BOLIVIAKO KRISI POLITIKOA

Gatazkari irtenbide politikoa emateko eskatu du Armadak

Segurtasun indarrekiko liskarretan, mehatzari bat hil dute balaz eta beste bi zauritu; Mesa presidenteak Boliviara begiraleak bidaltzeko eskatu die Brasili, Argentinari eta Nazio Batuen Erakundeari

Erredakzioa
2005eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Boliviako Kongresuak Carlos Mesa presidentearen dimisioa eztabaidatu behar zuen atzo Sucren. Herrialdeak duen gatazka eta tentsio egoeraren aurrean, Boliviako indar armatuen arabera, liskarrak sortzeko arriskua dago, baina ez da gerra zibila sortzeko bezain larria. Barealdi sozial eta politiko baterako deia egin zuten, hots; gatazka bide politikotik konpontzeko. Dena den, Kongresuaren erabakia errespetatuko zutela nabarmendu zuten eta gobernu berriak Armadari protestetan parte hartzea aginduz gero, Armadak agindua beteko zuela.

Sucretik 17 kilometrora, Totacoa herrian, liskarrak izan ziren Armadaren eta protestan ari ziren mehatzarien artean. Hala, mehatzari bat hil zuten tiroz eta beste bi zauritu. Mesak Boliviara begiraleak bidaltzeko eskatu zien herenegun Nazio Batuen Erakundeari, Argentinari eta Brasili. Haren arabera, herrialdea historia modernoko krisi handienean dago eta nazioartean ere garrantzi handia du gaiak.Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidenteak Marco Aurelio Garcia nazioarteko arazoetarako aholkularia bidali zuen atzo Sucrera, Argentinako Gobernuak, berriz, Raul Alconada Sempre Atzerri ministrordea. Orain dela bi urte Gonzalo Sanchez de Lozada orduko presidentearen gobernua erori zenean, Argentinak eta Brasilek bitartekari lanak egin zituzten.Europako Batasuna ere bakea ezartzeko laguntza emateko prest azaldu da. Luxenburgoko presidentetzaren arabera, Kezkatuta dago Bolivian dagoen egoeragatik eta boliviar denei elkarrizketarako deia egin die.Boliviako Kongresua atzo bildu zen, Sucren, Carlos Mesa presidentearen dimisioa onartuko zuten edo ez erabakitzeko. Dimisioa onartuz gero ordezkoa erabaki behar zuten. Saioa 10:30ean hastekoa zen (16:30, Euskal Herrian), baina Hormando Vaca Diez Kongresuko presidenteak saioa atzeratu zuen hasi aurretik, alderdiak elkartu eta adostasun batera heldu ahal izateko.Mesak astelehenean egin zuen dimisio eskaera Bolivia bizitzen ari den gatazka egoeraren ondorioa izan da. Maiatzaren 14tik indigenen taldeek, meatzariek, ikasleek eta nekazariek kale protestak egin dituzte Bolivia osoan eta manifestariek La Paz hiriburua geldiarazi dute ia egunero, gasa nazionalizatzeko eta Asanblea Konstituziogilea sortzeko eskatzeko. Manifestariek gasa eta petrolioa nazionalizatzerik nahi ez duela egotzi diote Mesari. Horrez gainera, indigenak kontuan hartuko dituen botere banaketa berri bat eskatzen dute.

Manifestariak Sucren

Protestak direla eta, segurtasuna ez zegoela bermatuta erabaki zuen Kongresuko buruak eta saioa Sucre hirian egitea erabaki zuen. Horren aurrean, sindikatuek deituta, Oruroko eta Potosiko milaka meatzari Sucrera joan ziren protestekin jarraitzeko asmoz. Protesten antolatzaileek Sucren 1.500 eta 5.000 manifestari bitartean bilduko zirela ohartarazi zuten. Horren aurrean, segurtasun indarrak handitu zituzten Sucren.

Herenegun ere tentsio giroa nabaria zen Bolivia osoan. Izan ere, errepideen eta petrolio-ustiategien blokeoak indartu zituzten manifestariek. Nekazariek 120 errepide gune zeuzkaten moztuta eta Boliviak dituen bederatzi departamentuetako sei hiriburu moztu zituzten. Beste protesta batzuen artean, Boliviako ekialdean, Santa Cruz eskualdean, nekazariek Repsol-YPF petrolio enpresaren hiru petrolio putzu hartu zituzten manifestariek eta eguneko petrolio ekoizpena bertan behera gelditu zen.El Altoko nazioarteko aireportuko langileek greba egin zuten atzo, Kongresuari hauteskundeak aurreratzeko eskatzeko. Hala, hegaldiak bertan behera gelditu ziren. Konstituzioak agintzen duenari jarraituz, Mesa ordezka dezakeen lehena Hormando Vaca Diez Kongresuko presidentea da. Bigarren ordezkoa Mario Cossio Diputatuen Ganbarako presidentea da eta hirugarrena, berriz, Eduardo Rodriguez Justizia Auzitegi Goreneko presidentea.Vaca Diez Boliviako presidente izendatuz gero protestak gogortu egingo dituztela ohartarazi dute manifestariek. Protesten buru den Evo Moralesek, Sozialismoranzko Mugimendua (MAS) alderdiko presidenteak, hauteskundeak aurreratzeko eskatu du. Vaca Diez lurjabe aberatsa dela eta Boliviako «mafia» eta oligarkiako kidea dela salatu du. Hala, presidentetzara helduz gero MASek desobedientzia zibila bultzatzeko kanpaina bat egingo duela ohartarazi du. Manifestariek ere egoera konpondu ezean edozer egiteko gai direla esan dute.Mesak hauteskundeak lehenbailehen deitzearen alde agertu zen herenegun eta Vaca Diezi karguari uko egiteko eskatu zion. Hala, Rodriguezi eman zion bere babesa, berak bakarrik duelako hauteskundeak aurreratu ahal izateko boterea. Izan ere, Rodriguez Boliviako presidente izatera iritsiz gero, bost hilabeteren buruan deitu beharko ditu hauteskundeak. Gainera, hauteskundeak aurreratu ezean Bolivian gerra zibila has litekeela ohartarazi zuen Mesak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.