«Ez dut gomendatzen mugak ixtea, eta pertsonen eta zerbitzuen mugimendua ez da murriztu behar», azaldu zuen atzo Margaret Chan OMEko zuzendariak, pandemia deklaratu ondoren egindako agerraldian. Hemendik aurrera, gobernu bakoitzak bere herrialdearen egoera neurtu beharko duela adierazi zuen. Pandemia moderatua den arren, Mexikok argi ibili behar duela ohartarazi zuen Chanek: «Mexikok prest egon behar du etorkizunari begira, A/H1N1 gripea berriro itzul daiteke eta».
Hedadura geografikoaren isla
Pandemiatzat jotzeak ez du esan nahi A/H1N1 birusa orain larriagoa denik. Hori argi utzi nahi izan du OMEk. Transmisioa errazagoa da etagripea sortu den tokira bidaiatu gabe ere harrapa daiteke. Azken batean, pandemiak gaixotasunaren hedadura geografikoa islatzen du, eta ez egoeraren larritasuna. Adituen arabera, pandemiak ez du heriotza kopurua zertan handitu; ohiko gripearengatik urtero 250.000 eta 500.000 lagun artean hiltzen dira munduan.
A/H1N1 birusa Mexikon eta AEBetan azaldu zen, joan denapirilean. Hasiera batean, txerri gripea deitu zioten, txerri, hegazti eta gizaki gripearen birus konbinazioaren emaitza zelako. Hala ere, Osasunerako Mundu Erakundeak izena aldatzea erabaki zuen, txerri sektorearekin zegoen lotura hausteko.
Birusari aurre egiteko, txertoaren aldekoak dira farmazia industriak. Eta horretan dabiltza. Orain bi egun, A/H1N1 gripearen aurkako txertoa dutela iragarri zuten. Ez zekiten, baina, zenbat ekoitzi. Orain, pandemia egoerarekin, aberasteko adina txerto egiteko aukera ziurtatua dute.
Gripearen hedadura
74 herrialdetan kasuak. Munduko 74 herrialdetako 28.774 lagun A/H1N1 gripeak kutsatu ditu joan den apirilaren bukaeratik hona, Osasunerako Mundu Erakundearen datuen arabera. Gripeak jota, 144 lagun hil dira. Euskal Herrian hiru kasu baieztatu dira. Kutsatutako gehien duten herrialdeak hauek dira:AEB. 13.217 kasu.
Mexiko. 6.241.
Kanada. 2.446.
Australia. 1.307.
Txile. 1.694.
Erresuma Batua. 822.
Japonia. 518.