Gehiengo osoa behar du gaur Jordi Turullek Generalitateko presidente aukeratua ateratzeko. Junts Per Catalunya (JxC) eta ERCko diputatuen botoez gain, CUPekoenak behar ditu beraz. Gehiengo osorik lortu ezean, bigarren bozketa egingo litzateke, 48 ordu geroago, eta han aukeratua ateratzeko, nahikoa da gehiengo sinplea.
Gehiengo sinplerik ere ez luke lortuko, ordea. CUPen botorik ezean, Belgikan dauden Carles Puigdemonten eta Toni Cominen botoak behar dituzte horretarako; haiek ezin dute botorik eman, eta Elsa Artadi JxCko bozeramailearen arabera, legebiltzarkide akta itzuli eta beste bi izendatzeko denborarik ez du ematen 48 orduan. JxCk eta ERCk 66 boto dituzte —haietako bi Belgikan—, eta C's-k, PSCk eta PPk 65. CUPen botoak, beraz, erabakigarriak dira —gaurko bozketan CUPen hiru boto behar dira, eta 48 ordu barru egingo litzatekeen bigarren bozketan bi—.
Izendapenerako prozedura:
Hitzaldia: Jordi Turullen hitzaldiarekin hasiko da gaurko inbestidura saioa. Gobernu programa aurkeztu behar du, eta harentzako babesa eskatu legebiltzarkideei. Bozketara, beraz, lehendakaria bera ez ezik bere programa ere joango da.
Eztabaida: Hitzaldiaren ostean, taldeek eztabaidarako aukera izango dute, eta eztabaidaren ondoren egingo dute bozketa.
Erregearen sinadura: Bozketan Turull lehendakari aukeratzen badute, Felipe VI. Espainiako Erregeak sinatu beharko du izendapena —arautegian ez dago horretarako eperik zehaztuta—.
Buletina eta kargu hartzea: Behin erregearen sinadurarekin, Diari Oficial de la Generalitat de Catalunya buletinean argitaratuko dute Turullen izendapena, eta bost eguneko epean, kargu hartze ekitaldia egin beharko dute, lehendakari ofizial izateko.
Ikusteko dago prozedimentu horretan guztian zein eragin izango duen Espainiako Auzitegi Gorenak. Izan ere, Pablo Llarena epaileak biharko deitu ditu Turull eta beste lau lagun auzipetze autoaren berri emateko, eta kartzeleratuko duen edo ez jakinarazteko. Matxinada edo sedizioa egotzita auzipetu eta espetxeratuko balu, kargu publikoa behin-behinean suspendituta geldituko litzaioke Turulli, Auzipetze Kriminalaren Legeko 384 bis artikuluaren arabera.
Honela dio artikuluak, hitzetz hitz: "Behin auzipetze-autoa irmoa izanda eta behin-behineko espetxealdia dekretatuta, auzipetuak delitua egin duelako, banda armatuekin edo gizabanako terrorista nahiz matxinoekin zerikusia izanik edo horretan parte hartuta, eginkizun edo kargu publikoa betetzen ari zen bitartean, eginkizun edo kargu hori modu automatikoan etenaraziko zaio, espetxealdi-egoerak dirauen bitartean".
Bihar 10:30etarako deitu ditu epaileak sei lagunak, eta zaila dirudi ordurako presidente izendapen ofiziala egiteko urrats guztiak betetzeak.
Legebiltzarreko arautegiak dio, presidentea kargutik kentzeko, beharrezkoa dela haren kontrako zigor irmo bat, inhabilitazioarekin.
Gaurko bozketaren ostean, bi hilabeteko epea hasiko da kontatzen. Epe horretan lehendakaririk ez balego, legebiltzarra desegingo litzateke, eta berriz hauteskundeak egin beharko lirateke.
155. a, gobernua osatu arte
Espainiako Gobernuak 155. artikulua ezarri eta Generalitatean funtzioak bere gain hartu zituenean esan zuen Katalunian Gobernu berria osatzen denean itzuliko zizkiola funtzioak hari. Gobernua osatzeko lehen urratsa da presidentea izendatzea, eta hark, osatuko du gero Gobernua.
Nolanahi ere, Espainiako Gobernuak gaur zehaztu du, ez duela edozein presidentek eta edozein gobernuk balio. "President efektibo bat" behar dela oharatarazi dute Moncloatik, alegia, aukeratua ez ezik izendatua ere izan den lehendakari bat. Lehendakari horrek, gobernua osatzen duenean itzuliko dizkio haren ardurak Espainiako Gobernuak, "zuzenbidearen araberako Gobernua" baldin bada.