Darfur eskualdean genozidioa, eta gerra nahiz gizateriaren kontrako krimenak egin izanaz akusatu du formalki Nazioarteko Zigor Auzitegiko (NZA) Fiskaltzak Sudango presidente Omar al Bashir. Auzitegiak Hagan (Herbehereak) du egoitza. Batzuentzat garaipena izan da akusazio formal hori, baina beste batzuek uste dute oztopoa izan daitekeela Darfurko zein Sudango gatazkak bideratzeko tenorean.
NZAko hiru epailek osatutako batzordeak Al Bashir atxilotzeko agintzeko lege oinarri aski dagoen erabaki beharko du orain. Luis Moreno-Ocampo fiskalaren iritziz, 2003tik Darfurren izandako sarraski, hilketa eta desplazamenduen erantzukizuna du Sudango presidenteak. Giza eskubideen aldeko taldeek eta gerrilla taldeek diotenez, sarraskiak eragin dituzten =ijanjauid= miliziei laguntza tekniko eta militarra eman die urteotan Gobernuak. Erasoek eta borrokek bi milioi lagun desplazatu dituzte Darfurtik, horietako asko ondoko Txadera. Gainera, 300.000 lagun hil dituzte.
Sudango Gobernuak, dena den, ohartarazi du NZAren erabakiak bake prozesua koloka utz dezakeela. Khartumek ez du NZA onartzen, eta Fiskaltzak iaz akusatu zituen bi susmagarri entregatzeari uko egin dio. Giza Auzietarako ministro Ahmad Harun eta janjauid milizia arabiarreko buru Ali Kushayb dira susmagarri horiek.
Areago, Khartumen esanetan, "kriminala" Moreno-Ocampo bera da, ez hark akusatutakoak. Hala, sudandarrik ez epaitzeko ohartarazi du. "Ahalik eta terminorik gogorrenetan gaitzetsi egiten dugu Ocampo kriminal horrek hartu duen erabakia", adierazi du Sudanek Nazio Batuen Erakundean duen ordezkari Abdalmahmud Mohamadek.
Nazioarteko baketze misioa bertan behera
NBEk jakinarazi du bertan behera utzi dutela berak eta Afrikako Batasunak (AB) batera egiten ari ziren baketze misioa.
NBEk arazoak eta oztopoak izan zituen Darfurren misioa zabaltzeko, Sudango Gobernuak ez baitu hura begi onez ikusten. Azkenaldian, ordea, Afrikako Batasunaren Unamid misioarekin batera ekin dute NBEren indarrek Darfurren. 9.000 soldadu dituzte orotara, baina oraingoz ez dira gai izan milizien indarkeria gerarazteko.
Baketze misioa bertan behera utzi baino ordu batzuk lehenago, NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek Frantziako Le Figaro egunkariari esan dio "oso kezkatua" dagoela Khartumgo agintarien kontrako akusazioek NBEren eta Afrikako Batasunaren baketze misioetan eta prozesu politikoan izan dezaketen eraginagatik. "Baina inork ezin dio Justiziari izkin egin", ohartarazi du.
Mundua
Genozidio eta gerra krimenengatik akusatu du Hagako Auzitegiak Sudango presidentea
Darfur eskualdean izandako sarraskien erantzukizuna egotzi dio Omar al Bashirri Nazioarteko Zigor Auzitegiak. Hura atxilotzeko agindua emateko lege oinarririk dagoen aztertzen ari da orain. NBEk eta ABk baketze misioa bertan behera utzi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu