Honduras. Gerra eremu ofizialak alde batera utzita, munduko herrialderik arriskutsuena: 100.000 biztanleko, 92 hilketa erregistratzen dituzte urtero. Gehienak ikertu gabe gelditzen direnez, zaila da ardura zehatzik inori aitortzea. Asko, ordea, mara edo gazte taldeen arteko liskarren biktima dira: borroka odoltsuetan, eremu jakin bateko botereagatik lehiatzen dira auzo behartsuenetako kale bazter legeak abandonaturikoetan.
Marak Erdialdeko Amerika osoan daude hedatuta, baina Guatemalan, Hondurasen eta El Salvadorren pilatzen dira bereziki. Fenomenoa aztertu duten zenbait adituk desberdindu egiten dituzte kaleko gazte talde kriminal arruntetatik: eskualde jakin batean errotutako taldetzat baino gehiago, mugaz gaindiko saretzat jotzen dituzte. Tokiko enpresei eta negozio txikiei estortsioa egiten diete; narkotrafiko sare zabalagoetatik eskualdera heldutako drogen salmenta kontrolatzen dute; eta armen kontrabandorako sareen parte dira. Azalean klaneko ikurrak tatuatzen dituzte, eta spanglish-ez mintzo dira. Baztertzen dituen gizartearekiko alternatiba sozial eta ekonomiko propioa eratu dute, izuan eta indarkerian oinarrituta.
Denborarekin, klanen arteko hilketak, mendekuak eta kontu garbiketak amaierarik gabeko espiral bihurtu dira. Odol isuria gelditzeko ezgai, gobernuaren errepresio desesperatuak gehiago gaiztotu du herrialde horietako egoera. Azkenean, su-etenera deitu eta negoziatzeko prest azaldu dira Honduras eta El Salvadorko bi mara nagusiak.
Inon nahi ez zituztenak
1980ko hamarkadan, Erdialdeko Amerikako milaka gaztek iparraldera jo zuten, gatazka politikoetatik eta pobreziatik ihesi. Asko Los Angelesko (AEB) auzo behartsuenetan gelditu ziren. Legez kanpoko etorkinak zirenez gero, hezkuntzarako aukerarik ez zuten ia, eta lana topatzeko ere, gutxi. Legearentzat ikusezinak ziren hiriko zatietan, mafiek eta bestelako talde kriminalek zuten agintea: haien menpe bizitzea zen askorentzat bizirik irauteko modu bakarra. Klan horiek jatorriaren arabera egituratuta egoten ziren gehienetan: Crips eta Bloods taldeak etorkin afro-amerikarrek osatzen zituzten, eta zeharo etsaituta zeuden euren artean; EME taldea Mexikoko etorkinena zen, eta mafia mexikarrak ere indar handia zuen inguruotan.
Hiri horretako 18. kalean bizi ziren Erdialdeko Amerikatik heldutako immigrante berri asko. Hormigoizko oihanean bizirik irauteko oinarrizko printzipioari heldu zioten: «Jan, edo jango zaituzte». Kalearen izena hartuta, M-18 taldea sortu zuten, gaur egungo bi mara nagusietako bat. Bestea, Mara Salvatrucha edo MS-13 deiturikoa, El Salvadorko gazteek osatu zuten, baina aurki hartu zituzten Hondurasko, Guatemalako, Mexikoko eta Nikaraguako kideak. Oraindik orain, meka Los Angelesen dute talde horiek.
AEBetako immigrazio politikak gogortu zirenean, krimen antolatuagatik zigortutako gazte horiexek izan ziren lehenbizi deportatu zituztenak. Etxean, ustelkeriak jotako gobernuak eta ekonomia are prekarioagoak topatu zituzten gehienek. Han ere bazterkeriara kondenatuta, AEBetan jasotako egiturei eutsi zieten. Tatuajeak identifikazio markatzat hartuta osatu zituzten klanak, eta gerrako jauntxoen gisan zehaztu zituzten hierarkiak eta haietan sartzeko eskakizunak. Gizonezkoek odol hotza eta ausardia frogatu behar zuten; emakumeak, berriz, haiekin sexu harremanak izanda sartzen ziren.
Mexikoren ostean deportazio gehien jaso duten herrialdeetan pilatu dira harrezkero. NBEren Droga eta Krimenerako Bulegoaren arabera, Guatemalan 22.000 marero daude, Nikaraguan 12.000 eta Hondurasen 20.000. Azken horretan daude pilatuen: 323 marero 100.000 biztanleko.
Denborarekin, estatistika lazgarrien erantzule bihurtu da maren arteko botere norgehiagoka, eta eurei ere zaila egiten zaie gatazka non bukatzen den definitzea. Aurreko asteartean, agerraldi harrigarri bana egin zuten Hondurasko bi mara nagusiek San Pedro Sulako espetxean: su-etenerako eskaintza egin zioten gobernuari, gizarteratzeko baldintzak negoziatzekotan. Eskualdeko gotzainak eta Adam Blackwell AEE Ameriketako Estatuen Erakundeko ordezkariek behatuko lukete prozesua.
«Kalean indarkeria gehiagorik ez». Trukean, lanpostuak eta errepresio gutxiago. Barkamena ere eskatu dute. «MS-13ren etaM-18ren arteko gerran, jasangaitza bihurtu da indarkeria», azaldu dio BERRIAri Blackwellek: «Horrek bultzatu ditu beste irtenbide bat bilatzera».
Behin sartuta, amaitzen ez den zikloa baita marako kideena. Irtetea linboan gelditzea da: norberaren klanekoek zigortuta, eta gizartean txokoa topatzeko ezgai. Tatuajeek salatu egiten dituzte, eta inork ez ditu lagunartean edo lanean hartu nahi izaten. «Kide helduenek urte asko daramatzate espetxean, eta bizitza hori uzteko gogoa dute», azaldu du Blackwellek. Horiexek dira kartzelatik su-etena eskaini duten mareroak.
Baina halako taldeekin egindako akordioak negoziazio politikotzat jo daitezke? «Maren eragina handia da», argitu du Blackwellek, talde horien presio gaitasunaz galdetuta. «Ez dute egitura politikorik edo alderdirik, baina 100.000 biztanleko 92 hilketa gertatzen direnean, bistan da gatazka bat dagoela, eta hori agenda politikoan sartzen da ezinbestean. Antolatutako krimenak, gainera, kalte handia egiten dio segurtasun indar publikoen sinesgarritasunari: jendeak konfiantza galtzen du». 2010ean El Salvadorko garraio sistema osoa geldiarazi zuten hiru egunez, autobus gidariei etxetik ez irteteko mehatxu eginda.
Negoziazio aukerak
Hondurasko Gobernuak oraindik ez du erantzun garbirik eman, zuhurtziaz. Hauteskundeetarako urtebeteren faltan, ondo letorkio halako karamelu bat, baina Porfirio Loboren administrazioak badaki marak, neurri handi batean, utzikeria instituzionalaren errua direla. «Bazterkeriarako arriskuan dauden gazteen beharrizanak sistematikoki ukatzearen ondorio dira», zehaztu du Jeanette Aguilar El Salvadorko IUDOP Iritzi Publikorako Institutu Unibertsitarioko zuzendariak: «Talde hauek duela hogei urtetik existitzen dira, baina estatua ez da gai izan gizartearen sektore hori integratzeko, eta horregatik ugaldu eta profesionalizatu dira».
Orain arte, arazoari indarkeria gehiagorekin erantzun diote gobernuek: «Gaitzaren ikur bihurtu dituzte pandilleroak: segurtasunerako mehatxu nagusia diren ustea zabaldu dute, eta haien jazarpen selektibora bideratu dute segurtasun politika osoa. Pandilleroek, azkenean, estatuak ezarri dien rola hartu dute».
El Salvadorrek bereziki gogortu zuen errepresioa 2004 eta 2005 artean, Antonio Sacaren agintean. Maren arazoa errotik erauzteko kanpaina erraldoi bat abiatu zuen susmo txikiena pizten zion edozein gazteren aurka. Urte eta erdian 14.000 pertsona atxilotu zituen Poliziak, sarri soilik itxuran eta tatuajeetan oinarrituta. Horietatik 10.000 baino gehiago berehala askatu zituzten, frogarik ez zegoela ebatzita.
Gainezka dauden espetxeetan indartu egiten dira kaleko hierarkiak eta botere harremanak.AEBetako Kongresuko Latinoamerikako gaietan espezialista da Clare Seelke, eta, hark egindako ikerketa baten arabera, Guatemalan, gehienez 8.000 presorentzako prestatutako kartzeletan 25.000 pertsona daude gatibu, eta horietatik 9.000 inguru dira taldeetako kideak: «Han ere gertatzen dira maren arteko borrokak, baita taldeetan dauden presoen eta ez daudenen artean ere; zer esanik ez zaindariekin dituzten gatazkez. Torturak eta gehiegikeriak ez dira gutxitan gertatzen».
Hain justu, kondena luzeak betetzen ari diren mareroek eskaini dute su-etena. Aguilarren arabera, horiek dira bandak desagerraraztea nahi dutenak, ez kalean jarraitzen dutenak: «Egiaz, badago indarkeria apaltzeko akordio bat mara nagusien artean. Taldeen barruko akitze prozesu baten testuinguruan ulertzen da hori, batez ere preso daudenen artean: egoera muturrekoa bihurtzen ari zen, eta aukerak agortzen ari zitzaizkien». Hilketak gutxitzeko eskaintza trukerako txanpon gisa darabilte orain, gobernuak espetxe politikaren bidez onura jakin batzuk berma diezazkien: «Gobernuak egoera probesten du bestelako bideetatik lortu ez duena gauzatzeko —hilketek behera egitea—, eta, gainera, irudi publikoa hobetzen du».
Ustezko negoziazioak gobernua manipulatzeko amarru izan daitezkeen errezeloa du Aguilarrek. Haren ustez, indarkeria erreprimitzeak bezain gutxi balio du negoziatutako bakeak, horrek ez duelako bermatzen gerora talde berriak sortuko ez direnik: «Gizarte politika sendorik gabe, alferrik izango da su-eten oro».
Beste arrisku bat ere ikusten dio: «Negoziazioa distrakzio bide bat ere izan daiteke, drogarentzako korridore bat sortzeko. Italiako, Mexikoko eta Kolonbiako esperientziek erakutsi dute mafiak instituzionalizatzen direnean behera egiten duela indarkeriak, baina bestelako ekintza kriminal batzuk masifikatzen direla; drogen trafikoa eta estortsioa, esaterako».
El Salvadorko esperientzia
Hondurasen su-etena eskaini duten talde berberek El Salvadorren ere martxan dute antzeko prozesu bat iazko martxotik. Bake gune deiturikoetan ekintzarik ez egiteko konpromisoa hartu dute, eta apurka herri gehiago ari dira eremu horietan sartzen. Trukean, klanetako buruei —negoziatu dutenei— zigorrak murriztu dizkiete, eta bandak utzi eta lan mundura sartzeko zenbait programa jarri dituzte martxan. Hilketek behera egin dute: egunean, batez beste, hamabost ziren lehen, eta orain bost dira. Baina estortsioak eta indarkeriak jarraitu egiten dute. Seelkeren arabera, oraindik ez da nahikoa: «Oro har, prebentziorako programak eskala txikikoak eta baliabide eskasekoak izan dira. Integrazio lan handiena ez dute gobernuek egin, Elizak, karitate elkarteek eta GKEek baizik».
Aguileraren ustez, gobernua ez da arduraz jokatzen ari: «Ez da soilik galdetu behar ea delituak gutxitu diren, baizik eta nola eta zein preziotan egin duten behera. Etorkizunera begira, zer konpromiso ari gara hartzen?». Indarkeria kasu gehienak ahaztuta gelditzen direla salatu du: «Desagerpenak, genero indarkeria, narkotrafikoa...».
El Salvadorko akatsak ez errepikatzeko eskatu dio Lobori: «Su-etenak aukera ematen du auzoakberreskuratzeko, ehun sozialak berregituratzeko, biktimei arreta emateko... Gobernuak horiei guztiei heldu behar lieke, hilketen beherakadarekin harrotu ordez».
Erdialdeko Amerika. 'Maren' su-etena
Gerrako jauntxoak, bake eske
Beti ertzean eta beti baztertuta: gazte taldeek lehia odoltsua dute Erdialdeko Amerikako auzo behartsuenetan. Urteekin, euretako batzuei gainezka egin die egoerak, eta su-etena eskaini dute, gizarteratzeko aukeren truke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu