Israelek oraindik bere esku dauzka atzo Gazako (Palestina) kostatik hogei bat miliara tirokatu eta hil zituen lagunak eta, gainera, hango Atzerri Ministerioak jakinarazi du oraindik ez dituela identifikatu guztiak. Haren arabera, bederatzi dira hildakoak; horietarik gutxienez lau turkiarrak. Identifikatu ostean bidaliko dituzte euren herrialdeetara. Bien bitartean, itsasontzietan zihoazen 750 ekintzaileetatik 400 inguru Bersheva espetxean sartu ditu Israelek, euren herrialdeetara deportatzea onartu ez dutelako.
Hldakoen kopuruaren dantzak jarraitzen du. Iturri batzuen arabera, hamar dira hildakoak. Atzo hamasei eta hogei arteko kopuruak ere zabaldu zituzten. Zaurituak, berriz, 46 direla esaten ari dira, eta Israelgo Gobernuaren iturriek azaldu dutenez, dagoeneko 30 bat lagun euren herrialdeetara itzultzen ari dira. Hildakoak identifikatzeari buruz "zailtasunak" dituzte, "itsasontziko lagunek euren nortasuna errazten ez dutelako".
Gazara giza laguntza eraman nahi zuten sei itsasontzi tirokatu zituen atzo goizean Israelgo armadak nazioarteko uretan. 32 herrialdeetako ekintzaileak zihoazen itsasontzietan, Istanbuldik irtenda, eta helikopteroz jaso zuten erasoa. Dozenaka pertsona zaurituta daude.
Soldaduek erasoa "beren buruak defendatzeko" egin zutela argudiatu du Tel Avivek; ekintzaileek, ordea, gezurtatu egin dute hori. Israelgo segurtasun indarrek ekintzaileen grabazioak, argazki kamerak eta telefonoak konfiskatuta dituzte, eta ematen duten arrazoia da ez dakitela haietan zer dagoen, ekintza hasi aurretik hartu zituztela, "iraganean bonbak horrelako gailuetan nola gordetzen diren ikusi" dutelako. IHH da giza laguntza Gazara eramateko itsasontziak bideratu dituen erakunde nagusia, eta Israelen arabera, "terroristak dira". Horregatik, "gailu guztiak aztertu behar ditugu material arriskutsua dagoen ikusteko".
Israelen erasoa gaitzetsi eta gertatutakoa argitzeko ikerketak eskatu dituzte nazioarteko erakunde, estatu eta elkarteek. Nazio Batuen Erakundeko gaitzespenaz gainera, Nazio Batuetako Giza Eskubideetako Kontseiluak "premiazko eztabaida" egingo du gaur arratsean Israelen erasoak aztertzeko. Arabiar Ligako 22 herrialdeek ere bilera egingo dute gaur arratsaldean, eta baieztatu gabe dagoen arren, ia segurua da bihar goizean herri horietako Atzerri ministroen agerraldia izatea.
Horrez gainera, gero eta herrialde gehiagok eskatu diete Israelgo enbaxadoreei azalpenak, eta horiei presioa egiteko moduak aztertzen ari dira.
Israelen ere Gobernuaren kontrako kritikak
Hanin Zoabi da itsasontzietan zihoan diputatu israeldar bakarra, eta hark ere gogor gaitzetsi du armadaren jokaera. Bere ustez, israeldarren asmoa ez zen itsasontziak gelditzea bakarrik; hildakoak sortzeko helburua ere bazuen, "etorkizunean horrelako ekimenak saihesteko". Itsasontzietako giza ekintzaileen helburua, berriz, "bahimendua haustea besterik ez zen. Ez zegoen borrokaldietarako planik".
Gaur Israelgo komunikabide gehienek Benjamin Netanyahuren gobernuaren kontrako jarrera erakutsi dute editorialetan. Netanyahu 2009an iritsi zen boterera eskuineko alderdien koalizioari esker, eta orain arte ez du horrelako kritika oldea jaso. Joan den martxoan AEBekin izandako krisi diplomatikoaren ondorioz jasotakoa baino askoz handiagoa izaten ari da oraingoa. Jakinak ziren ondorioak izanda ere egin dutela aurrera diote, eta "jokaera burugabea" dela esaten bat datoz kritika guztiak.
Israelen jokaerak AEBen planak ere zapuztu ditu, Barack Obamak Ekialde Hurbilerako bake plana bideratzen egindako lana bertan behera geratu baita. Bi aldeen arteko negoziazioak bideratzeko batekin zein saiakerak egin ditu orain arte, baina gaur-gaurkoz ahalegin horiek zentzua galdu dute.
Gaur bertan Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa Washingtonera joatekoa zen Obamarekin hitz egitera, eta ustez palestinarrekin elkarrizketa zuzena hasteko prest zegoela esatera, baina Netanyahuk etxerako bidea hartu du gertaerak bere gobernua sartu duen krisitik nola atera aztertzeko.
munDUA
Gazara zihoazen 750 ekintzaileetatik 600 bat espetxeratu egin ditu Israelek
Deportazioa ez onartzeagatik eraman ditu Beer Shevako kartzelara. Bien bitartean, identifikatu gabe jarraitzen dute atzo hildako gehienak. Atzerri Ministerioak dio hildakoak bederatzi direla; horietarik gutxienez lau, turkiarrak. Gazara giza laguntza eraman nahi zuten sei itsasontzi tirokatu zituen atzo Israelgo armadak nazioarteko uretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu