Gazako ekintzaileak ez ezik zibilak ere jomuga izango dituzten zigor neurriak ezartzeko planari herenegun eman zion oniritzia Israelgo Defentsa Ministerioak. Zehaztu zuenez, datozen egunetan hasiko zaio eskualdeari argindarra eta erregai hornidura eteten, erresistentzia palestinarrak Israelgo jomugen aurka Al Kassem koheteak jaurtitzen dituen aldiro. Zigor neurriak ezartzearen inguruko erabakiak gertaeren arabera hartuko dituztela zehaztu zuen.
KRISIA GORA ETA BEHERA. Horiek hala, Gazan giza hondamendia izatea eragotziko duela eta ospitaleei argindarra ez diela kenduko azaldu du Israelgo lehen ministro Ehud Olmertek, Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasekin Jerusalemen atzo eginiko bileran: «Ez dut lagako Gazan giza hondamendia gertatzea».
Alabaina, krisia gertatzen ari da. Gaza hiriko ospitale nagusian ebakuntzak egiteari utzi diote, Israelek ezarritako blokeoaren ondorioz. Gainera, Israelgo armadak mugak ixten eta erasoak egiten segitzen du. Aste honetan 77 urteko gizonezko bat hil da, Israelgo ospitale batean artatua izateko baimena izaki ere soldaduek bitan atzera bota dutelako hura zeraman anbulantzia. Medikuntza arloko oztopo eta estutasunez gain, estutasun ekonomiko handian bizi dira Gazan, eta, horrez gain, Israelgo armadak tantaka-tantaka palestinarrak -zibilak nahiz ekintzaileak- hiltzen jarraitzen du. Atzoko lau ekintzaileez gain, asteartea eta osteguna bitartean sei palestinar hil zituen. Gainera, Nakab basamortuan (Israelek 1948an okupatua) dagoen Ktziot kartzelan izandako matxinadan zauritu zuen preso palestinar bat hil da aste honetan.
Zisjordania ez da zapalkuntzatik at geratzen; atzo 14 palestinar atxilotu zituzten soldaduek Nabulus, Janin eta Ramalan.
KONFERENTZIA PRESTATZEN. Azaro erdialdean AEBek bultzatuta Ekialde Hurbilaz egingo duten konferentziaren aurretik deklarazio bateratua atondu nahi dute Olmertek eta Abbasek. Hori ere izan dute eztabaidagai Jerusalemgo bileran. Halere, xede horretan ez dute aurrera egin. «Inork ez zuen bilera honetatik eta beste batzuetatik aurrerapen esanguratsurik espero», nabarmendu du Olmerten eledun David Bakerrek.
Olmerten asmoa deklarazio bateratuan soilik oinarri orokorrak aipatzea da, baina Abbasek gatazkaren puntu nagusiak azaltzea galdegiten du, besteak beste: errefuxiatuen itzulera eskubidea bermatzea, estatu palestinarra sortzea, kokagune juduak desegitea eta Jerusalemen estatusa finkatzea. Eta bake prozesua gauzatzeko egutegia zehazteko exijitzen du.
Kilometro adina
sufrimenduBanaketa hesiarekin palestinarrei lur gehiago kentzen ari zaie Israel, eta xede horrekin egiten ari da hesia luzatzeko aldaketak.
juanma sarasola
Palestinako lurretan Zisjordanian barrena 2002tik eraikitzen ari den banaketa hesiari hainbat aldaketa egiten ari zaio Israelgo Gobernua. Gehienetan palestinarrek edota atzerriko behatzaileek nahiz israeldar kritikoek ematen dute horren berri, baita salaketak auzitegietan eta nazioartean jarri ere. Oraingoan, ordea, Israelgo Defentsa Ministerioak berak argitaratu du hesiaren ibilbidearen mapa berria; joan den irailean, hain justu. Azkenekoz duela urte eta erdi argitaratu zuen mapa. Aldaketak aldaketa, hesia legez kanpokoa dela dion Nazioarteko Justizia Auzitegiaren 2004ko ebazpena bete gabe segitzen du Israelek.
2006ko apirilean plazaratu zuen maparekiko aldaketa handiak ageri dira oraingo bertsioan. Bai hesiaren luzeran bai bakartuta uzten dituen lur palestinarren eremuan. Oraingo mapa iragan apirilean onartu zuen Tel Avivek.
Mapa berriari jarraiki, Tel Avivek segurtasun hesia eta palestinarrek eta ahots kritikoek -israeldar batzuk tartean- Apartheid hesia deitzen dutenak izan dituen azken aldaketen ondorioz, %28,5 lur gehiago geratuko dira hesiaren eta 1949ko armistizio lerroaren (Lerro Berdea) artean bakartuta.
2006an bakartutako eremua 555 kilometro koadrokoa zen, eta orain 712,9 kilometro koadrokoa. Horrez gain, hesia luzatzen ari da Israel, eta 67 kilometro luzatu ditu, hots, iaz baino %9,5. Hala, orain 770 kilometroko luzera du.
Tel Aviveko gobernuak murruari bi aldaketa nagusi egin dizkio iaztik hona. Batetik, Jordan haranaren hegoaldean, Belen eta Hebrongo barrutietatik ekialdera, 53,5 kilometro erantsi dizkio hesiari. Ondorioz, 153.780 km koadro gehiago geratu dira bakartuta.
Hori dela eta, eta auzitegiek edota bestelako ekimenek eragozten ez badute, Itsaso Hilaren ertzean orain erabil ditzaketen 194 kilometro koadrotatik 71 kilometro koadro ebatsiko diete palestinarrei.
Bestetik, Ramalatik ipar-mendebaldera beste aldaketa bat egin du Israelek. Nili eta Naale kokagune juduak harresiaren mendebaldean uzteko, eta balizko estatu palestinarra Zisjordanian ezartzean palestinarrei are lur gehiago kentzeko, hesia 13,5 km luzatu du. Orotara, oraingoz Zisjordaniari eremuaren %8 kendu dio.
BILINGO KASUA. Banaketa hesia eraikitzen hasteko agindu zuenetik, lau aldaketa nagusi egin dizkio Israelek. Betiere hura luzatzeko eta lur eta herri gehiago bakartuta uzteko. Palestinarrek milaka alegazio aurkeztu dituzte okupatzen dituen estatuaren auzitegi gorenean, baina gehientsuenetan epaile israeldarrek entzungor egin diete kexu eta salaketei. Gainera, alde eman dituen ebazpen bakanetan horiek ez ditu bete Israelgo Gobernuak.
Iragan irailean, Bilin herriaren eta palestinarren nekazaritza lurren artetik igarotzen zen banaketa hesiaren norabidea aldatzeko agindu zion Auzitegi Gorenak Israelgo Gobernuari. Horretarako, ordea, beharrezkoa izan da bi urte eta erdiz, ostiralero, palestinarrak eta haien aldeko talde israeldarrak hesiaren ondoan manifestatzea eta, maiz, militarrei aurre egitea.
Besteak beste, Gush Shalom eta Hesiaren Kontrako Anarkistak talde israeldarrak eta nazioarteko ekintzaileak, hala nola ISM Nazioarteko Elkartasun Mugimendua ari dira protesta baketsu horietan, palestinarrekin ondoz ondo.
Halere, ebazpen hori eman eta gutxira Israelgo Auzitegi Gorenak ontzat jo zuen Mattiyahu East kokagune juduaren izaera. Hori Bilingo lurretan eraiki zuten kolono sionistek, hesiaren mendebaldera.