Georges Ibrahim Abdallah askatuko dute, berrogei urtez kartzelatuta eduki ondoren

Parisko Dei Auzitegiaren aginduz, uztailaren 25ean Frantziatik Libanora, hau da, bere jaioterrira deportatuko dute Europan espetxeratuta denbora gehien igaro duen preso politikoa.

Georges Ibrahim Abdallah Lannemezango kartzelako ziegan, duela gutxiko argazki batean. ERIC COQUEREL
Georges Ibrahim Abdallah Lannemezango kartzelako ziegan, duela gutxiko argazki batean. ERIC COQUEREL
Igor Susaeta.
2025eko uztailaren 17a
10:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Georges Ibrahim Abdallah ezkerreko ekintzailea aske uzteko eskatu du gaur Parisko Dei Auzitegiak: Abdallahk berrogei urte daramatza kartzelatuta. Ateak itxita egin dute auzi saioa, eta haren abokatu Jean-Louis Chalansetek kazetariei ondoren adierazi dienez, «garaipen bat» da deliberazioa, «41 urtez ankerkeria nozitu ondoren». Erabakia hilaren 25ean gauzatuko dute, eta Lannemezango espetxetik (Okzitania) jaioterrira deportatuko dute, Libanora.

Europan espetxeratuta denbora gehien igaro duen preso politikoa da Abdallah, eta 74 urte ditu. PAHF Palestina Askatzeko Herri Fronteko eta  Libanoko Frakzio Armatu Iraultzaileko kide izandakoa da, eta 1984an hartu zuten atxilo, Lyonen (Frantzia), dokumentu faltsuak edukitzea leporatuta.

Hiru urte geroago, ordea, bizi osoko kartzela ezarri zioten, AEB Ameriketako Estatu Batuetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentraleko agente baten eta Mossad Israelgo zerbitzu sekretuetako beste baten hilketetan parte hartzea egotzita. Abdallahk errugabea dela adierazi izan du beti. Nolanahi ere, azpimarratu izan du atentatu haiek «Israelen eta AEBen zapalkuntzaren» aurkako «erresistentzia ekintzak» izan zirela.

Frantziako hedabideek iturri judizialak aipatuz kaleratu dutenez, hilaren 25ean utziko dute aske, ostiralarekin. Iturri horien beren arabera, estatu indarrek Tarbeseko aireportura eramango dute —Lannemezango kartzelatik 45 kilometro ingurura—, eta han hegaldi bat hartuko du. Charles de Gaulle aireportuan (Paris) lur hartu ondoren, beste hegaldi bat hartuko du, eta handik joango da Beirutera. Libanoko agintarien esku geratuko da orduan, eta jaioterrira itzuli ahal izango da, Kobaiatera. Beirut aspalditik ari zitzaion Frantziari eskatzen aske utz zezatela.

Duela 11 urte, BERRIAk elkarrizketa egin zion Abdallahri.

Kartzelatuta hamabost urte zeramatzanean, 1999an, aske utz zezatela eskatzeko eskubidea eduki zuen aurrenekoz. Ordutik, hamabi eskaera egin ditu. Auzitegiek atzera bota izan dituzte gehienak. Eta hala gertatu ez zen aldietako batean —2003an, esaterako—, Frantziako Gobernuak trabak jarri zituen, eta fiskaltzari eskatu zion helegitea jartzeko; beste kasuren batean Libanora deportatzeko eskaerari uko egin zion gobernu horrek berak; hain zuzen, epaileek baldintza hori jarri zuten 2013an, aske gera zedin.

(ID_15151289) FRANCE LEBANON TRIALS
Abdallahren abokatua gaur azalpenak ematen Parisko Dei Auzitegian. MOHAMMED BADRA  / EFE

«Garaipen juridiko bat da hau, baina eskandalu politiko bat ere bai, jakinda ez dela lehenago aske geratu AEBen eta Frantziako presidenteen jarrerarengatik», salatu du Abdallaharen abokatuak. Izan ere, AEBetako administrazioa alde gisa aurkeztu da prozeduran, eta ekintzaile libanoarra askatzearen kontra agertu izan da.

«Garaipen juridiko bat da hau, baina baita eskandalu politiko bat ere, jakinda ez dela lehenago aske geratu AEBen eta Frantziako presidenteen jarrerarengatik»

JEAN-LOUIS CHALANSETAbdallahren abokatua

Prozeduraren mugarrietako bat, hain zuzen, iazko azaroan izan zen, Zigorrak Aplikatzeko Frantziako Epaitegiak agindu baitzuen ekintzailea aske uzteko, argudiatuta Abdallahren kartzelaldiak «neurriz kanpo» iraun duela kontuan hartuta zer delitu egozten zizkioten; arrazoitu zuen, gainera, «adinekoa» zela, Libanora itzultzea zuela helburu, eta ez zegoela «arriskurik» hark «ordena publikoa asaldatzeko». Kontrara, nabarmendu zuen haren kartzelaldi luzeak berak ekarri zuela ordena publikoa asaldatzea, haren aldeko taldeek maiz egindako manifestazioen ondorioz.

Georges Ibrahim Abdallahren aldeko mobilizazio bat Parisen, atzo. TERESA SUAREZ / EFE
Georges Ibrahim Abdallahren aldeko mobilizazio bat Parisen, atzo. TERESA SUAREZ / EFE

Erabakiari testuingurua ere jarri zioten ebazpenean. Izan ere, auzitegiaren iritziz, Abdallah zen Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailea talde «laiko, marxista eta komunistako azken aztarna», eta talde hori «jada gainditua dagoen Libanoko eta Palestinako ezker muturraren ekintza biolentoan historian» sartu behar da; epaian gogorarazi nahi izan zuten Libanoko erakunde horrek 1984tik ez duela atentaturik egin, «ez Frantzian, ez beste inon».

Kalte ordaina

Baina erabaki hura bertan behera utzi zuten, Terrorismoaren Kontrako Frantziako Fiskaltzak helegitea jarri baitzion. Azaldu zuen Abdallahren jarrerak ez zuela «garapenik» eduki, eta bere sinesmenei «eutsi» ziela. Hilabete batzuk geroago, otsailaren 20an, dei auzitegiak berretsi egin zuen Zigorrak Aplikatzeko Frantziako Epaitegiaren epaiak jasotakoa; hori bai, beste baldintza bat jarri zuen aske uzteko: presoak «kontuan hartzeko moduko ahalegin bat» egin zezala biktimei kalte ordaina emateko. Abdallahk uko egin izan dio horri, argudiatuta preso politiko bat dela.

Ekainaren 19an beste auzi saio bat egin zuten, eta abokatuak epaileei jakinarazi zien Abdallahren kartzelako kontuan 16.000 euro zeudela, «prozedurako zibilen eskura». Ez zuen zehaztu kalte ordainetarako diru horren iturria zein zen, baina presoaren aldeko batzordeak lortutako dirua da, nagusiki. Egun horretan bertan, zenbait komunikabidek iturri judizialak aipatuz argitaratu zutenez, fiskaltzak eta AEBek esan zuten ordain hori ez zela nahikoa askatua izan zedin, ez zelako damutu. «Damuaren kontzeptua ez dago jasota Frantziako zuzenbidean. Epaileei esan diet: 'askatu ezazue, edo ezar iezaiozue heriotza zigorra'». Eta askatu dute, berrogei urtez giltzapetuta eduki ondoren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.