Gehiengo osoa ez duenez, Greziako bozak berriz egin nahi ditu Mitsotakisek

Jarduneko lehen ministroak uko egin dio koalizio bat osatzeari; ezkerrak ez du gobernabiderako aukerarik. Hauteskundeak berriz ekain amaieran egin litezke

Gehiengo osoa ez duenez, Greziako bozak berriz egin nahi ditu Mitsotakisek.
ander perez zala
2023ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun

Greziako Parlamenturako hauteskundeetan zenbait sorpresa izan dira. Batetik, Kyriakos Mitsotakis jarduneko lehen ministroaren ND Demokrazia Berria eskuindarra espero baino askoz hobeto aritu da, eta gehiengo osoaren atarian geratu da. Bigarrenik, Syriza ezkertiarrak porrot egin du, 11 puntu jaitsi baita, eta NDtik oso urrun geratu; horrek, ezinbestean, gobernatzeko aukerarik gabe utzi du ezkerreko blokea; are gehiago kontuan harturik Giannis Varufakis Finantza ministro ohiaren MERA25 alderdia ganberatik kanpo geratu dela. Arreta, hortaz, Mitsotakisengan jarri da: kanpainan ohartarazi zuen bakarrik gobernatu nahi duela, eta horregatik egin zion uko, atzo bertan, koalizio gobernu bat osatzen saiatzeari. Agintari kontserbadoreak berriz egin nahi baititu bozak, gehiengo osoa lortzeko.

Gakoa zera da: parlamenturako hauteskundeak errepikatuz gero, garaileak 50 diputatuko saria jasoko lukeela. Hori lortu nahi du Mitsotakisek, eta horregatik aritu zen ideia horretaz herenegun gauean ere, behin-behineko emaitzen berri izan zuenean. Berriz ere aipatu zuen harentzat ezinbestekoa den «gehiengo sendoa», eta, nahiz eta Irtenbide Greziarra ultranazionalistarekin elkartuta gehiengo oso hori bermatuta lukeen, agintari kontserbadoreak agerian utzi zuen bakarrik gobernatzea lehenetsiko duela.

Edonola ere, Greziako presidente Katerina Sakellaropuluk protokoloa bete behar izan du, eta horregatik egin zion eskaria jarduneko gobernuburuari atzo. Ezezkoa jasota, Syrizari egokituko zaio koalizio bat osatzen saiatzea —eta gero, Pasoki—, baina, ezkerreko blokeak gehiengo osorik ez duenez, ez dago arrakastarako ia tarterik. Kasu horretan, bozak «ziurrenik ekainaren 25ean» egingo lituzkete, Mitsotakisek esan bezala; Greziako hedabideek uztailaren 2a ere aipatu dute.

NDk aulkien erdiak baino gehiago bildu zituen 2019ko bozetan, baina garai hartan hauteskunde legeak saria ematen ziolako boto gehien biltzen zuen alderdiari. Herenegunetakoetarako, aulki kopuru gehigarri hori kendu zuen Syrizak, eta, halere, jarduneko lehen ministroaren indar politikoa espero baino hobeto aritu da; ez, ordea, gehiengo osoa bermatzeko bezainbeste.

Hori bai, boto emaileek mezu argia bidali dute: nahiago dutela egonkortasuna, nahiz eta Mitsotakisen agintaldian zenbait eskandalu izan diren —espioitzarena eta tren istripuarena, kasurako—.

Eta ideia horretan sakondu du, hain justu, Syrizak hogei puntu galdu izanak duela lau urteko hauteskundeekin konparatuz gero. Praktikan, hamabost eserleku gutxiago dira, 71rekin geratzeraino. Hori bai, oposizioko lehen indarra izango da aurrerantzean ere; edonola ere, Alexis Tsipras alderdiko buruak herenegun gauean aitortu zuen emaitzak «oso negatiboak» direla.

«Beharrezkoak diren aldaketa guztiak egin behar ditugu berehala, hurrengo hauteskunde borroka erabakigarrian baldintza hoberenetan borrokatzeko», adierazi zuen Tsiprasek herenegun. Adierazpen horretan ere ageri da, zeharka, hauteskundeak berriz egingo delako ideia.

Ezkerrarentzat, Syrizaren beherakada ez ezik, kolpe gogorra izan da MERA25 parlamentutik ateratzea ere, Pasok-KINAL aliantzaren eta KKE Greziako Alderdi Komunistaren gorakadek ez baitituzte orekatu galera horiek, ezta inkestek gehiengo osoa lortzeko ezkerrari ematen zizkioten aukera handiak islatu ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.