B’Tselem Lurralde Okupatuetako Giza Eskubideen Informazio Zentroko bozeramailea da Yair Dvir. B’Tselem gobernuz kanpoko erakunde bat da, Israelgoa. Duela 40 urte hasi zen Israelek palestinarren aurka egiten dituen ekintzak ikertzen, eta, uztail amaieran, Gure genozidioa deituriko txostena kaleratu zuen. Bertan, salatu du genozidio bat dela Israelek duela ia bi urte Gazan hasitako erasoaldia.
Nola deskibatuko zenuke Gazako egoera?
Gazan gertatzen ari dena bortitza da. B’Tselemen ustez, genozidioa da Israelek egiten duena izendatzeko modu egokia, eta hala adierazi dugu gure azken txostenean. Izan ere, Israelgo armadak dagoeneko 22 hilabete daramatza Gazako herritarrei eraso egiten sistematikoki, jakinaren gainean.
Israeldarrek ozenki esaten dute zerrendako palestinar guztiak kanporatu nahi dituztela. Horretarako, armadak zibilei erasotzen die, eta hiriak, auzoak eta ospitaleak jotzen ditu, Gaza guztiz suntsituta dagoela ziurtatzeko. Dagoeneko 1,9 milioi pertsona lekualdatzera behartu dituzte zerrendan erasoen bitartez, eta hori bat dator genozidioaren definizioarekin.
Azken txostenean, «genozidioa» eta «garbiketa etnikoa» kontzeptuak erabili dituzue. Zein da termino horiek erabiltzearen garrantzia?
Genozidioa gehienek uste duten baino harago da, ez baita komunitate bateko pertsona oro hiltzea, gizarte bat guztiz suntsitzea baizik. Hilketa masiboak dakartza horrek, noski, baina baita beste jardun batzuk ere, hala nola bizi baldintzak suntsitzea eta komunitate hori berriro lurraldean bizitzeko gai ez dela izango ziurtatzea.
Hori adierazteko, Israelgo goi kargudun ugariren adierazpenak jaso ditugu txostenean, genozidioaren ideia islatzen dutenak. Esan horietan guztietan zin egiten dute Gaza guztiz suntsituko dutela.
Beraz, argi dago gertatzen ari dena ez dela ez gerra eta ez autodefentsa. Herritarrek hori sinetsi izana Israelgo propagandaren emaitza da, eta, horren bitartez, gainera, haien benetako helburua ezkutatzen dute: Gazan erabateko garbiketa etnikoa egitea.
Zer deritzote israeldarrek zerrendan gertatzen ari denari?
Israelgo gizartea manipulatu egin dute propagandaren bidez. Herrialde demokratiko eta liberala ginela sinetsarazi digute, baita juduen nagusitasunaren ideia zabaldu ere.
Hala, genozidiora eraman gaituena ez da egun bateko kontua izan. Noski, [2023ko] urriaren 7ko gertakaria erabakigarria izan zen, baina nahikoa ez. Hamarkada luzez Israelek palestinarrak deshumanizatzeko eta haiei lurraldeak okupatzeko egindako saiakeren emaitza da oraingoa. Pentsatzeko modu genozida bat erein dute israeldarrengan, eta bortizkeriaren aurrean itsu daude gehienak. Horrela pentsatzen duen jendeak hauxe dio: «Hori ez da egia, ez da halakorik gertatu». Eta, aldi berean, pentsatzen dute: «Gertatzen bada, arrazoiren bat dagoelako gertatuko da».
«Pentsatzeko modu genozida bat erein dute israeldarrengan, eta bortizkeriaren aurrean itsu daude gehienak»
Juduak eta palestinarrak bereizteko erabateko egoera diskriminatzaile batean jaio gara israeldarrak. Ez dugu palestinarrik ezagutu eskolan, ezta beste inon ere; ezagutzen ditugun lehen aldia armadan da. Eta, beraz, deshumanizazio sakona dago Israelgo gizartean.
Horren ondorioz, israeldarrek ez ikusiarena egiten diote gertatzen ari den horri, eta aitzakiak asmatzen dituzte, Gazako hilketei eta goseteari garrantzia kentzeko.
Hala ere, pixkanaka, israeldar batzuk esnatzen ari dira. Erresistentzia mugimendu juduak hasiak dira, baina beranduegi da. Arazoa ezin dugu barnetik konpondu: nazioartearen laguntza eta presioa behar dira.
Zer eginkizun du prentsak Israelgo propagandan?
Prentsa ezinbestekoa da Israelen propagandarako. Esango nuke gertatzen ari dena ez litzakeela gertatuko Israelgo hedabideek ez balute parte hartuko propagandan eta desinformazioan.
«Esango nuke gertatzen ari dena ez litzakeela gertatuko Israelgo hedabideek ez balute parte hartuko propagandan eta desinformazioan»
Historian zehar ikusi izan dugu gobernuek, propaganda zabaldu nahian, kontrolpean hartu izan dituztela hedabideak. Baina, Israelen, komunikabideek beren kabuz egin diote uko prentsa askatasunari, eta Israelen propagandarako tresna bilakatu dira.
Gainera, israeldar gehienak mundutik bakarturik daude. Ez diete bestelako hedabideei erreparatzen, eta, komunikabide batek haien kontra edozer kaleratzen badu, antisemitatzat jotzen du gobernuak. Beraz, propaganda eta prentsa guztiz lotuta daude.
Israeldarrek ez dute jasotzen gainontzekoek adina informaziorik, ez dituzte ikusten besteek ikusten dituzten bideoak eta argazkiak. Baina badakite zer gertatzen ari den. Hala ere, genozidioaren mekanismoaren eta aitzakien bidez, ez ikusiarena egiten dute. Esate baterako, gosez hildako umeen argazkiak ikustean, adimen artifizialarekin eginda daudela esaten dute; eta argazkiak benetakoak irudituz gero, umeak aurretik gaixo zeudela; eta gosez hil badira, Hamasek janaria lapurtu dietela.
Israelen Gazako egoeraren aurka agertuz gero, pairatzen al duzue oztoporik edo zapalkuntzarik?
Israelen aurka agertzen diren eragileak eta erakundeak badaude. Noski, gobernuak ez ditu gustuko, eta maiz bertan behera uzten ditu haien ekintzak. Hala ere, jendeak bere iritzia eman dezake, eta guk gure txostenak ateratzen ditugu. Baina atxilotua izatearen beldurra hor dago beti.
Kalean tentsioa nabari da, eta, askotan, iritzi nagusitik urruntzea arriskutsua izaten da; ez Poliziaren errepresioagatik bakarrik, baita herritarrengatik ere.
Txostenean, ohartarazi duzue Zisjordaniako palestinarrak ere izan daitezkeela genozidio baten biktima. Zer esan nahi du horrek?
Azken finean, sistema bat genozida bilakatzen denean, muga guztiak galtzen ditu. Israelgo Gobernuak ez du mugarik bere helburuak betetzeko, eta badaki ez dagoela biderik bera geldiarazteko.
«Israelgo Gobernuak ez du mugarik bere helburuak betetzeko, eta badaki ez dagoela biderik bera geldiarazteko»
Horiek horrela, genozidioa pairatzeko arriskua ez dute Gazako palestinarrek soilik: Zirjordaniako hiru milioi palestinarrek eta Israelgo bi milioiek ere badute. Dagoeneko, ikusi dugu Israelek Zisjordanian errepikatu dituztela Gazan egindakoak, neurri txikiagoan. Adibidez, etxebizitzak suntsitu ditu, eta, gutxienez, 40.000 palestinar lekualdatzera behartu ditu.
Beraz, Zirsjordanian ere hasi da garbiketa etnikoa, eta beldur gara Israelek genozidioa hara ere zabalduko ote duen. Gazan arreta jarri behar dugu, baina ezin ditugu ahaztu Zisjordaniako eta Israelgo palestinarrak. Israelgo sistema genozida dela jabetu behar dugu, eta nazioartearen gidaritza ezinbestekoa da horri aurre egiteko.