Gatazka ez hedatzeko eskatu diete Israeli eta Hezbollahri

Israelgo armada «edozein jokalekutarako prest» dago, eta milizia xiitak adierazi du Tel Avivi egotzitako Beiruteko erasoa ez dela «zigorrik gabe» geratuko. Ehundik gora hildako Iranen, Soleimani oroitzeko ekitaldian.

LIBANO. SALEH AL-ARURI.
Argazkiko bloke horretan zegoen Hamaseko buruzagi Al-Aruri, atzo, Beiruten. EFE
Igor Susaeta.
2024ko urtarrilaren 3a
14:00
Entzun

Israelek Gazako setioa hasi zuenean, urriaren 7an, nazioarteko eragile nagusiek kezka nagusi bat plazaratu zuten: gatazka eskualdera hedatzea, arrazoi historikoak eta geopolitikoak zirela medio. Orain areagotu egin da kezka, are beldur hori, Hamasen adar politikoko buruzagiorde Saleh al-Aruriren eta organizazio islamistako beste sei goi kargudunen hilketaren ondorioz. Libanoko hiriburuan gertatu zen, atzo iluntzean, Hezbollahren kontrolpeko eremu batean, eta milizia xiita horrek jakinarazi du, hilketa hori ez dela «zigorrik gabe» gabe geratuko, ohar batean gaur goizean nabarmendu duenez. Hamasek, PAN Palestinako Aginte Nazionalak, Libanok eta Iranek Israelgo armadari egotzi diote Beiruteko erasoa, eta Israelek iradoki du baietz, bera dela egilea, eta armadak atzo ohartarazi zuen «edozein jokalekutarako» prest dagoela. Hezbollahren idazkari nagusi Hassan Nasrallah gaur arratsaldean mintzatu da, eta ohartarazi du ez diotela «beldurrik» Israelen kontrako gerra bati.

Libanoko Gobernua, esaterako, azken orduetan ahaleginak egiten ari da egoera baretu ahal izateko. Abdala Bu Habib Atzerri ministroak adierazi du Hezbollahko buruekin elkarrizketak hasi dituztela, haiek «konbentzitzeko» Israeli leporatutako erasoari erantzun ez diezaioten. «Oso kezkatuta gaude. Libanoarrok ez dugu nahi gerra batera bultza gaitzaten», adierazi dio Erresuma Batuko BBC 4 irrati kateari. Nazio Batuen Libanorako Indar Behin-behinekoen bozeramaile Kandice Ardielek ere azpimarratu du «oso kezkatuta» daudela. Reuters berri agentziak jaso duenez, «neurritasunez» jokatzeko eskatu die alde guztiei, iritzita gatazka koska bat estutzeak «ondorio suntsitzaileak» edukiko lituzkeela «bi aldeetako herritarrentzat». Nasrallahk esan du etzi beste hitzaldi bat emango duela Gazako gerrari buruz.

Aintzat hartu behar da urriaren 7az geroztik areagotu egin direla Israelek eta Hezbollahk elkarri egindako erasoak, baina bi herrialdeen arteko mugan gertatu direla erasook. Era berean, ugaritu egin dira Iranen inguruko milizia islamistek AEBek eskualdean dituzten posizioei egindako erasoak; azken asteetan, gainera, Yemengo matxino huthiak misilak eta droneak jaurtitzen hasi zaizkie Itsaso Gorritik barrena Israelerantz doazen ontziei.

Tel Avivek ez du ez baieztatu, ez ukatu, erantzukizun konturik Al-Aruriren hilketan, baina Benjamin Netanyahu lehen ministroaren bozeramaile Mark Regevek nabarmendu du Israelek «terroristak» hil izan dituela atzerrian, iradokiz erasoaren atzean dagoela. «Urriaren 7ko sarraskiarekin lotura duten buruzagiak helburu zilegiak dira», gehitu du, AEBetako MSNBC telebista katean egin dioten elkarrizketa batean. Urriaren 7ko erasoan, 1.200 lagun inguru hil zituzten Gazako miliziek Israelen; ondorengo ia hiru hilabeteetan, 22.000 palestinar hil dituzte Israelgo indarrek Gazan.

Teheranen kritika

Gazako milizia horiek eta Hezbollahk, hain zuzen, loturak dituzte Iranekin, Ekialde Hurbileko potentzia xiita nagusiarekin, Israelen —eta AEBen— etsaiarekin, eta hango Atzerri ministro Hosein Amirabdollahianek adierazi du, X sare sozialean idatzitako mezu batean, Beiruteko erasoak erakusten duela «erregimen sionistak» ez duela lortu «helburu bakar bat ere» Gazan, «Etxe Zuriaren laguntzarekin» egiten ari den «genozidioan». Horrekin lotuta, Teheranek joan den astean adierazi zuen mendekua hartuko duela Razi Moussaviren hilketarengatik. Irango Guardia Iraultzailearen buruzagietako bat izandakoa Siriako hiriburu Damaskon hil zuten, abenduaren 25eko bonbardaketa batean, eta Israeli egotzi diote erasoaren egilea izatea.

Hain zuzen, Iranen gutxienez ehun pertsona hil dira eta dozenaka zauritu, gaur, Kerman hirian gertatutako eraso batean. Hango hedabideen arabera, bi leherketa izan dira hilerri batean; hain zuzen, Qasem Soleimani Irango Guardia Iraultzailearen buruzagiaren heriotzaren laugarren urteurrena gogoratzeko ekitaldi bat ari ziren egiten han. AEBek hil zuten 2020ko urtarrilaren 3an, drone batekin.

Inork ez du gaurko erasoaren egiletza bere gain hartu, eta agintariek jakinarazi dute gertatutakoa ikertzen ari direla. Ahmad Vahidi Barne ministro eta Irango Guardia Iraultzailearen komandanteak esan dio herrialdeko telebista kate publikoari leherketei buruzko «informazio garrantzitsua» daukatela, baina ez dutela plazaratuko egiaztatua izan arte. «Etsaiari» leporatu dio, bide batez, «operazio psikologikoak» egitea. Irango Gurutze Gorriko kide batek nabarmendu du, telebista kate berean, «segurtasun neurri guztiak» hartuak izanagatik gertatu dela erasoa.

Bestalde, Hamaseko buruzagiaren hilketa salatu nahian, Zisjordanian greba orokorrerako deia egin dute gaur, eta, Al-Jazeera Qatarko telebistak jaso duenez, mendekua eskatzen ari dira hango herritarrak. Urriaren 7az geroztik, ohi baino ohikoagoak bihurtu dira Israelgo armadak lurralde okupatuetan egindako sarekadak, eta horietako bitan bost palestinar hil zituzten atzo goizaldean, tiroz. Urriaren 7tik 325 hil dituzte.

Gazatarrak Kongora eramateaz

Israelgo larrialdi gobernua hizketan ari da Kongorekin eta beste herrialde batzuekin, erasoaldia amaitu ondoren Gazako herritarrak hara eramateko aukera aztertzeko. Hala kaleratu du The Times of Israel egunkariak gaur, gobernuko iturriak aipaturik. Gila Gamliel Inteligentzia ministroaren adierazpen bat argitaratu du, erabakia justifikatuz: «Gerra bukatzean… Ez da lanik egongo, eta Gazan nekazaritzarako erabiltzen den lurraren %60 segurtasun eremu bilakatuko da».

Itamar Ben-Gvir Segurtasun Nazionaleko ministroa palestinarrak Gazatik kanporatzearen alde agertu izan da, eta, hori dela eta, AEBek belarrietatik tira egin diote azken orduetan, iritzita adierazpen horiek «arduragabeak» direla. Eskuin muturreko agintariak X sare sozialean idatzitako mezu batekin erantzun dio Washingtoni: «Ez gara beste izar bat AEBetako banderan. Gure lagunik onenak AEBak dira, bai, baina, lehenik eta behin, Israelentzat onena zer den, huraxe egingo dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.