Katalunia. Burujabetzaren bidean (II). Salvador Cardus. Trantsizio Nazionalerako Aholku Batzordeko kidea

«Gerra baten testuinguruan ulertu behar dira Masen hitzak»

Kataluniako egoerak aurrekorik ez duela uste du Trantsizio Nazionalerako Aholku Batzordeko aditu honek. Madrilek Katalunia «iraindu» zuela eta horrek herritarren erreakzioa piztu zuela nabarmendu du independentismoaren hazkundea azaltzeko.

DANIEL CODINA.
Ion Orzaiz.
Bartzelona
2013ko irailaren 7a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Kataluniako gizartearen bilakaera eta independentismoaren hazkundea aztertzeko, Salvador Cardus ekonomian doktorea eta idazlea da autoritate nagusienetako bat. Kataluniako Trantsizio Nazionalerako Batzorde Aholkularia osatzeko Generalitateak izendatutako adituetako bat da, eta hainbat liburu idatzi ditu gai horren inguruan. Seguru atzematen zaio hitz egiten duenean. Eta, hala ere, herrialdean azken urtebetean gertatu dena «nekez» azal dezakeela aitortu digu mahaira eseri bezain laster.

Zein da kataluniar independentismoaren hazkundearen sekretua?

Ez da erraza hori azaltzea. Ez, behintzat, gaur egun. Agian hemendik zenbait urtetara, atzera begiratzean, gertatutakoa esplikatzeko gai izanen gara, bainaez orain. Nola azaldu, adibidez, La Vanguardia, El Periódico eta halako kazeta handiek independentismoaren kontrako kanpaina mediatiko bortitza egin arren, aukera politiko horrek gora egin izana?

Zuk zeuk izanen duzu hori azaltzeko teoriarik...

Kataluniako Estatutuaren erreforma eztabaidatu eta onartu zenean, iraina sufritu genuen kataluniarrek, eta horrek eragin handia izan duela uste dut. Gure estatutuaren erreforma negoziatu, gogoz kontra murriztu, espainiar legedira egokitu... Espainiarekiko elkarbizitzari azken aukera eman zitzaion orduan, eta sakrifizio handia egin zen horretarako. Eta zaplaztekoa eman ziguten. Hain izan zen handia iraina, ezen proiektu hori sustatu zuten agintari politikoak desagertuak diren gaur egun: Pasqual Maragall, Josep Lluis Carod Rovira eta Joan Saura. Belaunaldi oso baten porrota izan zen. Hortxe hasi zen jendearen jarrera aldatzen eta independentziaren alternatiba hezurmamitzen. «Bide honetatik ezin badugu aurrera egin, pentsa dezagun beste zerbait», esan zuten askok, eta elur bola hazten hasi zen: 2009ko erreferendumak, 2010eko manifestazioa eta, azkenik, 2012ko Diada erraldoia.

Alderdi politikoak herriaren atzetik joan direla ematen du.

Bai, baina alderdi subiranistei dagokienez, independentismo hori bazegoen lehendik ere. Artur Mas eta haren belaunaldiko politikariek independentistatzat zeukaten euren burua alderdiko gazteria sailean zeudenean ere, baina askok uste zuten herritarrak ez ziren ideia horren atzetik joanen. Iazko irailaren 11n frogatu zen atzetik joan ez, herritarrek aurrea hartu zietela.

Artur Masek ostegunean egindako adierazpenak ez al dira atzerapauso bat independentistentzat?

Ezta hurrik eman ere. Nire ustez, Artur Masen adierazpenak izugarri gogorrak izan ziren: erreferenduma posible ez bada hauteskunde plebiszitarioetara deituko duela eta, horren ondoren, independentzia aldarrikapen aldebakarra eginen duela. Generalitateko presidente batek halako zerbait esatea itzela da. Ikaragarria.

Hauteskunde horiek ez lirateke 2014an eginen, 2016an baizik...

Baina logikoa da hori! Masek ez balu esanen 2016ra arte karguan irauteko asmoa duela, hauteskundeetarako beste egun bat eman beharko luke derrigor, eta makur politiko larria izanen litzateke hori. Finean, egin zezakeen gauza bakarra egin du: legealdia betetzen saiatuko dela esan.

Eta beteko al du?

Ikusiko dugu zer gertatuko den gero. Denbora asko falta da oraindik 2016rako.

Masen hitzek ez al dute giroa apur bat hoztuko?

Bi urte daramagu horixe bera esaten, eta giroa pil-pilean dago oraindik. 2010 eta 2012ko manifestazioen ondoren hasierako grina desagertuko zela esaten zidaten askok, eta begira non gauden orain. Kontuan izan behar dugu iraupen lasterketa bat dela hau. Oro har, ez dut uste Masen hitzek eragin handirik izanen dutenik asteazkeneko giza katean, eta izatekotan, positiboa izanen da, amorruak akuilatuta, jende gehiagok eman baitezake izena.

Askok etsipenez hartu dute kontsultaren atzerapena.

Argi izan behar dugu hau gerra bat dela. Independentziaren alde eta kontra daudenen arteko gerra. Horregatik, alde bateko zein besteko eragileek botatzen dituztenak ez dira adierazpen hutsak. Gatazkaren parte gisa ulertu behar ditugu, Kataluniako hedabideek ere informazio soila ematen ez duten bezala. Lubakietako kazetaritza da. Eta testuinguru horretan ulertu behar ditugu Masen hitzak ere.

Zein da, bada, presidentearen adierazpenek gordetzen duten mezua?

Masek agerian utzi duena zera da:erreferenduma egin ahal izateko, Espainiako Estatuaren baimena edo, behintzat, tolerantzia beharrezkoa izanen dela. Eta adibide asko eman ditzakegu: hauteskunde errolda, adibidez, estatuak bakarrik baititu botoa eman dezakeen jendearen zerrendak; edo plebiszituaren segurtasun juridikoa; edo nazioarteak independentzia hori onar dezan baliabideak ezartzea... Independentzia ez da egun batetik bestera eraikitzen. Ez da gobernuz kanpoko erakunde bat sortzea bezala. Estatu ikuspegia falta zaigu kataluniarroi hori ulertzeko.

Bihar: Josep Ramoneda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.