Gaza eta etengabe gatazka izateko arriskua

Zerrendaren biharamunari buruzko galdera asko dauden honetan, jauntxokeria eta ordena sozialaren haustura zabaltzen ari dira Palestinako kostaldean. Eta inoiz ez bezalako goseteak eta kolapso sozialak bultzatuta, zenbait klan indarra hartzen ari dira.

(ID_13810157) MIDEAST ISRAEL PALESTINIANS GAZA CONFLICT
Gaza hegoaldean dagoen Khan Yunis hiriko kale bat, iragan apirilaren 22an, Israelgo armada handik erretiratu ostean. MOHAMMED SABER / EFE
Beirut
2024ko maiatzaren 9a
05:05
Entzun

Gazako zerrendaren etorkizunari buruzko eztabaidan gero eta gutxiago aipatzen da han bertan gertatzen ari dena. Ordezkari politikoek eta analistek ez dute lortzen argi jakitea nola dagoen oraintxe Palestinako enklabea, eta hipotesi artean katigatzen dira, argitu nahian zer-nolako autoritatea ezarri ahalko den lurraldean armak isildutakoan eta hautsa garbitutakoan. Baina, egiatan, gerraren ondoren ia inoiz ez da bakerik izaten. Edo ez behintzat berehalakoan.

Batzuk beldur dira Gazaren biharamuna ez ote diren nagusi izango kaosa, jauntxokeria eta ordena sozialaren haustura, joera hori zabaltzen ari baita jada Palestinako kostaldean. Azkeneko asteetan, gatazka ez aurrera ez atzera dago —Israelgo Gobernua eta Hamas elkarren aurka ari dira borrokan, bizirik irauten saiatzen diren bitartean—; horrek erakusten du lurraldea gobernaezina dela eta nork gobernatu ere ez duela. Israelek ez du nahi Hamasek inongo eginkizunik izaterik etorkizuneko Gazan, eta iragan urriaren 7tik kanpaina militar bat hasita dauka milizia palestinarraren baliabide militarrak deuseztatzeko, baita miliziak lurraldea administratzeko duen gaitasuna suntsitzeko ere.

Israelgo armadak Gazan egindako bonbardaketa —Bigarren Mundu Gerratik izan den handiena, Robert Pape gerra historialari estatubatuarraren arabera— Hamasen gobernantzarekin zerikusia duen guztiaren kontrakoa da, baita Segurtasun Orokorraren mendeko polizia xeheen kontrakoa ere. Poliziak —zenbait iturrik diotenez— uko egin dio konboi humanitarioak eskoltatzeari, zenbait lankide hil baitira metrailak jota —haietako batzuk Hamaseko kideak ziren, eta beste batzuek ez zuten zerikusirik taldearekin—. Poliziak, orain, kamioiak zaintzekotan, uniformea jantzi gabe eta armarik eraman gabe zaintzen ditu, horrek Israelgo indarren jopuntu bihurtzen baitzuen, eta disuasio ahalmena kendu.

Inoiz ez bezalako goseteak eta kolapso sozialak bultzatuta, zenbait klanek konboi humanitarioak arpilatzeari ekin diote, eta haien aurkako estortsioa egiteari. Berriki Gazan operazio humanitarioetan aritutako langile batzuek prentsari aitortu diote, modu anonimoan aitortu ere, erasoka aritu zaizkiela Palestinako lurretan. Klan horiek ekonomia kontrolatzen dute merkatu beltzaren bitartez, han saltzen baitituzte arpilatutako produktuak. Lurraldean eragin handia dutenez, akordioak egiten dituzte talde humanitarioekin: dirua edo kargaren parte bat emateko eskatzen diete, eta, trukean, kamioiak libre mugitu ahal izango direla bermatu.

OCHA Gai Humanitarioetarako NBEren Bulegoak azken txostenean ohartarazi duenez, Israelek misio humanitario gehienei sarbidea ukatu izanak are gehiago larritu du Gazakoen desesperazioa, eta «giro aldakor eta segurtasun gutxiko bat» sortu lan humanitarioetarako. Ikerketan ez dituzte bereizi jendetza gosetuak egindako erasoak eta banda antolatuek eginiko harrapakeriak, eta hau ondorioztatu dute: «Hilabeteetan gatazka armatu larria izan denez, ordena eta legea hankaz gora daude Gazan». Txostenean diotenez, konboien aurkako «indarkeria eta lapurretak» areagotu egin dira azken hilabetean.

Gazako lan humanitarioetan dabiltzan zenbait iturrik BERRIAri berretsi diote klan batzuk kamioiei bidea oztopatzen saiatzen direla haiek Rafahtik iparralderantz ateratakoan —hain justu, hiri hori da Israelek laguntza humanitarioa sartzen uzten duen leku bakarra, tantaka sartu ere, eta itxia du bere lurretatik zerrendako iparraldera sartzeko bidea—.

Nolanahi ere, nabarmendu dutenez, Gazan janaria banatzeko orduan beste zerbaitek kezkatzen ditu gehiago talde palestinar horiek baino: oso arriskutsua dela lurraldean ibiltzea, Israelgo agintariek uko egiten diotelako mugimendu horiek baimentzeari. Zenbait erregistroren arabera, laguntza humanitariorako lekualdaketa eskaeren %26 baino ez ditu onartzen Israelek, eta World Central Kitchenekoei gertatutakoak erakusten du horrek ere ez duela ezer segurtatzen, behar bezala identifikatuak baitzeuden, eta Israelekin koordinatuak.

Ez Al-Fatah, ez Hamas

Joe Biden AEBetako presidentearen administrazioak Israelgo gerra gobernuari eskatu dio ez dezala Gaza okupatu borrokak bukatutakoan, eta plan bat prestatu dezala erabakitzeko nor arduratuko den enklabeaz; Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, ordea, uko egin dio lehenengo eskaera betetzeko konpromisoa hartzeari eta bigarrenaren inguruan ezer esateari.

Argi dago zein den gobernuko kideen jarrera nagusia, lider israeldarren arteko desadostasunak gorabehera —gerran parte hartu bitartean, lider horiek kalkulatzen ari dira zenbateraino gai diren agintetik kentzeko Israelen hamarkadetan izan den gizonik boteretsuena—. Israelek ez du nahi Gazan Hamas egoterik, baina ezta Al-Fatah ere —Netanyahuk 2019an esana zuen ez zuela modurik emango sekularrak zerrendara bueltatzeko—, eta UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoa ere ez, zeina gazatarren euskarri sozioekonomiko nagusia baita. Baina, orduan, nork beteko du hutsunea?

Israelgo armadak eta zerbitzu sekretuek aukera hau ere aipatu izan dute: enklabearen gobernabidearen parte bat bertako klanen esku uztea, haiei boterea eta armak emanez. Israelen arabera, familia tradizional handi horiek administrazio zibilaz arduratuko lirateke, eta laguntza humanitarioa banatuko lukete beren eraginpean dituzten zerrendako eremuetan. Klan horietako batzuk armatuta daude dagoeneko, eta elkarren kontra arituak dira iraganean.

«Uste dut ondoriozta daitekeela Israelek gaur egun Zisjordaniako egoeraren antzeko zerbait sortu nahi duela Gazan».

MKHAIMAR ABUSADAZientzia Politikoetako irakasle elkartua

AEBetako zenbait ofizialek ere jakinarazi dute Israel prest dagoela segurtasun pribaturako nazioarteko enpresa batzuk kontratatzeko, gero haiek Gazako zerrendan hedatu daitezen. Esan dutenez, Israelgo agintariek nazioarteko enpresa ezagun batzuetara ere jo dute, faktura beste herrialde batzuek ordain dezaten. Aukera polemikoa da.

Etxe Zuriarentzat lan egiten duten kontratista pribatu batzuei, hain zuzen, leporatu diete zibilen aurka su egitea zenbait alditan Iraken eta Afganistanen. Palestinarren artean barne zatiketak eragiteko estrategia du Israelek aspalditik, horrela bake prozesurik egin behar ez izateko. Orain, Israelek Gazan pilatu asmo dituen elementuak mehatxu bat dira zerrendarentzat, etengabeko gatazka eramango baitute lurraldera.

Mkhaimar Abusada Zientzia Politikoetako irakasle elkartua da Al-Azhar unibertsitate desagertuan, Gaza hirian. Haren ustez, «inozokeria» hutsa da zerrendako auzi zibilak lurraldeko klanen esku uztea. «Klan horiek ezin dira arduratu Gaza berreraikitzeaz, bi milioi pertsonaren osasunaz edo milioi erdi lagun baino gehiagoren hezkuntzaz», ohartarazi du Abusadak —Kairon dago erbesteratua—. «Ez daude prestaturik horretarako, eta ez dute inoiz halako ezer egin». Irakasleak onartu du klan horiek bake sozialaren aldeko lanean arituak direla liskarrak konponduz, baina esan du sekula ez direla trebatu eginkizun politikoak hartzeko.

Trebakuntza faltaz gain, borondatea ere falta dute, dirudienez. Iragan urtarrilean, klanen kontseilu batek komunikatu bat egin zuen, Hamasek ere babestua: uko egin zioten gatazka bukatutakoan Israelgo Estatuarekin elkarlanean aritzeari. Badakite Gazan traidoretzat hartuko lituzketela. Zerrendan inoiz ez bezalako egoeran dauden arren, elementu batzuk aurrez ere ikusiak dituzte. «1967tik aurrera ere, Israelen okupazio urteetan, Israel bera saiatu zen klanei boterea ematen», gogoratu du Abusadak. «Baina Israeli lagundu zioten gehienak hil egin zituzten Palestinako lehenengo Intifadan».

Klanen jarrera ofiziala gorabehera, susmoa dago ofizial israeldarrak eta talde palestinar horietako ordezkariak negoziazio lanetan ari direla. Joan den martxo erdialdean, salatu zuten Hamasek Doghmux klaneko burua hil zuela —Gazako klanik boteretsuenetako bat da—, ustez laguntza humanitarioa harrapakatzea eta Israelekin hizketan aritzea leporatuta. Doghmux klana Islamaren Armada izeneko milizia batekin dago lotuta, eta AEBek «talde terroristatzat» daukate milizia hori. Doghmux klana armen trafikoan ere ibili da, baita zenbait bahiketatan parte hartu ere: BBCko kazetari bat bahitu zuen 2007an (Alan Johnston), eta Israelgo soldadu bat 2006an (Gilad Shalit).

Israelgo Gobernuak ez du argitu zer asmo duen Gazarako, baina Abusadak puzzlearen piezak elkartu ditu, eta badu arrastorik: «Uste dut ondoriozta daitekeela Israelek gaur egun Zisjordaniako egoeraren antzeko zerbait sortu nahi duela Gazan». «Desberdintasun bakarra hau da: palestinarrei oinarrizko zerbitzuak emateaz ez dela Palestinako Aginte Nazionala arduratuko, baizik eta klanak. Gainerakoan, Israelgo armada zerrendako eremu populatuen kanpoaldean geratuko da aurrerantzean ere, Zisjordanian bezala, eta nahi duenean sartu-irten militarrak egingo ditu jendea atxilotu edo hiltzeko, egunero Jeninen, Nablusen eta Tulkaremen egiten duen bezalaxe».

«Klan horiek ezin dira arduratu Gaza berreraikitzeaz, bi milioi pertsonaren osasunaz edo milioi erdi lagun baino gehiagoren hezkuntzaz».

MKHAIMAR ABUSADAZientzia Politikoetako irakasle elkartua

Hori nahi du Israelgo eskuinak, baina badirudi nazioarteko komunitatearen parte batek nahiago lukeela koalizio bat osatzea eskualdeko zenbait herrialderen artean; hala, Gaza egonkortu egingo litzateke, eta bidea urratuko lukete Palestinako Aginte Nazionala itzul dadin berriz. Abusadak kontatu du «zurrumurruak» entzun dituela aukera horren inguruan, eta hori bat dator Reham Owda analista gazatarrak artikulu batean iragarri berri duenarekin: «Irtenbide pragmatiko horri esker, Palestinako Aginte Nazionalak ez luke lotsatuta bueltatu beharko Gazara Israelekin zuzeneko lankidetzan aritzera».

Zehaztasunik eza, kaosa eta bakartzea

Yehya Sinwar atxilotzea lortuko balute, Hamasen Gazako burua eta ustez Khan Yunisen ezkutatua dagoena, Israelgo agintarientzat lorpen handia litzateke, eta garaikur gisa erakutsi ahalko liekete herritarrei. Baina badirudi Hamas Gazako zerrendatik desagerraraztea –hori baita Israelen kanpainaren helburu ofiziala– ezinezkoa izango dela.

Israelek milioi erdi soldadu eta erreserbista baino gehiago ditu: Hamasek baino askoz gehiago, hark 40.000 baino ez baititu. Armada erregularra izatea alde batera utzita, ordea, Hamas ondo sartuta dago Gazako ehun sozialean: «Ez dago modurik Hamas talde gisa desagerrarazteko», iragarri du Abusadak. «Gazako biztanleen %20 Hamaseko kideak edo haren jarraitzaileak dira».

Hamasek aitortu du urritik gutxienez 6.000 borrokalari hil direla, eta taldearen ospeak behera egin du nabarmen enklabean. Azken batean, palestinar askorentzat, urriaren 7an Israeli egindako erasoaren ondorioz bukatu da Palestinan nolabaiteko autogobernua izan deneko garaia, orain Israelek berriz okupatu baitu zerrenda. Baina Palestinako gizartearen ikertzaile batzuek iragarri dute ameskeria hutsa dela Hamasek ordezkatzen duen hori guztia erabat desegitea, eta aurrerantzean ere izango direla Israelen aurkako erresistentzia ekintzak, gerrilla gisakoak.

Baina borroka guztiak ez dira Israelen kontrakoak izango. Izan ere, hasita dago gatazkaren ostean Gazan boterea eskuratzeko barne borroka. Hamasek Palestinako Aginteko zenbait kide atxilotu ditu zerrendan, eta espero izatekoa da bizirik irauten duen milizia zatiak segituko duela ahaleginak egiten arerio politikoei aurre egiteko, izan Palestinako Agintea edo izan boterea lortzeko asmoa duen beste edozein talde.

Gaza itotzeko arriskuan da, kanpoko eta barneko borroka artean. Abusadak, Kairoko erbestetik, atsekabez esan du zerrenda «kaosera eta bakartzera» kondenatuta egongo dela etorkizuneko zehaztasunik ezaren ondorioz. Hamas desagerraraz daitekeelako tesian Israelekin bat egiten duten nazioarteko ordezkariak entretenituta egongo dira aurrerantzean ere, enklabearen biharamunerako jokaleku ezinezkoak marrazten. Bitartean, ia bi milioi pertsona kanpadendetan bizi dira, nekez bizi ere, eta litekeena da 40.000 baino gehiago hil izana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.