Gazara (Palestina) giza laguntza eraman nahi zuten sei itsasontzi tirokatu eta 14 lagun hil ditu gaur goizean Israelek, Palestinako lurralde hartako kostatik hogei bat miliara, nazioarteko uretan. 750 ekintzaile zihoazen itsasontzietan eta helikopteroz jaso dute erasoa. Ontziak Istanbuletik irten dira. Beste iturri batzuek diote 16 eta 20 lagun artean hil direla. Israelgo armadak, berriz, bederatzi direla esan du, eta zaurituak dozenaka. Orain arte 38 dira ospitaleetara eraman dituzten zaurituak, osasun zentroko ordezkariek esan dutenez. 32 herrialdetako ekintzaileak daude itsasontzietan.
Israelek adierazi du Gazan inor ez sartzeko egin duela tiro, baina itsasontziko kideek tiro egin dietela, eta, haren arabera, lau israeldar soldadu zauritu dira. Erasoa izan aurretik itsasontzietatik israeldarren presentziaren berri eman dute, esan, haiek zer egin beldur zeudela, eta "modu baketsuan" erantzuteko prestatzen ari zirela. Ehud Barak Israelgo Gobernuko Defentsa ministroak esan du euren asmoa ez zela inor hiltzea.
Israelgo Gobernuaren arabera, "legez kanpokoak" dira itsasontziok, eta "armak eramatea zuten helburu". Gainera, ekintzaileek Gazara eramateko asmoa zuten giza leguntza ez da beharrezkoa Israelen ustez, "Gazan premiazko beharrak ziurtatuta dauzkatelako".
Turkiako Antalya portuko agintaria atera da Israelek esandakoak ezeztatzera. "Faltsua da" Fevzi Gulcanen arabera, Hamasentzat armak zeramatzatela itsasontzietan. Banan-banan X izpien bidez begiratu dituzte Mavi Marmara itsasontzian sartutako kaxa guztiak. Mavi Marmaran 750 bidaietatik 581 zihoazen.
Itsasontziak Gaza iparraldera eramango ditu Israelek, Ashdod-era, eta bertako kideak identifikatu egingo dituzte. Armada kanpaleku bat jartzen hasi da zaurituak han hartzeko, baina itsasontzietako kideekin komunikatzeko modurik ez dago, horiek lur hartu aurretik kazetariak handik atera baitituzte.
Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak hiru eguneko dolua eman du. Oraingoz ez du bakea lortzeko Israelekin zeharka irekita duen bidea eten. Hamasek (bera da nagusi Gazan) gogor salatu du erasoa. "Astakeria izan da". Buruzagiak berehala deitu dituzte premiazko bilera egiteko, eta tentsioa nagusitzen ari da Gazan.
Protestak gertatutakoa salatzeko
Turkian Israelen aurkako mobilizazioak egiten ari dira hilketen ondotik. Ehunka lagun Istanbulen Israelek duen kontsulatuaren aurrean manifestatu dira goizean goizetik. Ankaran ere Israelgo enbaxadorearen etxearen aurrean protesta egiten jarri dira.
Jordanian ere 2.000 pertsona inguru elkartu dira Ammanen gertaeraren berri izan eta gutxira. 24 bat jordaniar zihoazen itsasontzian, eta Israelek Ammanen duen enbaxadorea handik ateratzeko eskatu dute oposizioko politikariek eta ekintzaileek. Israelen eta Jordaniaren artean 1994tik sinatua duten bake akordioa hausteko deia ere egin dute. Egiptoren kontrako aldarriak ere egin dituzte, eta Gazako bahimenduan parte izateaz akusatu dute.
Egiptoko hiriburu Kairon bertan ere protesta jendetsua izaten ari da Polizia kontrol zorrotzaren gainetik, eta euren gobernuari eskatu diote Israelen estrategiaren parte izateaz uzteko. Beiruten ere jendea kalea atera da gertatutakoa salatzeko.
Egiptok eta Jordaniak gainera, herrialde horietan dauden Israelgo enbaxadoreak deitu dituzte euren kritikak azaltzeko. Bi horiek dira herrialde arabiarren artean Israelekin harreman diplomatikoak dituzten bakarrak.
munDUA
Gazara giza laguntza zeramaten itsasontziak tirokatu eta 14 lagun hil ditu Israelek
750 ekintzaile zihoazen Palestinara itsasoz. Ehud Barak Israelgo Defentsa ministroak esan du euren asmoa ez zela inor hiltzea. Armadaren arabera, bederatzi dira hildakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu