xtayyeh PAN Palestinako Aginte Nazionaleko jarduneko lehen ministroak salatu du halako egoeretan emakumeak «baztertuta» egon ohi direla.

Xtayyehek gogorarazi du emakumeek desnutrizio arrisku handiagoa dutela gizonezkoek baino, eta haurdun daudenak bereziki «zaurgarriak» direla —60.000 inguru daude Gazan—. «Haurdun daudenen % 15 inguruk konplikazioak izango ditu haurdunaldian edo erditzean», adierazi du jarduneko lehen ministroak. «Eta, osasun arretarik ez dagoenez, zaila izango da horiek artatzea». Aldarrikapen bat ere egin du: «Egunero izan dadila Martxoaren 8a Gazako emakumeentzat. Aske, duin, babestuta, seguru eta independentzia nazionalarekin bizi daitezen». Munduko txoko ugaritan egindako manifestazioetan izan dituzte Gazako emakumeak gogoan.

«[Gazan] Haurdun daudenen % 15 inguruk konplikazioak izango ditu haurdunaldian edo erditzean».

MOHAMMAD XTAYYEH PANeko jarduneko lehen ministroa

Ukraina ere izan dute hizpide gaur. Gerra gorabehera, Kieven elkarretaratzeak egin dituzte emakumeen eta LGTBI kolektiboaren eskubideen alde. Bestalde, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek Ukrainako emakumeak omendu nahi izan ditu: «Senideen, askatasunaren eta etorkizunaren aldeko borrokan jarraitzen baitute». Errusian ere ospatu dute Martxoaren 8a; hori dela eta, Vladimir Putin presidenteak erabaki du preso zeuden 52 emakumeri amnistia ematea. Askatutakoen artean haurdunak daude, seme-alaba adingabeen amak eta Ukrainako gatazkan parte hartzen ari direnen senitartekoak.

Abortatzeko eskubidea Europan ere bermatu nahi du Macronek

Frantzian, Emmanuel Macron presidenteak adierazi du abortatzeko eskubidea Europako Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunean sartu nahi duela. Iragan astelehenean, Frantziako Kongresuak ontzat eman zuen abortatzeko eskubidea bermatzen duen puntu bat konstituzioan txertatzea. Frantzia da bere konstituzioan halako zerbait sartu duen lehen herrialdea munduan.

Gaur, Macronek jakinarazi du berme hori Europara zabaldu nahi duela, genero berdintasuna «borroka unibertsala» dela argudiatuta: «Abortatzeko eskubidea eskubide unibertsal bilakatzen denean, oroituko dugu gaurko egunez hasi zela dena, 2024ko martxoaren 8an».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.