Georgia

Georgiako lehen ministroaren dimisioa eskatu dute, eraso homofobo baten ondorioz hil den kamerariarengatik

Milaka manifestari elkartu dira parlamentuaren aurrean, Garivaxviliri kargua utzi dezala eskatzeko. Gobernuak ikerketa bat agindu du.

Garivaxvili Georgiako lehen ministroaren dimisioa eskatzeko manifestazioa, gaur, Tbilisin, herrialdeko parlamentuaren parean. ZURAB KURTSIKIDZE, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko uztailaren 13a
13:30
Entzun

Irakli Garivaxvili Georgiako lehen ministroaren dimisioa exijitu dute milaka herritarrek, gaur, Tbilisin, Georgiako Parlamentuaren parean. Eraso homofobo baten ondorioz hil den kamerariarengatik kargua utzi behar duela adierazi dute manifestariek. «Garivaxvili hiltzaileak dimititu dezala, eta zigortua izan dadila», zioen protestan ikus zitekeen pankartetako batek.

Georgiako Piveli telebistako Alexandr Laxkarava Lexo kamerariari joan den uztailaren 5ean egin zioten eraso. LGTBI komunitateak Duintasunaren Martxa antolatu zuen egun horretan, sexu eta genero askatasunaren alde, eta Laxkarava manifestazio horretako irudiak biltzera joan zen. Erasoaren ostean mediku alta jaso eta egun gutxira hil zen, joan den igandean. Bere etxean topatu zuten hilda. 36 urte zituen.

«Jo egin zuten, burua apurtu zioten, Jainkoaren izenean eman zizkioten ostikoak, Poliziaren laguntzarekin. Horren ostean hil zen. Denok dakigu zerk hil zuen. Erasotzaileek hil zuten, eta Poliziaren esku hartze ezak», adierazi du Nika Oboladze Mugimendu Nazional Batua oposizioko alderdiko ordezkariak.

Garivaxvilik atsekabea adierazi du kamerariaren hilketarengatik. «Tragedia imajinaezina» izan da, haren hitzetan. Dolumina adierazi die Laxkaravaren senideei eta lankideei, eta jakinarazi du Barne Ministerioak ikerketa bat abiatu duela, hilketaren arduraduna atxilotzeko. 

Oposizioak eta herritar ugarik, ordea, ez dute uste Garivaxviliren hitzak nahikoa direnik, eta protestara deitu dute. Hainbat kazetari elkartek iragarri dute beste manifestazio bat antolatuko dutela iganderako.

Kontramanifestazio homofoboak

LGTBI komunitateak uztailaren 5erako deitu zuen Duintasunaren Martxa bertan behera utzi zuten antolatzaileek azkenean, martxa egin behar zen tokian kontramanifestazio homofoboetan ehunka lagun bildu eta manifestariei nahiz bertan ziren kazetariei bortizki eraso egin zietelako. Laxkaravak berak azaldu zuenez, 50 lagun inguruk jipoitu zuten, eskaileretatik behera jaurti zuten eta kamera apurtu.

ILGA nazioarteko elkartearen arabera, Georgia 32. herrialdea da sexu eta genero askatasunen errespetuari dagokion Europako zerrendan, 49 herrialdeko sailkapenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.