Gerra kazetaria izan da 24 urtez Sorj Chalandon (Tunis, 1952).Libération egunkarian hasi zen 1973an, eta Le Canard enchaîné aldizkarian idazten du egun. Albert Londres kazetaritza saria irabazi zuen 1988an, urte hartan egindako lanengatik eta Ipar Irlandan idatzitako kronikengatik, besteak beste. Gerra bere baitan «sartua» da, eta harentzat, zailena «bakera itzultzea» da. Ttipitan, aitaren indarkeria jasan zuen, eta uste du gerran libratu dela hortaz. Dozena bat eleberri ere idatzi du.
Egun Frantzian gehien irakurtzen diren egunkarietako baten hastapenak ezagutu dituzu,Libération-enak. Nola gogoratzen duzu garai hori?
Bai, 1973ko otsailean sortu zen, eta irailean sartu nintzen, Txileko estatu kolpearen karietara. Orduan, marrazki bati esker sartu nintzen. Ondoren, egiazko marrazkilariak arribatu zirenean, ohartu ziren iruzurti hutsa nintzela, eta erredakzio idazkari hasi nintzen. Gero, egiazko erredakzio idazkariak heldu ziren, eta horiek ere ohartu ziren jukutriaz! Finean, Serge July garaiko nagusiak erran zidan: «Alde egin edo erredakzioan sartu beharko duzu». Eta erredakzioan sartu nintzen.
Zein izan zen zure lehen lana?
Balio nuela frogatzeko, erabaki nuen ene bakantza denboranerreportaje bat egitera joatea. Siriako armadak Quneitra izeneko herri bat berreskuratu behar zuela entzun nuen, aitzinetik Israelek hartua baitzuen. Siriako pasaporte bat eskuratu nuen, zakua prestatu, eta Quneitran sartu nintzen lehen tankearekin batean. Hola hasi, eta gerra berriketaria izan naiz 24 urtez.
Gerra anitzetan egon zara egunkari horrendako.
Bai, Iranen eta Iraken arteko gerran, Somaliakoan, Afganistangoan, Libanokoan... [Persiar] golkoko gerra denboran ere Bagdaden egon nintzen. Irlandako gerran ere bai, nola ez... Eta Euskal Herrian GALek egindakoa ere jorratu nuen. Nik horri gerra deitzen baitiot.
Nola kontatu behar du gerra kazetari batek?
Zer ikusten eta entzuten duzun kontatu behar duzu. Sekula ez zer pentsatzen duzun. Uste dut pentsatzen dutena eta ikusten dutena nahastea dela egungo kazetarien makurretako bat. Demagun Gazako zerrendan naizela berriemaile. Zer gertatzen den kontatuko nuke, erortzen diren bonbez idatziko nuke, baina ez nintzateke hasiko erraten: «Nire ustez Israelek...». Ez, ez da nire rola. Bi kazetari mota daude: jakintza kazetariak, eta begirada kazetariak.
Zeinetakoa zara?
Norbaitek erran zidan ni begirada kazetaria naizela, eta arrunt ongi zait. Kazetari batzukaurretik prestatutako dosier batekin doaz gerra eremuetara, pentsatzen dutena baieztatzera. Ni ez. Ene ideiak kordokatzeko prest naiz, ez dakidanari buruz ikasteko prest, baita uste nuenaren kontrako bidea egiteko prest ere.
Nola itzultzen da gerratik egunerokora?
Gerra zure baitan ekartzen duzu.
Eta nola bizi daiteke norbere baitan gerran izanik?
Ezin da ezer egin. Bada benetako istorio bat Le quatrième mur[Laugarren pareta] eleberrian kontatzen dudana. Ene alabaritxokolatezko izozki bat erori zitzaion Parisko parke batean, eta negarrez hasi zen. Libanotik sartu berria nintzen, eta erasiatu nuen. Galdetu nion nolaz egiten zuen negar txokolatezko izozki batengatik jakinda umeak bonben azpian hiltzen ari zirela. Noski, hori ez da egiten ahal aita gisa. Gerra ene baitan sartua zen ordurako.
Nola bizi izan duzu hori?
Gerrako berriketari izatea ez da nolanahikoa, baina gero bakean berriz sartzea da egiazko lana. Hori da zailena, dudarik gabe. Nola egiten den hori? Ez dakit. Beiruten nintzenean, bi neskatila ikusi nituen karrika trabeskatzen ur bidoi batekin, eta tiratzaile batek hil zituen. Neskatilak lurrean, ura isurtzen... Hori ikusten duzunean, errabiatua zara. Eta handik itzultzean, etxera sartzen zara, eta alabak hozkailua irekitzen du, galdezka zergatik ez dagoen coca-colarik.
Halakoetan, haurra leihotik bota nahi izaten duzu. Baina, noski, ez duzu leihotik botako, eta haurra lasaitu behar duzu. Baina hain gauza sinesgaitzak bizi izanik, etxera sartu naizen aldi oro beste pertsona bat nintzen. Zure baitan dakarzun gerraz libratu behar duzu, baina biziki zaila da. Batzuek psikologoengana jotzen dute, trauma osteko estresaren nahasmendua ez garatzeko. Nik ez dut inoiz psikologorengana joan nahi izan; beharbada oker jokatu dut.
Zer harreman duzu indarkeriarekin?
Haur zanpatua izan naizenez, aitak ene baitan ikaragarrizko bortizkeria sarrarazi du. Baina, nonbait, uste dut indarkeria horrek lagundu nauela ezker muturreko militante gisa eskuin muturrekoei kolpe bakoitza bata bestearen ondotik itzultzen. Galdera da gero nik nola egin behar nuen aita izateko. Nola segurtatu ez nuela indarkeria hori berriz baliatuko?
Eta?
Ba uste dut ene baitako indarkeria guzia gerran xahutu dudala.
Sabrako eta Xatilako kanpamentuen masakrean egon zinen. Palestinar errefuxiatuen kanpamentuak ziren, Libanoko mugan, eta Israelen aliatuak ziren Libanoko milizia kristauek egin zuten sarraskia. Oihartzun berezia du egunotan... Nola ikusten duzu?
Ez dakit, ez dakit. Baina gauza bat erranen dut. Nik ez dut inoiz erraten talde bat terrorista denik. Edozein taldek militarrei eraso egitea gerra ekintza bat da. Talde berak haurrei eraso egitea ekintza terrorista bat da. Sinplea da. Taldea bera ez da terrorista, talde hori egiten dituen ekintzen bidez definitzen da. Afera da: zein da jomuga? Estatua? Estatuaren indar armatuak? Haurrak?
Ipar Irlandan egindako lanagatik kazetaritza sariak jaso dituzu, bestalde. Nolakoa da Irlandako egoera egun?
Begira, lehen aldia da hau erranen dudana. Ez banaiz biziki eritzen eta fite hiltzen, uste dut mugarik gabeko Irlanda batua ikusiko dudala. Segur naiz. Bake akordioetan da; errepublikanoak gehiengoa dira Ipar Irlandan, ez dute hauturik. Gatazka baten azken ondorioen arrastoa da oraingoa. Baina zinez uste dut Irlanda batura buruz goazela. Euskal Herrian baino aise errazagoa dute afera, ez dute Piriniorik hor erdian. Uharte bat da. Azken blokeoek jauzi eginen dute, eta nire biziko mozkor handiena izanen da.
Internetik gabe, garai bateko gerra berriemaileek nola egiten zenuten albisteak osatzeko?
Arazoak ematen zituena basamortua zen! Baziren AFP Frantziako berri agentziaren satelite bidezko telefonoak. Bestela, hiri bat atzeman behar genuen, posta atzemateko. Gerra berriketari batek egiten zuen lehen gauza hori zen, postara joatea zer ordutan hesten zuten ikusteko.
Gogoan duzu anekdotaren bat?
Indiara joan nintzen, Bhopaleko istripuaren berri ematera; milaka hildako izan ziren. Union Carbide izeneko amerikarren lantegi bat zapartatu zen. Istripua gertatu eta bi egunera arribatu nintzen, hegazkinez, eta, lurreratzean, zerumugan behiak, txakurrak eta jendeak ikusten nituen lurrean, hilik. Ene baitan ari nintzen: «Kaka zaharra, zer ari haiz hemen?». Bhopalen gelditu nintzen hiru egunez, eta tren bat hartu behar izan nuen New Delhira, han telefono bat aurkitu eta artikulua diktatu ahal izateko.
Nola iristen ziren artikuluak?
Batzuetan, hegazkin pilotu bati ematen genion artikulua, paper batean idatzirik, eta erredakzioko norbait joaten zen Parisko aireportura bila. Gero, hori egitea debekatu zuten, segurtasun arrazoiengatik. Erran bezala, telefonoz diktatzea ere gertatzen zitzaigun. Adibidez, Egipton, telefonoz hasten zinen: «Asiut herrian, a, s, i, u...». Baina beste puntan zenak ez zuen ulertzen, eta biharamuneko egunkarian Afiut ikusten zenuen. Amesgaizto bat zen, kar-kar.
Sorj Chalandon. Kazetaria eta idazlea
«Gerra batetik itzultzean, gerra zure baitan ekartzen duzu»
Bide luzea egin du Chalandonek gerra berriemaile gisa. Batik bat, Irlandako gatazka jorratu du, eta uste du uhartea «baturik eta aske» ikusiko duela. Gerrak nola bizi izan dituen kontatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu