Gehiengoa daukan gobernua berrestea nahi dute Portugalgo kontserbadoreek

«Salbazio nazionaleko gobernua» eratzeko negoziazioak hautsi izanaren erantzukizun guztia PSko sozialistena dela dio PSDkDemokristauekin duten gobernu koalizioak «arazoak gainditu» dituela azaldu dute

xabier martin
2013ko uztailaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Portugalgo estatuburu Anibal Cavaco Silvak (PSD) gobernu sendoa nahi zuen herrialdean dagoen muturreko egoerari aurre egiteko; orain dela hiru aste bi ministrok emandako dimisioak hasitako krisia —hamaikagarrena—gainditzeko modu eraginkorrena hori dela pentsatu zuen, baina plana ez da ondo atera.

Portugalek troikarekin bete behar du diru jarioa eten ez dadin; gaur egun laguntza programa horren menpeko da herrialdea. Estatuaren erreformak 4.700 milioi euro aurrezteko helburua du, eta horrek kaleratze gehiago ekarriko ditu erreskatea iritsi zenetik izugarri pobretu den herrialde horretanan. Estatu erreforma eztabaida politikoaren erdian dago aspaldian. Hezkuntza eta osasunean eragina izango duela argi geratu da; hala egitea gomendatu zion gobernuari urte hasieran NDFk. Aurten ekonomia %2 uzkurtuko dela eta langabezia %18,2ra iritsiko dela uste du Lisboak. NDFk 2013rako ekonomia%1,3 haziko zela aurreikusi zuen.

2011ko maiatzean onartutako erreskate osoaren %90 jaso du jadanik Pedro Passos Coelho lehen ministroaren gobernuak. BPGaren %4,5 ez, baina %5,5 izan beharko du defizit muga aurten. Datorren urterako, berriz, puntu eta erdi malgutu diote: %4 izango da muga, eta ez aurretik ezarritako %2,5. 2015ean bete beharko du BPGaren %2,5eko defizitaren helburua. Beraz, urtebete gehiago izango du bere defizita %3tik behera jartzeko.

Baina zenbaki horietara hurbiltzeko 4.700 milioi euroko aurrezpenari ezinbesteko iritzi diote kontserbadore eta demokristauen koalizio gobernuan. Troikak eskatua da, eta bete beharrekoa erreskatearen azken zatia jaso ahal izateko. Urte askoan gizartea urratzen dabilen krisia oldartu den garai honetan, «salbazio nazionaleko gobernua» proposatu zuen Cavaco Silvak; oposizioko alderdia (PS) exekutibora ekarri nahi zuen, PSD kontserbadore eta CDS-PP demokristauekin batera. Plan ona zirudien kritikak saihesteko, baina ez da atera.

Troikarekin elkarrizketetan parte hartzeko aukera, enplegua eta ekonomia sustatzeko neurriak adostea eta 2015ean ez, baina 2014an hauteskundeetara deitzeko promesa eskaini diote oposizioko alderdiari, baina PSko sozialistek ez dute onartu, ez dutelako nahi murrizketa politikaren eragile aktibo izan. Inkesten arabera, hauteskundeak irabaziko lituzkete orain. Aldagai horrek bere pisua dauka, baina baita PSren barruan sortu den ezinegona elkarrizketa horiengatik. Mario Soares lehen ministro eta estatuburu ohiak eszisio arriskua aipatu zuen, adibidez.

Cavaco Silvaren esku

Gobernuko kontserbadoreek PSren gainean utzi dute negoziazioak haustearen erantzukizuna, eta Jorge Moreira da Silva presidenteordeak esan du koalizioko gobernuak gehiengoa izaten jarraitzen duela (PSD eta CDS-PP), Pedro Passos Coelho lehen ministro kontserbadoreak bere aurkako bosgarren zentzura mozioa gainditu ondoren (bi urteko epean). Troikarekin hitzartutako «erreskate programa betetzeko gehiengoa» badela gogorarazi dio Cavaco Silva estatuburuari, demokristauekin egindako ituna osasuntsu dagoela erakutsi ondoren parlamentuan.

Krisia atzean utzi nahi du gobernuak. «Garrantzitsuagoa da gure ahalegina erreskate programa betetzeko negoziazio hauek baino», dio presidenteordeak. «Koalizio gobernuak arazoak izan ditu, baina gainditu ditu jadanik». Kontserbadoreak Cavaco Silva estatuburu eta alderdikidearen oniritziaren zain daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.