Hungariako hauteskundeak eskuinak irabazten ez baditu, nabarmen erratuta egon behar dute inkestek. Izan ere,aurreikuspenetan diote garaipena ez ezik Parlamentuko gehiengo osoa ere harena izango dela. Hala, Viktor Orban lehen ministro ohiaren (1998-2002) alderdiak, Fidesz-ek, botoen %60 inguru eskuratuko ditu. Aldaketa gertatuko da, hartara; eta lehen postua galdu dutela jakinda, bigarrena ez galtzen ahaleginduko dira sozialdemokratak-zortzi urtez agindu du sozialdemokraten MSZP alderdiak Hungarian-. Hori ere ez dute erraza izango, baina; eskuin muturra nabarmen gorantz egitekoa baita. Lehen aldiz bigarren talde parlamentariorik handiena bihur liteke Hobbik, eskuin muturreko alderdi xenofobo eta ultranazionalista. Parlamenturako hauteskundeen lehen itzulia gaur egingo dute; bigarrena hilaren 25ean.
Hainbat eskandalu politikorengatik, sozialdemokratek gaizki hasi zuten azken agintaldia. Hauteskundeak bigarrenez irabazi zituztenean, 2006an, orduko lehen ministro Ferenc Gurcsany-ren grabazio bat atera zuten argitara; bozak irabazteko, herrialdearen benetako egoera ezkutatu izana aitortu zuen gobernuburuak hartan. Eta, haren berri izan zutenean, Gobernuaren aurka altxa ziren herritarrak; protesta jendetsuak izan ziren. 1956an erregimen komunista zabaltzeko ahalegina egiteagatik Varsoviako Ituneko tropak aurrez aurre izan zituenetik, Hungariako Gobernuak ez zuen halako estutasunik gainditu beharrik izan.
Gurcsany ezkutatzen ahaleginduagatik ere, Hungariako ekonomiak kasik porrot egina zuen ordurako. Eta 2008ko finantza krisiak ez zuen gaizki zegoena okertu besterik egin. Horregatik jaso zuen Gobernuak Nazioarteko Diru Funtsaren laguntza: gastu publikoa murriztearen truke, 20.000 milioi euro eman zizkioten Gurcsanyren exekutiboari. Agindu hartan oinarritu da sozialdemokraten politika; horrek hautesleriaren zigor botoa eragin badu ere.
Alabaina, Gurcsanyren aurkako zentsura mozioa ere horrek eragin zuen iaz. Gazte ekonomialari bat, Gordon Bajnai, izendatu zuten haren postua betetzeko. Dena den, horren erreskate planak ere gastua ahalik eta gehiena murriztea izan du xede.
Eskuin muturraren gorakada
Neurri gogorrak agindu zituen lehen ministro sozialdemokratak. Estatuak zergak handitu eta zerbitzu publikoak murrizten zituela ikusita, oposiziora jo zuten ordura arte sozialdemokratekin ziren herritarrek. Zalantzarik gabe, eskuinerako joera horren emaitza izango dira gaurko hauteskundeak.
Gobernuari defizita gutxitu izanak ez dio askorako balio izan -iaz, %4ko defizita zuten Hungarian, eta, hiru urte lehenago, %9,1ekoa zen-. Alderantziz, ekonomia krisiak eragindako egonezinari, itxaropen eskasari eta tentsio sozialari etekina ateratzen asmatu du eskuin muturrak. Jobbiken gorakada hala azaltzen dute adituek.
Gabor Vona du buru alderdi horrek, eta, 2003an eratu bazuten ere, iazko Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan egin zuen ordezkaritza parlamentarioa lortzeko lehen ahalegina. Ondo atera zitzaion hala egin izana, botoen %15 eskuratu baitzituen -hiru eserleku, hain zuzen- .
Eta hauteskunde orokorretan ere antzerako sostengua eskuratuko duela diote aurreikuspenek. Alderdi Sozialdemokrata ere, ordea, antzera ibiliko da; hala, lehia, haien artekoa izango da.
Eskuin muturra ijitoen, juduen eta homosexualen aurkako gorrotoa eragiten ahalegindu da hauteskunde kanpainan. Alderdi xenofoboarentzat, dena dela, bankuak eta multinazionalek eragiten dituzte munduko gaitz denak.Krisiari aurre egiteko zerga gehiago ordaindu ditzaten nahi du eskuin muturrak, horregatik. Jobbiken ustez, orduan iritsiko da «Hungaria berriro hungariarrena izatera» -herrialde hartako banku gehienak nazioartekoak dira-.
Berriro lehen ministro
35 urte besterik ez zituela Hungariako gobernuburu izendatu zutenean, hala, Viktor Orban Europako lehen ministro gazteena bihurtu zen. Halaber, eta inkestek diotena betetzen bada, gobernuaren ardura hartuko du beste behin. Bera da Hungariako politikan pertsonaia karismatikoena, baita baina, polemikoenetakoa ere. Behin baino gehiagotan egotzi diote jarrera autoritarioa izatea. Hauteskunde kanpainan, dena dela, bere aurpegi moderatuena agertu du.
Orbanek «herrialdea berreraiki» nahi du; Hungaria sozialdemokratek eragindako hondamen ekonomikotik atera, bereziki. Agintera iristen bada, gainera, Nazioarteko Diru Funtsarekin negoziazioak hasiko dituela jakinarazi du. Defizita gutxitzeko Bajnaik indarrean jarri dituen neurri zorrotzak malgutuko dituela adierazi du hala.
Politikari ezaguna da Orban; sobietarren aurka aritu zirenen omenaldi batean, 1989an, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunari herrialdetik bere soldaduak ateratzeko exijitu zioenetik, bereziki. Alderdiaren historian giltzarri izana da, halaber; 1990eko hamarkadan; izan ere, ordura arte joera liberalekoa zena kontserbadore bihurtu zuen.
Haren aurka lehiatzeko, sozialdemokratek politikari gaztea aukeratu dute; Attila Mesterhazyk Hungariarentzat lasaitasun eske pasatu du ia kanpaina dena; eta muturreko alderdien aurka, «indar demokratiko» denak batu behar direla adierazi du, hala, boto-emaileak konbentzituko zituelakoan. Herritarren gehiengoak baina, aldaketa nahiago duela dirudi.
Gehiengo osoa eskura dezake eskuinak Hungariako bozetan
Eskuin muturrak etekina atera dio krisi ekonomikoak eragin duen egonezinari, eta, inkesten arabera, nabarmen egingo du gora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu