VENEZUELAKO ERREFERENDUMA. VICTOR HUGO MORALES

«Gaurko emaitzek Gobernuaren zilegitasuna berretsiko dute»

2004ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Victor Hugo Morales Bostgarren Errepublikako Mugimenduaren (MVR) sortzaileetako bat izan zen 1997an eta gaur egun Venezuelako Miranda lurraldea ordezkatzen du Legebiltzarrean. Erreferenduma ahalbidetu zuen sinadura bilketan oposizioak azpijokoa erabili zuela ziurtatzen duen arren, gaur Hugo Chavez presidentea boteretik kentzeko egingo den galdeketa «garbia» izango dela uste du Moralesek.

Inkesten arabera, badirudi Chavez izango dela garaile erreferendumean. Azkenean zer uste duzu gertatuko dela?

Erreferendumaren emaitzek Chavez presidentearen gobernuaren zilegitasuna berretsiko dute. Beraz, presidentea boteretik kentzen saiatu diren Estatuko eta nazioarteko mugimenduek erabili dituzten azpijokoen faltsukeria frogatu ahal izango da.

Kontsulta ahalbidetu zuen sinadura bilketak ere eztabaida sortu zuen. Badirudi jendeak behin baino gehiagotan sinatu zuela eta Venezuelako Fiskaltzak 10.000 «gaizkile» baino gehiago salatu ditu. Hala ere, erreferenduma egingo da. Zergatik?

Gobernuaren aurka azpilanean aritu zirenek sinadura bilketa akasteko bide guztiak erabili zituzten: hildakoen sinadurak erabili zituzten, pertsona berberaren sinadura ugari agertu ziren, eta abar. CNE Venezuelako Hauteskunde Batzorde Nazionalak Gobernuko bi kidek eta oposizioko beste bik osatuta dago bildutako sinaduren garbiketa bat egin zuen eta datuen arabera, oposizioak nekez lortu zituen erreferenduma egin ahal izateko behar zituen milioi eta erdi pasatxo sinadura. Gobernuak emaitza hau onartu egin zuen.

Erreferenduma guztiz garbia izango dela uste al duzu?

Nazioarteko begiraleek idatzita utzi zuten erabiliko den prozedura garbia izango dela.

Koordinadora Demokratikoak emaitzak besteek baino lehenago emango dituela esan du. Gainera, CNEk baino lehenago egingo duela ziurtatu du.

Koordinadora Demokratikoak (CD) ezin du Hauteskunde Batzordeak baino lehenago inolako daturik eman, Hauteskunde Batzordea baita horretarako ahalmena duen bakarra.

Nazioarteko begiraleen presentzia nahikoa izango ote da bi aldeek emaitzak onar ditzaten?

Gobernuak gonbidatu dituen ikuskariek ospe handia dute, eta horiek kudeatuko duten prozesua inpartziala izango dela espero da.

Bozketaren emaitzen ondoren, aldatu egingo al da Venezuelako Gobernuaren eta Etxe Zuriaren arteko harremana?

Ameriketako Estatu Batuekin aurrerantzean egongo diren harremanak Venezuelako subiranotasunaren errespetuan oinarrituko dira.

Oposizioarekin elkarrizketa harremana izateko prest egongo al zinatekete erreferendumean eurek irabaziko balute?

Hugo Chavez presidentea elkarrizketa bultzatzen duen gizona da, edozein pertsonarekin eta edozein baldintzatan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.