Mexiko

Gerra zikinaren epizentroa

Mexikon gerra zikineko urteetan 450 pertsona inguru desagertu ziren Atoyak udalerrian. Gobernuak uko egin dio orduko krimenak ikertzeari, eta soilik bi militar jo ditu erantzuletzat. Senideek justizia eskatzen jarraitzen dute.

2013ko uztailaren 21a
16:42
Entzun

1974ko abuztuaren 25ean, Mexiko hegoaldean, autobus batean zihoazen Rosendo Radilla eta haren izen bereko 11 urteko semea, beren herrian barrena. Guerrero eskualdeko Atoyac de Alvarez herriko nekazari eta buruzagi soziala zen Radilla. Pobreen Alderdia gerrillaren kontrako zapalkuntza militarreko urterik latzenak ziren; landako irakasle bat zuten buru, Lucio Cabañas, eta hari korridoren bat edo beste eskainia zion Radillak. Hamarraldi hasieraz geroztik hedatuak zituzten militarrez gain, milaka soldadu jarriak zituzten Atoyac udalerrian, hilabete eta erdi lehenago talde matxinoak Ruben Figueroa senataria bahitu baitzuen. Herriko kazikea zen Figueroa, PRI Mexikoko Alderdi Iraultzaile Instituzionaleko hautagai nabarmena. Matxinatuek harrapatu zuten, mendialdera joana zelarik Cabañasekin elkartzera.

Laguntza taldeko militarrek Radilla atxilotu zuten. Orduantxe ikusi zuen azkenekoz aita Rosendo txikiak. Handik ia berrogei urtera, haren familiakoek oraindik ere ez dakite zer gertatu zitzaion. 1969tik 1979ra, Mexikon gerra zikina zeritzen urte haietan, mendialdeko udalerri hartako beste hainbat eta hainbat bizilaguni gertatua gertatu zitzaion Rosendo Radillari ere. Hamarraldi hartan, hain zuzen, 800 pertsona baino gehiago desagertu ziren behartuta, eta haietatik 650 Guerreron. Atoyac udalerrian jasan zuten zigorrik handiena, 450 bat pertsona desagertu baitziren.

Garai hartan, eta munduaren begietara, herrialde aurrerakoi gisa ageri zen Mexiko; Erdialdeko zein Hego Amerikako diktaduretako erbesteratu guztientzat zabalik zegoen, eta azken babeslekuetako bat zen Latinoamerikako ezkerrekoentzat. Ordea, gogor zapaltzen zituen herrialde barruko disidenteak.

Urte haietako sarraski ezagunenetariko bat 1972ko maiatzaren 18an gertatu zen. Atoyaceko eskolako ikasleen gurasoak zuzendaritzakoen kontra ari ziren protestan, kuoten ordainketa zela-eta; haren ondorioz, mendialdera ihes egin behar izan zuen Lucio Cabañas irakasleak, eta Pobreen Alderdia eratu zuen, garai hartako landa gerrillarik handiena.

Pobreen Alderdia

Ez zen Mexikon sortutako gerrilla bakarra, baina Cabañasenak bereizgarri zuen "laborarien gerrilla bat izatea, babes oinarri asko zituena, hirietakoek ez bezala", adierazi du Claudia Rangelek, Guerreroko Unibertsitate Autonomoko soziologoak.

Gainera, Afadem Desagertuen Familiartekoen Elkarteko idazkari eragile Julio Matak dioenez, "gerrilla horrek bakarrik jo du benetan estatuaren kontra, baita armadaren kontra ere. Segadak antolatzen zituzten, eta soldadu ugari hiltzen; bost, hamar, hamabost eta hogeita hamar soldadu ere bai".

Horren ondorioz, Atoyac mendilerroan hedatu zen armada. Hain zuzen ere, dirutza mugitzen zen alderdi hartan, kafea eta kopra (koko-olioak) baitzituzten labore nagusiak; eta nazioartean garesti egiten zutenez, etekin handiak ateratzen zituzten, nahiz eta kazikeak eta pilatzaileak izan haien onuradun bakarrak. Horrek, jakina, konformagaitz egin zuen gizartea.

"Estatuak martxan jarri zuen biztanleen kontrako estrategia bat; ez zen bakarrik gerrillaren eta haren babes oinarrien kontra joan, baita biztanle zibilen kontra ere", ziurtatu du Rangelek. "Atxilotu egiten zuten jendea, eta komunitateko kirol kantxara eramaten". Batzuen batzuk itzuli ziren, Atoyac kanpoaldean ezarria zuten kuartel militarrean torturatuak izan ostean, baina beste asko eta asko ez.

"Setio egoeran geunden, herrixka vietnamdar zeritzenak zeuden, eta esparru militarrak komunitateen inguruan, kartzela klandestinoak, lekualdatze behartuak... Jende askok emigratu egin behar izan zuen, eta ez zen itzuli bere komunitatera", erantsi du Rangel soziologoak; urteotako memoria historikoa berreskuratu nahian dabiltzan aktibistarik gehienen antzera, uste du zuzenagoa izango litzatekeela gerra zikin barik estatu terrorismo deitzea gobernuaren estrategia hari.

Roberto Romeroren aita, Emilio, inguru hartan atxilotu zuten militarrek, 1974ko urrian, eta harrezkero desagertuta dago. Romerok gogora ekarri duenez, "handia zen orduko zapalkuntza. Izugarri sufritu genuen. Garai hartan, militarren laguntza talde bat zegoen mendialdean, eta jakiak murrizten zizkiguten. Hamabost egunetik behin jaisten ginen Atoyacera janari gehiagoren bila, baina ez ziguten uzten familia osoarentzako lain ekartzen. Kendu egiten ziguten laguntza taldeetakoek, gerrillarientzako janariak zirelakoan".

Atoyac mendilerroan, Rio Chiquito herria zigortu zuen gehienbat armadak; "militarrek herria hartu zuten, besterik gabe, Cabañas ustez mendi hartatik pasatu zelako", nabarmendu du Maria Arguellok, komunitate txiki horretako bizilagunak; garai hartan, nerabe bat baino ez zen. "Auzoa harrapakatu zuten, eta animalien antzera atera zuten mundu guztia", eta herrixka vietnamdar zeritzenetako batera eraman. Taktika horren bidez, lekualdatu egiten zituzten hainbat herrixka txiki, toki berean pilatzeraino, eta esparru militar bat ezartzen zuten, eta handik aldian behin eta igarobide bati esker irten zitezkeen.

Arguellok oraindik ere gogoan du baldintza kaxkarretan bizi izan zirela han: apenas zuten janaririk, ez osasun zerbitzurik eta botikarik ere. Garai hartan galdu zituen aita eta senarra. Militarrak etxera joan zitzaizkion bila aitari —orduan 88 urte zituen—, eta aurki itzuliko zela hitzemanda eraman zuten, baina ez zuten sekula ikusi. Handik gutxira, aita eraman zuen tenienteak zera esan omen zion amari: "Suhia ere harrapatua dugu. Eta hila. Orain, zure alaba falta zaigu".

Egiaren bila, lurpean

Handik urte batzuetara, hainbat artxibo militar desklasifikatu eskuratu ahal izan zituzten, eta, haietan jasota zegoenez, laurogeitaka urteko laborari hura armadak tiroz hil zuen gerrillaren kontrako borroka batean.

Arguello eta Romero, Tita Radilla eta desagertuen beste hogeiren bat familiarteko hamar egunez joan ziren joan den maiatzaren amaieran orduan kuartel militarra egon zeneko lur eremura, eta, han, Mexikoko Fiskaltza Federaleko perituak indusketan aritu ziren Rosendo Radillaren gorpuzkien bila. Bazuten itxaropena han aurkituko zutela biktima desagerturen bat, toki hartan atxilotu eta torturatu zituztenetakoren bat, baina ez zuten ezer aurkitu.

Eremu horretan lau urteotan egindako laugarren indusketa izan zen; zementuzko barrakoi bakan haiek oraindik ere ezagun dute garai hartako egitura militarra, nahiz eta gaur egun hantxe duten kokalekua Atoyaceko udal bulegoek. Gobernuak ez du bilatzeko agindu, ordea, desagertuen familiakoei oraindik ere jasaten ari diren mina arintzeko. Are gutxiago, gerra zikinaren edo estatu terrorismoaren garaian gertatua argitzeko.

Arrazoia, berriz, 2009ko sententzia bat da, Giza Eskubideen Gorte Interamerikarrak emandakoa. Sententzia haren bidez, kondenatu egin zuten Mexikoko Estatua, Radillaren desagerpena zela eta; haren gorpuzkiak bilatzera behartu zuten, eta gizon hari zer gertatu zitzaion ikertzera, hartara erantzuleak epaitzeko eta zigortzeko.

2000. urtean, Vicente Fox eskuindarrak kendu zion agintea hirurogeita hamar urtean lehenengoz PRIri, eta hauteskunde kanpainan hitzeman zuen, besteak beste, argitu egingo zituela estatu oposizio politikoaren kontra egindako krimenak. Horretarako, 2002an, Femospp Iraganeko Mugimendu Sozial eta Politikoetarako Fiskaltza Nagusia sortu zuen. Hala ere, agintea utzi baino lehenxeago, 2006an, desegin egin zuen erakunde hura, txosten funtsik gabeko bat aurkeztuta; han, ez zen argitzen zer gertatu zen erail eta desagerrarazi zituzten pertsonekin, eta, are gutxiago, nortzuei zegokien egintza haien erantzukizuna.

Bakarrik bi militar akusatu zituzten Atoyacen giza eskubideak urratzeaz: Arturo Acosta eta Francisco Quiros jeneralak. Hala ere, sekula ez ziren bururatu gizateriaren kontrako krimenengatiko prozesuak. Hasieran, krimen antolatuarekin zerikusia zutelakoan zigortu zituzten biak; Quiros 2006an hil zen, arrazoi naturalengatik, eta Acosta Chaparro kargutik kendu egin zuten azkenean, eta 2012an erail zuten tiroz.

Figueroaren bahiketak militarren oldarraldi latza ekarri zuen eremu hartara. Ehun egunean bahituta eduki eta gero onik eta osorik atera zuten senataria; gerrilla zatitu eta desegin egin zen, eta Cabañas tiroz hil zuten.

Garai hartan, gainera, heriotzarako hegaldiak ere gertatu ziren; halakoak erabili zituzten, hain zuzen, Rio de la Platan jaurtitzeko oposizioko dozenaka politikari, herrialde hartako azken diktadura militarraren garaian (1976-1983).

Atoyaceko kuarteletik Acapulcoko kartzela klandestino batera eramaten zituzten presoak, eta, han, garezurrean tiro bat emanda hiltzen; haien gorpuak, berriz, zaku batzuetan sartu eta hegazkin batean bidaltzen zituzten, Ozeano Pazifiko zabalean hegaldatu ahala jaurtitzeko. Egiaztatuta daude, gutxienez, halako lau hegaldi zorigaitzeko, 1975eko abuztutik irailera bitartean.

Horregatik, Afademeko kideentzat ezinezko langintza da haien hurbileko pertsona kutunei zer gertatu zitzaien ikertzea, gobernuak ez baitu agertu inolako interesik horretan. Itxaropentsu joan ohi dira Atoyaceko kartzela izandako eremuan indusketa bat egiten duten aldiro, baina jakitun dira nora ezean egindako ahaleginak direla. "Ez da egia fiskaltza Rosendo Radillaren gorpuzkien bila dabilela. Bila dabiltzalako plantak egiten ari dira, zerbait egiten ari direla zuritzeko Gorte Interamerikarrari", salatu du Julio Matak.

Oroimena aztarna bakar

Arguelloren ustez, behinola kuartela izandakoan dago lurperatuta haren aita, haren ahotsa aditu zuelakoan baitago han atxilotua eduki zuten beste auzo bat; ikusi ere egin omen zuen, begietako lotailua apur bat altxatu zioten batean. Gizon horrek Arguelloren amari kontatu zionez, militarrak hura joka sumatu zituen bera Pancho Villa iraultzailearen korrido bat kantatzen ari zela, eta handik gutxira zera esan omen zuen militarretako batek: "Hila duk zaharra". Gero, pikotx eta pala hotsak aditu omen zituen, arrastaka zeramatzatela.

Baina, benetan, ez dago inolako arrasto sendorik, ordu hartako instalazio militar haiek hartzen zituzten 16 hektareetako zein tokitan ote dauden hobiratuta gorpuak, baldin eta benetan han badaude.

Tita Radillaren iritziz, zer gertatu zen ikertu "nahiko balu benetan gobernuak, armadari aginduko lioke dakitena esanarazteko erantzuleei, eta artxibo militarrak ireki beharko lituzke".

Rangelen iritziz, Latinoamerikako beste hainbat herrialdetan "aukera handiagoa izan dute kontua ikusarazteko, jakinarazteko, eta are genozidio eta etnozidio egileen kontrako epaiketak egiteko, Mexikon gertatu denaz bestera. Erregimen autoritarioetatik demokraziarako bidean zebiltzan herrialdeetan, berriz, kontuen laburbiltze eta kitatze moduko bat gertatu zen iraganean militarrek egindako krimenen inguruan".

Historia errepikatuz

Garai haren ondorenean ere gertatu ziren erailketa politikoak eta desagertzeak, baina gutxiago. 2006an, ordea, Felipe Calderonek —orduan presidente zenak— berriro barra-barra atera zituen soldaduak kuarteletatik, narkotrafikoaren kontra aritzeko aitzakian, eta erruz handitu dira gehiegikeriak.

Sei urte hauetan, areagotu egin da narkotrafikoak sortutako indarkeria —maila ezinago eskandaluzkoetaraino—, baina baita soldaduek eta poliziek giza eskubideen aurka egindako urratzeak ere. Kalkuluen arabera, 2006az geroztik, 70.000 bat pertsona hil dira barne gatazka horrengatik, eta 20.000-30.000 desagertu, asko eta asko estatuko indarren esku.

Tita Radillaren ustez, "hainbeste urtetan izandako inpunitatearen ondorio da orain gertatzen ari den hau. Orduan eragile izan ziren haiexek izan zituzten irakasle gaur egun eragile diren horiek".

Aktibista askok ohartarazi dute armadako desertoreek sortu zutela Zetas zeritzon kartela, urte hauetan izugarrikeriarik handienak egin izan dituen narkotrafiko taldea. Desertore horietako asko eliteko indar gisa trebatu zituzten, Ameriketako Estatu Batuen eskolan batean; hain zuzen, eskola horretan bertan "matxinatuen kontrako taktikak" irakatsi zizkieten 1970eko hamarralditik aurrera kontinente osoan barrena izua zabaldu zuten zapaltzaileei.

Berberak dira biktimen familiek gaur egun kontatzen dituzten historiak eta Atoyacekoek 40 urte hauetan kontatu izan dituztenak: agintariek inoreztatu egiten dituztela eta ez dutela ia ikerketarik egiten; ospitalez ospitale, kartzelaz kartzela eta beilategiz beilategi dabiltzala; familiek hainbat ondasun galdu dituztela, etsi-etsian beren maite kutunen bila ibili behar horretan; estigmatizatu ere egiten dituztela, garai batean gerrillarekin zerikusia zutelakoan eta orain narkotrafikoarekin loturarik izan dezaketelakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.