Kontuan hartuta Gazan duela urte eta erdi hasi zuen setioa handitzeko asmoa duela Israelek, Hamasek uste du ez duela zentzurik su etena negoziatzen jarraitzeak. Hain zuzen, negoziazio horietan bitartekari ari dira Qatar eta Egipto —AEBekin batera —, eta biek ala biek gaur adierazi dute negoziatzen segitu beharra dagoela Israelek ezarritako blokeoaren ondorioz zerrendan areagotutako «inoiz ez bezalako» krisi humanitarioa amaitzeko. Bi herrialdeek ohar bateratu batean nabarmendu dutenez, krisi hori bukatzeak ekarriko lituzke «tregoa oso eta iraunkor baterako baldintzak».
Israelek astelehenean eman zuen bere asmoen berri, eta talde islamistak atzo erantzun zion. Eta atzo arratsaldean, hain zuzen, Majed al-Ansari Qatarko Atzerri ministroak agerraldi bat egin zuen Dohan, eta azpimarratu bitartekariek aurrera segitzen dutela menia bat negoziatzeko ahaleginean, «zailtasunak gorabehera». Elkarrizketa horiek etenda daude apiril amaieratik. Bide batez, Al-Mansarik «nazioarteari» eskatu zion «presio egiteko», modua egon dadin zerrendara laguntza humanitarioa eramateko. Tel Avivek joan den martxoaren 2an ezarri zuen blokeoa —lehen ere kostata sartzen zen—, aitzakia gisa jarrita Hamas laguntza horretaz baliatzen dela.
Horren guztiaren harira, Qatarrek eta Egiptok salatu izan dute Israelek «oztopoak» jarri izan dituela laguntza humanitarioari sarbidea emateko orduan. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Qatarri belarrietatik tira egin izan dio horregatik, eta Qatarrek erantzun dio «arduraz» joka dezala. Ekialde Hurbileko herrialdeetako hedabideek azken orduetan negoziazioetako iturriak aipatuz kaleratu dutenez, Qatarrek eta Egiptok proposatu nahi dute AEBek banatzea laguntza humanitarioa, ez Israelek. Volker Tuerk OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen goi mandatariak Israelen asmoak kritikatu ditu gaur, eta ohartarazi zibilak «arrisku bizian» egongo direla. «Txikizio handiagoa, deshumanizazio handiagoa; besterik ez dugu ikusten», esan dio AFP France-Press berri agentziari, elkarrizketa batean. Zerrendan laguntza emateko ahaleginean ari diren NBEren agentziek eta GKE gobernuz kanpoko erakundeen esanetan, egoera «katastrofikoa» da.
Erasoa Libanori
Israelek gupidarik gabe Gazari eraso egiten segitzen du, eta, hango osasun iturriek jakinarazi dutenez, gaur Gaza iparraldeko eskola baten, jatetxe baten eta merkatu baten kontra egindako bonbardaketa batean 79 pertsona hil ditu. Eskolak, hain zuzen, aterpe gisa erabiltzen dituzte Israelen setioaren ondorioz zerrenda barruan desplazatu behar izan duten palestinarrek. Gainera, zerrendako beste leku batzuk ere bonbardatu ditu Tel Avivek, eta, hango iturri ofizialen arabera, guztira 105 pertsona hil.
Gazari soilik ez, Libanori ere eraso egin dio Israelek azkeneko orduetan. Iturri militarrek ohar batean adierazi dutenez, ibilgailu baten kontrako aire eraso bat egin du Sidonen, herrialdearen hegoaldean, eta Hamasen buruzagi bat hil du. Libanoko iturri ofizialek ere baieztatu dute erasoa, baina ez dute esan talde islamista horretako kidea denik hildakoa.
Eta atzo gauean ere Libanoko beste puntu bat bonbardatu zuen Israelek, eta adierazi eraso horretan Hezbollahko buruzagi bat hil zuela.
Yemengo huthiek eta AEBek atzo iluntzean iragarri zuten su eten bat izango zela, baina biek ondoren zehaztu zuten meniak Itsaso Gorriko erasoei bakarrik eragiten diela. Eta matxinoen negoziatzaileen buru Mohammed Abdulsalamek gaur Reuters berri agentziari jakinarazi dionez, tregoak ez du barne hartzen Israelen kontrako erasoak etetea. Horren harira, Abdulsalamek berak goizaldean Al Masirah telebista katean ondorioztatu du AEBek onartu dutela «yemendarrek» palestinarrei babesa ematen segitzea. «Ez dugu jarrera aldatu. Palestinarrak babesten segituko du, eta [Israelen] erasoari erantzuten».Yemengo meniak ez du barne hartzen Israeli eraso ez egitea
Ia bi hilabeteko tartean, AEBek ia mila eraso egin dituzte Yemenen aurka, eta 250 hildako inguru eragin. Washingtonek argudiatu du huthiak eraso egiten ari zirela Itsaso Gorritik igarotzen diren zamaontziei —urtarriletik ez dute halakorik egin—, baita Israeli ere. Eta huthiek Israeli bezala, Israelek ere eraso egin die matxinoei. Atzo, esaterako, Yemen osoa bonbardatu zuen: lau pertsona hil zituen, eta 39 zauritu.
Bonbardaketa horiek Sana hiriburuko aireportua ere kaltetu zuten —huthien menpe dago—, eta hango zuzendariak sare sozialetan azpimarratu duenez, azpiegiturak kalte handiak nozitu ditu, eta, horrenbestez, hegaldi guztiak bertan behera utzi dituzte. Zuzendariak berak zehaztu du eraso horien ondorioz 500 milioi dolarren —440 milioi euro inguru— galerak edukiko dituztela.