Irailaren 27ko hauteskundeetarako hilabete eskas falta dela, bozetan Katalunia estatu independente izatearen aldekoek irabazi eta asmo hori gauzatzeak eragingo lituzkeen ondorioei buruzkoak dira eztabaida nagusiak herrialde horretan.
"Beldurraren diskurtsoak" uxatu nahi izan ditu Raul Romeva Junts Pel Si hautagaitzako zerrendaburuak, Efe agentziak eginiko elkarrizketa batean. Adierazi du gaztelania hizkuntza ofiziala izango litzatekeela aurrerantzean ere balizko Kataluniako estatuan: "Argi dago inork ez duela kezka izan behar gaztelania hiztun izateagatik". Balizko estatu independentean, ordea, katalana "hizkuntza ofizial bihurtuko da, eta tamalez aktore ugariren gaitasun edo ulermen faltagatik orain ez duen normaltasuna izango du".
Romevak azpimarratu du "arazoa" ez dela gaztelania, katalanak sektore guztietan normaltasuna erdiesteko ezintasuna baizik: "Hori aldatu egingo litzateke, administrazioaren atal guztietan hizkuntza ofiziala eta nahitaezkoa izango litzatekeelako katalana".
Naziotasun espainiarraz ere hitz egin du Romevak. Kataluniako balizko estatuan, inor ez legoke derrigortuta Espainiako naziotasunari uko egitera: "Katalunian bizi den espainiarra izaten jarraitu nahi baduzu, edo Espainiako zerga edo pentsio sistemari lotuta jarraitu, jarrai zenezake horrela". Adibide bat jarri du: "Jende asko dugu frantziarra, britainiarra edo Herbehereetakoa dena, Bartzelonan bizi dena eta jatorrizko estatuaren naziotasunari eusten diona".
CUPen zerrenda
Junts Pel Si hautagaitzaz gain, CUP izango da estatu independentearen alde egingo duen beste zerrenda, eta astelehenean itxi zituen bozetarako hautagaitzak. Bartzelonatik, Eunice Romero politologoa, August Gil Matamala jurista, Sergi Lopez aktorea, Manuel Delgado antropologoa, Cesk Freixas abeslaria eta Oleguer Presas futbol jokalaria aurkeztuko dira.
Quim Arrufat, Isabel Vallet eta David Fernandez izan dira CUPeko parlamentariak amaitzear den legealdian, eta horiek itxiko dute Bartzelonako zerrenda. Gainera, egun lan gatazkan dauden Panrico eta Movistarreko langileen ordezkariak ere aurkeztuko dituzte; hurrenez hurren, Carmen Alonso eta Agustin Cintas.
Espainiako legeriak hala zehaztuta, beharrezkoa da erkidego batean erroldatuta egotea bertako hautagai aurkeztu ahal izateko. CUPek azaldu du Espainiako Estatuko beste herri batzuetako herritarrak aurkeztu nahi zituela zerrendan, baina legez ezin izango duela hala egin. Hala ere, zerrendan aurkeztu nahi zituen izen-abizen batzuk jakinarazi ditu, eta hautagai izateko prestasuna eskertu die. Horietako batzuk dira Pablo Gorostiaga Laudioko alkate eta Egin egunkariko administrazio kontseiluko kide izandakoa eta Diego Paredes Manot Jon Paredes Manot zenaren anaia. Hain justu, irailaren 27an beteko dira 40 urte estatuak Jon Paredes fusilatu zuenetik.