«Egoera apokaliptikotzat jo dute nire lankideek, eta areagotzen ari da gerra krimenen arriskua». NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideetarako goi ordezkari Volker Tuerkek egin ditu adierazpenok; eta zenbait adibide jarri ditu: «Israelek jarraitzen du Gazako zibilak etengabe bonbardatzen». Gerra krimen horiek egitea saihesteko neurriak «berehala» hartzeko eskatu die aldeei, baita horien gainean «influentzia» duten herrialdeei ere. Dena den, Tuerken arabera, irtenbide bakar batek eman diezaioke bukaera sarraskiari: Israelek okupazioa amaitzea, eta bi estaturen konponbidea indarrean jartzea.
Gaza iparraldeko lehorreko operazioa amaituta, Israelgo armadak zerrenda hegoaldera zabaldu ditu bere tropak. Soldadu israeldarrak Khan Yunis esparruan sartu ziren atzo, eta, ordutik, borroka bortitzak izaten ari dira hiriaren erdigunean. Israelgo armadak jakinarazi duenez, zerrenda osoan 250 «helburu terroristari» egin diete eraso atzotik gaur goizaldera artean.
Gudu zelai bihurtzen ari dira Gaza hegoaldea ere, eta, horregatik, Israelgo armadak esan die hor bizi diren gazatarrei zenbait eremutatik joateko, Salah al-Din errepidea ez erabiltzeko —zerrenda gurutzatzen du—, eta eurek agindutako eremuetan babesean jartzeko. Urriaren 7az geroztik, 1,9 milioi gazatarrek —2,3 milioi dira guztira— beren bizitokiak utzi behar izan dituzte, Tuerkeren arabera. Besteak beste, ospitaleetan eta nazioarteko erakundeen egoitzetan bilatzen dute babesa ehunka milaka lagunek. «Eremuak gero eta txikiagoak gelditzen ari dira, gero eta jende gehiago pilatzen ari da horietan, eta baldintzak erabat osasungaitzak dira», esan du NBEko Giza Eskubideetarako goi ordezkariak.
Joan den ostiralean bukatu zen Israelen eta Hamasen arteko menia, zeinak zazpi egun iraun zuen. Horrek bide eman zuen laguntza humanitarioa zerrendan sartzeko, baina, su etena bukatuta, elikagai, edateko ur eta osasun baliabideen eskasia gero eta handiagoa da berriro ere. Kasurako, zerrenda hego-erdialdeko Al Aqsa ospitaleko langileek jakinarazi dute erregairik gabe gelditzear direla laster.
Zenbait gobernuz kanpoko erakundek egunotan salatu dute «Gazan jada ez dago eremu segururik». Gazako Osasun Ministerioaren azken datuen arabera, 16.300 palestinar inguru hil ditu Israelek; adingabeak dira horietatik 7.000 baino gehiago.
Nazio Batuen Agiriko 99. artikulua
NBEko zuzendari nagusi denetik lehen aldiz, Nazio Batuen Agiriko 99. artikulura jo du Antonio Guterresek; Segurtasun Kontseiluari eskatzeko Gazan su eten humanitario bat ezartzeko presioa egin dezala. Hain justu, «nazioarteko bakea eta segurtasuna arriskuan jarri dezakeen afera bat» NBEko Segurtasun Kontseiluak «arretaz aztertu dezan» eskatzeko erabili daiteke artikulu hori.
Tel Avivek hainbatetan esana du ez duela Gazan «menia iraunkor bat» ezartzea adosteko asmorik. Halere, beste su eten bat eskatzen dute oraindik ere bitartekariek eta zenbait herrialdek eta erakundek. Txina izan da hori egiten azkena. AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkari Antony Blinkenekin hitz egin du gaur Txinako Atzerri ministro Wang Yik, eta esan dio «ahalik eta lasterrena su eten bat adostea» dutela orain lehentasuna.
Eskakizun bera egin du Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellek; eta menia bukatu izanagatik «etsituta» dagoela esan dio Erresuma Batuko lehen ministro Rishi Sunakek haren Israelgo homologo Benjamin Netanyahuri. Hori bai, su etenik gabe Hamasek ez dituelako gaitbuak askatuko.
Bestalde, Arabiar Emirerri Batuetan izan da gaur Errusiako presidente Vladimir Putin, eta Saudi Arabiara joatekoa da gero. 2019az geroztik Ekialde Hurbilera egiten duen lehen bisita da.