Israelek Gaza bonbardatu du bart gauean, "Hamasek jaurtitako suziriei erantzunez". Erasoaldian 50 bat urteko palestinar bat hil da eta bost zauritu dira, tartean hiru adingabe.
Lekukoen arabera, hainbat F-16 hegazkinek hainbat bonba jaurti zituzten Gaza hegoaldean atzo arratsaldean. Erasoa izan eta ordubete ingurura heldu zen armadaren komunikatua: "Azken asteetako erasoei erantzunez, Israelgo aire indarrek Hamasen lau postu militar bonbardatu ditu". Geroztik ustezko beste lau gotorleku ere bonbardatu dituzte, Maan albiste agentziak zabaldu duenez.
Bestalde, Israelgo iturri ofizialen arabera, Hamasek hainbat suziri jaurti zituen atzo Israelgo lurretara, baina inolako zauriturik eragin gabe.
Tentsioa, gora
NBEko Ekialde Hurbilerako ordezkari berezi Nickolay Mladenovek ohartarazi du azken eguneko erasoak 2014az geroztik gertatutako larrienak direla. "Alde biek neurriak hartu behar dituzte egoerak okerrera egin ez dezan".
Hain zuzen ere, Hamaseko buru Mousa Abu Marzouqek iragarri berri du 2014ko su-etena berriz indarrean sartzeko ahaleginak hasi dituztela Egiptoren bitartekaritzarekin.