1991. urtean, SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegin zenean, amaitutzat eman zen herrialde horren eta AEBen arteko Gerra Hotza. Horrek ez du esan nahi, ordea, Washingtonen eta Moskuren arteko tirabirak desagertu zirenik. Tentsioa eta mesfidantza hor izan dira beti. Aldebiko harremanak «berriz hasteko» asmoa agertu zuen Barack Obama AEBetako presidenteak bere lehen agintaldiaren hasieran, baina zenbait auzitan akordioa lortu arren, Etxe Zuriak eta Kremlinek talka egin dute: besteak beste, Libiako eta Siriako gatazketan eta misil nuklearren aurkako sistemaren aferan.
Errusiak Edward Snowden CIAko analista ohiaren behin-behineko asilo eskaera onartu izanak sutan jarri ditu Washingtongo agintariak, eta bi herrialdeen arteko harremanak are gehiago tenkatu ditu. Obama eta Vladimir Putin Errusiako presidentea irailean egitekoak ziren bilkura bertan behera utzi du Etxe Zuriak, eta Gerra Hotzaren oihartzuna entzun dute askok baten zein bestearen azken adierazpenetan. Bi aldeetako bozeramaileek, ordea, garrantzia kendu nahi izan diote auziari. Snowdenen izena ezagun bihurtu aurretik, alta, bi potentzia hauen arteko erlazioa izozten lagundu duten auzi gehiago izan dira ere.
Nazioarteko gatazkak
2011ko Libiako inbasioa izan zen Obamak sustatutako lehen gerra. Muammar Gaddafiren gobernuaren aurkako ekintzak «nazioartearekin» hitzartuko zituela hitzeman zuen AEBetako presidenteak, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak 1973 ebazpena onartu zuen, Libian esku hartze militarra ahalbidetuz. Orduan, Errusiak abstentziora jo zuen, eta ez zuen beto eskubidea erabili.AEBetako armadak hartu zuen operazioaren pisua, eta Errusiak berehala kritikatu zuen inbasioa, neurriz kanpokoa zela eta Washingtonek 1973 ebazpena «manipulatu» zuela argudiatuta.
Libian gertatutakoa gogoan, jarrera irmoagoa hartu du Kremlinek Siriako gatazka armatuan, eta betoa jarri die orain arte esku hartzeko edota Damaskoren jarrera gaitzesteko proposamen guztiei. Siriako matxinoei armak ematearen alde agertu da Etxe Zuria; Mosku, berriz, Baxar al-Assaden gobernuaren alde lerratu da, eta matxinoek arma kimikoak erabili dituztela frogatzen duten agiriak dituela adierazi du.
Arma nuklearren afera izan da hautsak harrotu dituen beste bat: misilen aurkako defentsa eraiki nahi du Washingtonek Europan, ustez, «Irango mehatxuari» aurre egiteko. Moskuren esanetan, ordea, armamentu hori Errusiaren aurka erabil dezake Pentagonoak, eta horregatik, jarrera kritikoa mantendu du orain arte Kremlinek. Horrekin lotuta, «arma nuklearrak murrizteko» plana aurkeztu zuen Obamak ekainean. Zehazki, Europan dauden arma atomikoak gutxitzea proposatu zuen. Horrek, jakina, Errusiari eragiten dio bete-betean, kontinenteko armategi handiena duelako. Putinen erantzuna berehalakoa izan zen: «Egun indarrean den disuasio sistema nuklearraren oreka apurtzerik ez dugu onartuko».
Gerra Hotzaren garaian gertatzen zen bezalaxe, ordea, hitz egiten jarraituko dute bi gobernuek. Ez presidenteen arteko bileretan, baina bai idazkari eta departamentu-buruen arteko negoziazioetan. Gaur bertan, Washingtonen bilduko dira herrialde bateko zein besteko ordezkariak: AEBetako Gobernuaren izenean, John Kerry Estatu idazkariak eta Chuck Hagel Defentsa arduradunak hartuko dute parte; Sergei Lavrov Atzerri ministroa eta Sergei Xoigu Defentsa ministroa izanen dira Kremlinen ordezkariak. Egun, ez aurrera ez atzera, izoztuta dauden harremanak beratzen saiatuko dira.
Gerra hotz berri baten hotsak
Arrakala gero eta sakonagoa da AEBen eta Errusiaren arteko harremanetan, eta 'Snowden auziak' gehiago hoztu du giroaTentsioak baretzeko saioa eginen dute gaur Washington eta Moskuko gobernuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu