Gaur gauean oxigenorik gabe geratuko den itsaspeko baten bila ari dira Indonesian

Bali iparraldean desagertu zen, astearte gauean, eta 53 soldadu daude barruan. Oxigenorik gabe geratuko dira gaur.

jon ordonez garmendia
2021eko apirilaren 23a
11:17
Entzun

Geroz eta ordu gutxiago geratzen dira. Astearte gauean itsaspeko militar baten arrastoa galdu zuten Indonesian, Bali iparraldean, 60 miliara, eta hura erreskatatzeko lanak bizkortu dituzte gaur. Izan ere, urpekoan doazen 53 soldaduei gaur gauean amaituko zaie oxigenoa. KRI Nanggala-402 urpeko bat da desagertu dena; 1978an egin zuten, Alemanian, eta hiru urte geroago erosi zuen Indonesiak. Maniobra militarrak ari zen egiten desagertu zenean.

Joko Widodo Indonesiako presidenteak esan du behar diren baliabide guztiak erabiltzeko erreskatean. Indonesiako armadako 21 itsasontzi, hiru urpeko eta helikoptero bat ari dira itsaspekoaren bila. Yugo Margono itsas armadako buruak atzo azaldu zuen urpean sartu berri zela galdu zutela haren arrastoa, eta 72 ordurako oxigenoa duela urpekoak. Bost urpeko ditu Indonesiako armadak; bi, Alemanian egindakoak, eta hiru, Hego Korean eginak.


Militarrak mapa batean urpekoa galdu zen ingurua aztertzen, Balin. / MADE NAGI, EFE

Asteartean Euskal Herrian 22:46 zirenean urperatu zen azkenekoz ontzia. Indonesiako armadak azaldu duenez, ordu laurden geroago torpedo bat jaurtitzeko maniobra hasi zuen. 21:25ean jaso zuten azken mezua urpekotik, torpedoa jaurtitzeko baimena eman aurretik.

Komunikazioak eten ondoren, berehala hasi ziren urpekoaren bila. Lau ordu geroago, erregai orban bat aurkitu zuten itsasoan, urpekoa zebilen inguruetan. Itsas armadako buruak adierazi du uste dutela urpekoak erregaia nahita bota zuela, ontzia arintzeko, eta 50 edo 100 metrora ur azpian flotatzen egongo dela pentsatzen dutela.

Erregai biltegia apurtu izana beste hipotesi bat da; hala bada, 500 edo 700 metrora egongo direla uste dute. Singapurrek, Malaysiak, Australiak eta AEBek itsasontziak bidali dituzte inguru horietara erreskate lanetan laguntzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.