Georgiako matxinada militarra sustatu izana ukatu du Errusiak

Mukhrovaniko base militarrean izandako errebolta menderatu du Georgiak; Errusia saioaren atzean egon dela salatu du Tbilisik

2009ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Georgiako base militar bateanatzo izandako altxamendu militarrarekin zerikusirik izatea ukatu du Errusiak. Tbilisiko gobernuak mutina sustatu izana leporatu baitzion aurretik Moskuri. Mikhail Saakaxvili presidentearen kontra protesta olde zabala daramatzaten oposizioko indarrek, aldiz, gertatutakoa exekutiboak berak antolatu duela uste du.

Tbilisi Georgiako hiriburutik 30 kilometrora kokatua den base militarrean izan zen matxinada, Mukhrovanin. Mamuka Gorgixvili jenerala buru duen lur armadako unitate bat dago base militar horretan. David Sukharulidze Georgiako Defentsa ministroak militarrek ez dutela aldarrikapen zehatzik egin jakinarazi zuen. Estatu kolpe bat prestatzeko konplota bertan behera utzi zutela jakinarazi ondoren, matxinada orduan piztu zela gaineratu zuen ministroak. Krisi kabinetea eratu eta 30 orga korazatu bidali zituzten base militarrera. Handik gutxira dena kontrolpean zutela jakinarazi zuen haren eledun Xota Utiaxvilik: «Dena amaituta dago eta egoera kontrolpean daukagu; altxamenduaren egileak errenditu egin dira, base militarreko komandantea barne; ez da indarra baliatu beharrik izan».

Saakaxvili presidenteak «matxinada militarraren» helburua zein zen salatu zuen: «Georgiaren burujabetzaren eta gure herrialdea Europan zein NATOn sartzearen aurkako ekintza izan da».

NATOren maniobrak

Errusiari militarren errebolta sustatu izana leporatu dio Georgiak. Utiaxvili Barne Ministerioko bozeramaileak egin du salaketa: «Matxinoak Errusiarekin harremanetan zirela eta manuak eta dirua jaso dutela, horren guztiaren frogak dauzkagu». Haren hitzetan, militarren xedea altxamendu militar bat eragitea zen: «Errusiak bultzatutako plan honen gutxieneko helburua zen NATOrekiko maniobra militarrak eragoztea».

Estatu kolpe saioaz ere mintzatu dira georgiarrak. Sukharulidze Barne ministroaren arabera, horixe zen asmoa; estatu kolpea ematea eta gaur hastekoak diren NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen maniobrak galaraztea.

NATO Georgiako armadarekin batera egin behar ditu maniobrak eskualdean. Errusiak, baina, begi txarrez ikusten du bere eraginpean egon zen herrialde batean NATOk maniobra militarrak egitea. Gaur hasi eta datorren ekainaren 1era arte luzatuko dira maniobrak eta hemeretzi herrialdetako 1.300 soldadu parte hartuko dute trebakuntzan. NATOko kiden diren estatu andanak, baina, maniobra hauetara militarrik ez bidaltzea erabaki dute: Armenia, Estonia, Letonia, Kazakhstan, Moldavia eta Serbia, besteak beste.

Oposizioaren salaketak

Altxamendu militar saio honen inguruko azalpenei sinesgarritasunik ez diete antzeman, bestetik, presidentearen aurkari politikoek. Oposizioa hiriburuaren inguruko errepideetan protesta ekintzak egitekoa zen atzo eta matxinada militarra egun berean egitea susmagarritzat jo dute. Georgiako hiriburura doazen errepideetan trabak nahi zituzten jarri, beste behin presidentearen dimisioa exijitzeko. Oposizioko indarrek apirilaren hasieran abiatu zituzten protesta ekintzak. Saakaxvili presidentearen agintearen «bilakaera autokratikoa» salatzeko eta hauteskundeak aurreratzea aldarrikatzeko egin dituzte protestak.

Saakaxviliren aurkariek, hartara, aho batez adierazi dute atzoko gertaerak «herritarren arreta desbideratzeko» saio bat izan zirela. «Presidenteak eta bere gobernuak paratutakoa». Hala iritzi dio oposizioko indarren buruzagiKakha Kukavanek. Salome Zurabxvili Georgiarentzako Bide Berria alderdiko buruak, berriz, «errealitate birtual» bezala jo du gertatutakoa: «Honek esan nahi du gure bidean aurrera egin behar dugula, Georgia salbatzeko beste jokabiderik ez baitago».

Errusiak, berriz, ironiaz hartu dituzte akusazioak. Dmitri Rogozin Errusiak NATOn duen enbaxadoreak adierazi du, jada ohituta daudela horrelako salaketetara: «Georgiako agintari politiko eta militarrek lau haizetara zabaltzen dituzten salaketa eroei ohituta gaude honez gero; izan ere, hauen arabera, Georgian gertatzen diren makur guztien atzean Errusiaren esku-hartzea badago, baita ekaitza edo harriabar erantsiak ere». Rogozineren iritzian, honek guztiak agerian uzten duen gauza bakarra presidentearen jokabidea da: «Saakaxviliren jokabide eroa besterik ez da».



NATOrekin maiatzean egin behar zuen bilera bertan behera utzi du Errusiak

Hil honen bigarren hamabostaldian egitekoa zen NATOren eta Errusiaren arteko bilerara ez dela joango jakinarazi du Moskuk. Erabaki horrekin, NATOren Bruselako ordezkaritzan ziharduten bi diplomazialari kanporatzea salatu nahi izan du Kremlinek. Espioitza afera batekin zerikusia zutelakoan, NATOk agiriak kendu zizkien, joan den astean, Viktor Kotxukov eta Vassili Txijov errusiar diplomatikoei. Ondorioz, Belgikako Atzerri Ministerioak herrialdetik lehenbailehen alde egiteko manua eman diete bi errusiarrei. NATOn Errusiako enbaxadore Dmitri Rogozinek, haatik, argi esan du, ez dituztela NATOrekiko loturak eten nahi :«Honek ez luke zentzu izpirik ere». Aliantza Atlantikoak «damugarritzat» jo du Errusiak bilera bertan behera utzi izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.