Gazan dagoen zentral elektriko bakarrean lan egiteari utzi behar izan diote, erregai faltaren ondorioz. Hamaseko agintariek esan dute Israelen blokeoarengatik itxi behar izan dutela zentrala, eta Gazari «bizkarra ematea» leporatu diote. Lurraldean kontsumitzen den elektrizitatearen %35 ekoizten zuten zentral horretan. «Elektrizitate iturri nagusia eta funtsezkoa galdu dugu Gazan, eta energia hornidura falta larria jasaten ari gara», adierazi du Ahmed Abur al-Amrin gobernuko energia arduradunak.
«Ospitaleen beharrizanak ezingo dira bete», ohartarazi du Al-Amrinek. Besteak beste, ura ponpatzeko eta urak tratatzeko arazoak izango dituztela gaineratu du, eta zentralaren itxierak hezkuntzan nahiz azpiegituretan eragina izango duela.
Azken hilabetean kontrabandoko erregaia erosten zuten Gazako agintariek, eta Egiptotik sartzen zuten, Israelek baino merkeago saltzen baitzieten diesela, baina iturri hori moztu egin zaie. Hilabetea da PAN Palestinako Aginte Nazionalaren bidez Israeli erregaia erosteari utzi ziola Hamasen gobernuak. Bitarte horretan, Sinaiko tuneletatik egunero 300.000 eta 400.000 litro artean sartu dituztela dio NBE Nazio Batuen Erakundeak.
Hamasek ez dauka harreman zuzenik Israelekin, eta PANen bidez erosten dio erregaia Tel Avivi. Baina, Hamasek PANi ordaintzeari utzi dionez, azken honek ez dio Israeli erregairik erosi Gazarako. Zailtasun ekonomiko larriak jasaten ari da Ramala, eta Gazako erregaiaren kostua ezin du bere gain hartu.
Egiptori eskaera
Zentral elektrikoak sortzen du Gazan kontsumitzen den elektrizitatearen %35, eta gainontzekoa Egiptok eta Israelek saltzen diote. Ismail Haniye Gazako Gobernuko buruak Egiptori energia gehiago saltzeko eskatu dio, eta Kairok baiezkoa eman dion arren, oraindik ez du hitza bete. Atzo Gazarekin duten «ardura» gogorarazi zioten Egiptori.
2009an utzi zion Europako Batasunak Gazako zentral elektrikorako erregaia erosteko diru laguntza emateari. Ordutik hainbatetan itxi behar izan dute. Horrez gain, 2006an Gilad Shalit soldadua bahitu zutenean Israelek bonbardatu egin zuen Gazako zentral elektriko bakarra.
Gazako zentral elektrikoa itxi dute, erregai faltagatik
Gazan kontsumitzen den elektrizitatearen %35 ekoizten zen han; energia faltaren arazoa larritu egin da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu