Oposizioak haserre segitzen duelarik, eta faboritoen arteko alde handirik gabe, egingo dituzte gaur Georgiako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Eserleku kopurua 235etik 150era jaitsiko dute, gainera. Inkestek Mikhail Saakashvili presidentearen UNM Mugimendu Nazional Batuari alde txikia ematen diote (%26,4ko boto asmoa) bederatzi alderdi biltzen dituen UO Oposizio Batua koalizioarekin (%22,4) konparatuta. Baina botoa zeini eman zalantzan dauden herritarren kopuru handiak, batetik, eta alderdien zerrenden bidez soilik 150 diputatuetatik 75 hautatzeak, bestetik, ezustekoei atea irekita uzten die. Beste 75 ordezkariak barrutien arabera hautatuko dituzte. Oposizioa sumindua dabil, iazko azaroan Saakashviliren gobernuak herritarren protestak zapaldu eta urtarrilean presidentetzarako bozetan «iruzurra egin zuelako». Orain halakorik errepikatuko balitz eta iruzur zantzurik txikiena jasoko balute, Legebiltzarrean ez dutela inolako elkarlanik landuko ohartarazi du UOko buruetako batek, Ghia Tortladzek.
Horiek hala, Legebiltzarreko jarduneko presidente Nino Burjanadzek parte-hartzea handia izateko eskatu du. «Bozak askeak eta bidezkoak izatea bermatuko dugu», nabarmendu du. Hauteskunde Batzordeei inpartzial jokatzea galdegin die, eta, era berean, hauteskunde prozesua lasai joan dadin laguntzeko deia egin die oposizioko alderdiei; «zeinahi kexa legeak ezarritako arauei jarraiki konpon ezazue».
Burjanadzek ezustekoa eman zuen apirilean, legebiltzarkide izateko hautagai ez zela aurkeztuko iragartzean, agintean den alderdiarekiko ezadostasunak zirela eta. UNMko zerrendaburu izatea espero zuten askok, baina azkenean ez zen hala gertatu. Horrek alderdia ahulduta utzi du, Burjanadze Arrosen Iraultza-ko figura nagusietako bat izan baitzen, 2004ko bukaeran Edvard Shevardnadze presidentearen dimisioa eragin zuten protesta baketsuetan.
Ofizialisten ahuleziaz aprobetxatzen saiatuko dira oposizioko beste alderdi batzuk Legebiltzarrean segitzeko edota sartzeko, diputatuen kopurua murrizteak talde asko kanpoan utz baititzake. Errepublikanoak, laboristak, demokrata kristauak eta beste batzuk lehia gogorra izango dute.
«Ez dugu utziko berriz iruzurrik gertatzea, eta ez gara besoak gurutzatuta egongo», ohartarazi du UOko buruzagi Levan Gasheshiladzek. Urtarrileko presidentetzarako bozetan bigarren hautagairik bozkatuena izan zen, Saakashviliren atzetik. «Agintariek emaitzak manipulatzea eragozteko», bozkalekuak itxitakoan bere jarraitzaileak Maiatzaren 26a plazan biltzera deitu ditu oposizioko buruak. Georgiaren independentzia eguna gogoratzen du enparantza horrek.
ERRUSIAREKIKO HARREMANAK. «Saakashvilik politika utzi behar du, baita Georgiako Estatua suntsitzeari ere», adierazi du Gashehiladzek. Bere aliatu Konstantin Guntsadze diputatuak oposizioaren jarraitzaileak noraino iristeko prest dauden azaldu du: «Herriak aldaketarako itxaropen handia du, eta hauteskunde garbiak exijitzen ditu. Gobernuak iruzurra egiten badu, oso litekeena da herri matxinada piztea».
Presidenteak bere posizioa eta auzitan dagoen irudi demokratikoa sendotu nahi ditu, Georgia NATOn sartzeko ezinbesteko urrats gisa.
NATOn lehenbailehen sartzeko nahia da ofizialistak eta oposizioa batzen dituen gauza bakarra. Izan ere, Aliantza Atlantikoko kide izateari garrantzia handia ematen diote Georgiaren segurtasuna bermatzeko, Errusiarekiko harremanak gaiztotuta dauden honetan.
Tbilisiko gobernuak Moskuri egozten dio Abkhazia eta Hego Osetiako errepublikak -Georgiatik 1990eko hamarkadatik de facto bereiziak- sostengatzen ibiltzea, bai ordu hartan, bai orain.
Joan den apirilaren bukaeran Errusiak 2.000tik 2.500 soldadura igo zuen Abkhazian duen baketze indarra, «odol isuria eragozteko», Moskuren esanetan. Horrek argudiatu zuen Georgiako armadak tropak pilatu zituela Abkhaziako mugan. Georgiak Abkhazian dauden soldadu errusiarren ordez Europako Batasuneko polizia indarrak hedatzea nahi du. Hala NATO nola EB kezkatuta agertu dira Errusiaren erabakiarekin.
Hain zuzen ere, Georgiako presidenteak Londresko The Independent egunkariari adierazi dionez, Tbilisiren eta Moskuren arteko tirabiren ondorioz, Georgia «beste mundu gerra baten gudu zelaia» izateko arriskuan da. Haren iritziz, Errusiako agintariek «harroputz» jokatzen dute nazioarteko harremanetan; «atezain batek nola jokatu esan beharko lieke». Atezain horiek NATO eta EB izan daitezkeela iradoki du The Independent-ek.
Horrez gain, iazko azaroan, herritarren protesten aurrean oker jokatu zuela onartu du: «Gauza itsusia izan zen, diktadore kutsuko bihurtzen den buruzagi odolbero eta burubero baten estereotipora egokitu zena».
«Boz askeak eta bidezkoak izatea bermatuko dugu. Zeinahi kexa arauei jarraiki konpon ezazue»
nino burjanadze
legebiltzarreko jarduneko presidentea
Georgiako oposizioak ez du onartuko gaurko bozetan «berriro iruzurrik egitea»
UNM alderdiak alde txikia ateratzen dio inkestetan oposizioari, Legebiltzarreko hauteskundeei begira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu