Bidea luzea eta gogorra izan da, baina iritsi dira. Urtarrilaren 31n Genevatik kurduen eskubideen eta askatasunaren aldeko martxa bat abiatu zuten 300 bat lagunek, eta Estrasburgora iritsi ziren ostegunean. Europako Parlamentuaren aurrean egin zuten geldialdia, kazetarien aurrean euren aldarrikapenen gaineko agiri bat irakurtzeko. Atzo, bestalde, CPT Torturaren Prebentziorako Europako Batzordearen egoitzaren aurrera joan ziren martxako kideak, eta euren eskaeren berri eman zioten erakundeari. Gaur, berriz, manifestazio jendetsua egingo dute, 11:00etan hasita, Estrasburgoko kaleetan.
400 kilometrotik gorako bidea egin dute, Askatasuna Ocalanentzat, estatus politikoa kurduentzat lelopean, eta tenperatura siberiarrek ere ez dituzte gerarazi —zero azpitik 21 gradu izan dituzte egun batzuetan bidean—. KON-KURD Europako Erakunde Kurduen Konfederazioak antolatu du martxa. Nazioarteko iritzi publikoari kurduen banaketaren eta zapalkuntzaren berri ematea da martxaren helburua, antolatzaileek azaldu dutenez. «Gaur, hemen, Kurdistango lau zatiak gaude martxan parte hartzen», irakurri zuten Genevan ibilaldiaren lehen egunean —Turkiako, Irakeko, Irango eta Siriako estatuetan banatuta daude kurduak—. Halere, Turkiak azkenaldian kurduen kontrako errepresioa gogortu izana salatu dute bai martxan eta bai Estrasburgon ere.
Atxilotu gehiago
Atzo, hain zuzen, Turkiako Poliziak beste hamalau lagun atxilotu zituen, denak emakumeak, KCK auzia delakoaren barruan. Horietako bederatzi sartu dituzte, oraingoz, kartzelan. Ankarako fiskalak iazko martxoaren 8an—emakumearen nazioarteko egunean— eta azaroaren 28an—emakumearen kontrako indarkeria ezabatzeko nazioarteko egunean— manifestazioak antolatu izana leporatzen die, eta KCK Kurdistango Herri Konfederazioko kide izatea.
Genevatik Estrasburgorako bidea egin dute kurduek, eskubideak eskatzeko
Gaur goizean manifestazio bat egingo dute Estrasburgon, Abdullah Ocalan aske utz dezatela eskatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu