Bihar goizera arteko epea daukan su-etena bete egin da bigarren egunez Gazan. Orduak igaro ahala, gero eta herritar gehiago atera dira karrikara, eta Israelen 28 eguneko erasoaldiak sortutako hondamendiaren neurria egiaztatu dute. «Zer erranen diet nire emazteari eta seme-alabei? Ez dut nahi hau ikus dezaten; erotu eginen dira», adierazi dio Maan agentziari Khayri Hasan al-Masri herritarrak, Beit Hanun hirian gibelean utzitako etxea suntsituta ikustean. Hiriak txikituta eta argindarrik eta urik gabe daude, baina Gazaren berreraikuntza eta hornikuntza Kairoko negoziazioen menpe gelditu da, Israelek ez baitu nahi ezta zementua sartzea ere, ez bada Hamas eta bertze miliziak desmilitarizatzearen truke. «Erresistentziari armak kendu nahi dizkion edonor hilko dugu», erantzun du Izzat al-Rixq Hamaseko negoziatzaileak, AP agentziak bildu duenez.
Gazako herritarren etorkizun hurbila, beraz, Kairon erabakiko da datozen orduetan. Israelgo Gobernuaren eta alderdi palestinarren ordezkaritzak Egiptoko bitartekaritzarekin ari dira negoziatzen, aurrez aurrekoa saihestuta. Sameh al-Xukri Egiptoko Atzerri ministroak adierazi du «saialdi serioak» egin direla «puntu eztabaidagarrienak» mahai gainean paratzeko. Gazako milizien desmilitarizazioa —Israelek exijitua— eta blokeoaren bukaera —Hamasek eta bertze alderdi palestinarrek exijitua— lirateke horiek. Israelgo hedabideek herenegun argitaratu zuten Egiptok Hamasi erran ziola alderdi islamistak aurkeztutako eskakizunak ezin zirela eztabaidatu. Al-Rixq Hamaseko negoziatzaileak ukatu egin zuen hori.
Netanyahuren agerraldia
Al-Xukri Egiptoko Atzerri ministroak ere hedabide horiek argitaratutakoaz bertzelakorik erran du: «Gazako herritarren beharrei dagokien auzi oro konpondu behar da: berreraikitzea, mugak irekitzea, Israelek blokeoa kentzea eta bermeak jartzea horrelako gatazka militar bat berriz ere ez gertatzeko». Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ere agerraldia egin du prentsaren aitzinean. Meniari eusteko prest agertu da, eta «negoziazio serioak» hasi direla erran du. «Negoziatzaileei lagundu beharko genieke su-eten egonkor bat lortzeko». Reuters agentziak iluntzean argitaratu zuenez, Tel Aviv «prest» dago bihar bukatzekoa den menia luzatzeko. Israelgo iturri ofizial anonimo bat aipatu zuen Reutersek.
Dena den, Netanyahuk termino gogorrekin babestu du Gazaren aurkako 28 eguneko erasoaldia, eta zibilen hilketen erantzukizuna Hamasi egotzi dio bertze behin. Gazaren bonbardaketa eta inbasioa «justifikatua eta proportzionala» izan dela erran du. Nazioarteari eskatu dio Gazako milizien desmilitarizazioan paratzeko arreta.
AEBak eta desmilitarizazioa
John Kerry AEBetako Estatu idazkariak, bederen, egunotako joerari jarraikiz, bere mezuaren erdigunean paratu du desmilitarizazioa. BBC kateari emandako elkarrizketan, Kerryk erran du bat egiten duela palestinarrek «askatasun handiagoa eta bizi-maila on bat» izateko eskubidearekin. «Baina, horretarako, ardura handiagoa erakutsi behar dute Israelekin. Horrek erran nahi du suziriak entregatu behar dituztela».
Lau astean 1.885 palestinar hil ditu Israelek Gazan —67 israeldar hil dira; 64, militarrak—, eta lurraldea suntsituta eta baliabiderik gabe utzi du. «Ez dugu onartuko Palestinako herriak egindako sakrifizioekin bat etorriko ez den akordiorik», argi utzi nahi izan du Al-Rixq Hamaseko negoziatzaileak.
Gaza, Kairoko berrien esperoan
Egiptoren arabera, «saialdi serioak» egin dira Israelen eta palestinarren arteko negoziazioetan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu