Atef Abu Saif.

Genozidio kulturala

2025eko maiatzaren 22a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Israel Gazako zerrendako kostaldeko herri, esparru eta hiri gehienak suntsitzen ari da bere gerran; hori nahikoa ez, eta eskualdeko kultur ondarea deuseztatzea ere badu helburu, eta, horretarako, modu sistematikoan suntsitzen ari da bertako eremu arkeologikoak, eraikin historikoak eta garrantzi nabarmeneko eraikin kultural eta erlijiosoak, museoak, monumentuak eta kultur zerbitzuen eraikinak, baita arrasto historikoak arpilatzen eta Gazatik eramaten ere. Gazako kultur arloko galera nabarmena da, nonahikoa, eta, beharbada, orain arte sekula ikusi ez bezalakoa.

Gazako erasoaldian, Israelek gerra bat baino gehiago abiarazi du zerrendako kostalde estuko palestinarren kontra: lekuaren kontrako gerra, hura suntsituz; jendearen kontrako gerra, armadak ahal bezainbeste pertsona hilez, bereizi gabe; eta memoriaren eta kulturaren kontrako gerra, ahalik eta eraikin eta leku kultural eta historiko gehien jomuga hartuta. Gazako kultur ondarea deuseztatzeko gerra, hain zuzen, Gaza hiriko kale, eraikin eta bazter gehienak modu masiboan suntsitzen hasi baino askoz lehenago hasi zen. Berariaz hartu zituzten jomugan museoak eta elizak eta meskitak, artxibategiak, liburutegi publikoak eta eraikin historikoak. Esate baterako, Khan Yunisko Qarara museoa gerrako lehen bi egunetan hondatu zuten, Israelen tropek hango ekialdeko herriak inbaditu baino askoz lehenago. Eta, era berean, Gaza hiria inbaditu eta hango eraikin gehienak birrindu baino zenbait aste lehenago, aire erasoa egin zioten Gazako Udal Artxibategiari.

Sistematikoki eraso eginez, hiriko kulturgune nabarmen gehienak suntsitu zituzten. Plazak, lorategiak, monumentuak, zentro publikoak eta gizarte etxeak. Hiria erail zuten. Hiriko edertasuna nahita sarraskitu. Gazan zegoen guztia hil.

Hiriaren nortasun kolektiboa deuseztatu dute, bereizi gabe eta sistematikoki suntsituz kultur ondarea osatzen zuten artefaktuak, ondasunak eta leku antzinakoak zein modernoak. Gazako zerrendan palestinarren kultura islatzen zuen seinale ororen kontra jo dute, propio. Herritarrek ikusi zuten nola soldaduek ondare arkeologikoa arpilatu eta beren ibilgailu militarretan eramaten zuten. Objektu horietako batzuk Israelgo Knesset parlamentuan bertan ere jarri izan dituzte erakusgai.

Gazako kultur arloko galera nabarmena da, nonahikoa, eta, beharbada, orain arte sekula ikusi ez bezalakoa

Gazako hiri zaharra erabat suntsitu dute; hiriaren bihotzeko 195 eraikin historiko hondatu dituzte, batzuk partez eta beste batzuk guztiz. Eta hori, gerrako lehen urtean. Litekeena da geroztik beste eraikin historiko batzuk ere suntsitu izana. Gerrak aurrera egin ahala, ez dago datu zehatz eta eguneraturik.

Gazako zerrendan garrantzi historikoa, erlijiosoa, arkeologikoa, naturala edota globala zuten beste 250 gune ere jo eta eraitsi dituzte, edo, onen-onenean, oso hondatuta utzi, tartean elizak, meskitak, hilerriak, museoak, gobernuaren ministerio historikoak, gazteluak, eremu arkeologikoak eta indusketa eremuak.

Beste hainbeste gertatu da 32 bat kultur etxerekin, bederatzi liburutegirekin, bederatzi inprimategi eta liburu dendarekin, 28 mural artistikorekin eta hiru hedabide eta produkzio konpainiarekin. 50 bat idazle eta artista palestinar erail dituzte. Genozidio kulturalean, liburutegi publikoak hondatu dituzte, udal liburutegia barne: Zisjordaniako eta Gazako zerrendako liburutegirik handiena. Ehunka mila liburu eta eskuizkribu galdu dira. Gaza Hiriko Artxibategi Zentrala ere suntsitu dute, eta Gazaren historiari buruz 150 urtean bildutako agiriak zeuden bertan. Gaza hiriko eta zerrendako beste eskualde batzuetako laurogei liburutegi txikiago ere berariaz hondatu dituzte.

Gerran, Israelgo armadak nahita suntsitu eta ezabatu ditu Gazako zerrendako indusketa eremu eta gune arkeologiko gehienak. Datu ofizialen arabera, gerrako lehen urtean 100.000 objektu arkeologiko baino gehiago suntsitu zituzten.

Elizak eta meskitak ere bereizi gabe jo eta suntsitu dituzte; batzuk, Gazako bi erlijioak —kristautasuna eta islama— bezain zaharrak. Are, zahar-zaharrenak Kanaango tenplu paganoen hondakinen gainean eraikiak ziren. San Porfirioren eliza, adibidez, munduko zaharrenetan hirugarrena da. Bada, Israelek teilatua eraitsi zion aire eraso batean. Hamazazpi lagun hil ziren eliza barruan. Omari meskita handia, berriz, VII. mendean eraiki zuten, 406. urteko eliza antzinako baten hondakinen gainean, eta eliza hori, era berean, Dagon ugalkortasunaren jainko kanaandarrari eskainitako tenplu pagano baten zutarrien gainean eraikia zegoen.

Palestinar askorentzat, oso da aspaldikoa palestinarren memoriaren eta kontakizunaren kontrako gerra: Nakbaren garaitik dator

Leku sakratu hondatuen artean, Gazako eliza katoliko bakarra ere badago: Familia Santuaren eliza. Elizako eskola partez suntsitu dute. Frantzisko aita santua, diotenez, maiz izan zen harremanetan eliza horretako komunitatearekin Israelen erasoaldiak iraun bitartean.

Baina Israel aspalditik ari da palestinarrek beren lurraldearekin duten lotura ezabatzeko ahaleginean. Palestinar askorentzat, oso da aspaldikoa palestinarren memoriaren eta kontakizunaren kontrako gerra: Nakbaren garaitik dator.

Nakba baino lehen eta Nakbak iraun bitartean, talde sionistek hiri nagusietako monumentu kulturalen kontra egin zuten. Dozenaka herri historiko eraitsi zituzten, batzuk mila urte baino gehiagokoak. 530 herritan, garbiketa etniko guztiz bortitz eta gizagabea egin zuten. Guztiz suntsitu zituzten herri haietako etxeak, eraikinak eta eraikin publikoak, elizak eta meskitak barne, tartean baita kanaandarren garaian eraikitako batzuk ere. Horrez gainera, ondare kulturala eta balio historiko eta arkeologikoa duten ehunka leku konfiskatu zituzten, eta, hala, palestinarrak beren historiaz eta identitateaz gabetu.

Agerikoa da ezen Israelek, halako eraikin historikoei erasotzen dienean, palestinarren ondare kulturala eta memoria ezabatuz joatea duela helburua, balio historikoa duen gauza oro suntsituz, beren kultur baliabideen eta herentziaren gainean duten autodeterminazio eskubidea ukatzeko palestinarrei. Ezbairik gabe, Gazako giza eta kultur ondarea nahita suntsitzea gerra krimena da, eta itunen, konbentzioen eta ondarea babesteko nazioarteko legeen urraketa garbia.

Ezbairik gabe, Gazako giza eta kultur ondarea nahita suntsitzea gerra krimena da, eta itunen, konbentzioen eta ondarea babesteko nazioarteko legeen urraketa garbia

Inork ez du ez txintik esaten eta ez zirkinik egiten genozidio kultural hau geldiarazteko. Zergatik zigortzen dituzte batzuk halako krimenengatik, eta Israel, aldiz, ez?

Israeli ez zaizkio axola nazioarteko legea eta nazioarteko erakundeak. Munduko ondarea babesteko erakunde internazionalek, berriz, orain arte behintzat ez dute benetako pausorik eman Palestinako ondarea babesteko.

Malin, esaterako, hango santutegien kontrako erasoen ondoren, Unesco aritu zen buru Nazioarteko Zigor Auzitegian gaia planteatzen. Horren ondorioz, herrialde hartako kultur eta historia guneak babesteko eginkizuna eman zitzaion helburu anitzeko ordezkaritza internazional bati. Horra hor, berriz ere, Israel kritikatzeko beldurraren itzala!

Iraketik Afganistanera, Bosniatik Ruandara eta Myanmartik Siriara, nazioarteko auzitegiek kulturaren arloko halako krimenak gaitzetsi izan dituzte gatazka garaietan, salbu Gazan. 2004an, adibidez, Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiak zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zion Miodrag Jokic-i; besteak beste, leporatu zioten agindua ematea Dubrovnik hiri historikoari morteroz erasotzeko. 2016an, berriz, auzitegi horrek berak bederatzi urteko espetxe zigorra ezarri zion Ahmad al-Faqi al-Mahdiri, Timbuktuko hamar monumentu erlijioso eraisteagatik. Zergatik ez zaio, ordea, auzibiderik ireki Israeli?

Iraketik Afganistanera, Bosniatik Ruandara eta Myanmartik Siriara, nazioarteko auzitegiek kulturaren arloko halako krimenak gaitzetsi izan dituzte gatazka garaietan, salbu Gazan

Gazako ondare kulturala lapurtu eta arpilatzea eta haren herentzia nahita suntsitzea ez da gerra krimena bakarrik: gizadiaren aurkako krimena ere bada. Eta beste hainbeste gertatzen da Israelek legez kanpo egiten dituen indusketa arkeologikoekin eta ikerketekin, objektuen trafikoarekin eta Zisjordaniako ondare lekuen suntsiketarekin.

Zoritxarrez, gaur arte inork ez dio ekin krimen horiek guztiak ikertzeari. Israelek badaki inork ez duela zirkinik egingo bere kontra. Badaki inork ez duela zigortuko, inork ez duela eskatuko Nazio Batuetatik edo nazioarteko erakundeetatik aterarazteko. Oso leku sendoan dago.

Hori ez da bidezkoa.

Norbait eraman behar lukete auzitara Gazako hiri zaharra suntsitzeagatik.

Norbait sartu behar lukete espetxean gure elizak eta gure meskitak hondatzeagatik.

Norbait zigortu behar lukete gure liburuak eta eskuizkribuak erretzeagatik.

Norbaiti galdeketa egin beharko liokete gure memoriaren parte hau suntsitzeagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.