Irak, herrialde baten gainbehera. ISIS taldea Sirian

Gerraz eta traizioaz

Baxar Al-Assaden kontrako matxinadan ezagutu zuen munduak ISIS erakundea. Traidoretzat jotzen dute orain, hala ere, matxinada horretan kide izan zutenek. Eta gerra egiten ari zizkio. Alepo hiriburutik egoztea lortu dute.

Siriako armada Libreko frankotiratzaile bat, Alepoko Izaa auzoan, Al-Assaden aldekoei tiro egiteko prest. J.M. LOPEZ.
Alepo
2014ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Ekintzaile asko ari dira bidaltzen Irakera. Beren kontrako guneei eraso egiten segitu behar dugu. Azken egunetan eremu zabalak galdu dituzte. Erasoari ekiteko garaia da», Houssain Farajek keinu egiten du eskuekin hitz egin bitartean. Liwad Ahfad Al-Morsalineko buru militar zenbaitek baiezkoa egiten du buruarekin, burkidearen ideiarekin bat eginez. Alepo hiriaren periferiako auzo batean ari da gertatzen bilera. Gaua da. Irakeko eta Sortaldeko Estatu Islamikoen —ISIS ingelesezko siglen arabera— kontra jotzeko estrategia adostea da helburua, eta horretarako elkartu dira brigada honetako buruzagi guztiak.

ISIS aipatze hutsarekin, gorrotoa pizten da uniformedun hauen begietan. Etsaitzat dute. Aukera izanez gero, guztiek akabatu nahi lukete, esku hutsez beharrezkoa balitz. Haren kontra borrokan, burkideak, lagunak galdu dituzte ia denek. Siriako matxinoen jomuga nagusia bihurtu da talde jihadista, eta indarrak batu dituzte horretarako, Siria ekialdetik abiatu duen bidea geldiarazteko. «Traizio egin ziguten. Al-Assaden kontra lagunduko zigutela agindu ziguten, eta beraiekin fidatu garenean, labankada eman digute bizkarretik. Ez digute traizio egingo atzera, ordea. Agerian utzi ditugu, mozorrorik gabe, eta Siriatik betirako egotzi artean ez dugu amore emango», dio Jomaa Al-Benawi jeneralak. Liwad Ahfad Al-Morsalineko buruzagi gorena da, eta ez du zalantzarako betarik uzten: «ISIS da gure arerio nagusia Sirian. Al-Assaden erregimena bera baino arerioago. Ez dugu atsedenik hartuko hango guztiak akabatu arte».

Gizon honen brigada lehendabizikoa izan zen ISISi aurre egiten eta gerra disimulurik gabe aldarrikatzen. Urtebete egin du Alepoko probintzian zehar haren kontra borrokatzen. «Hiritik kanporatzea eta probintziako beste gune batzuetara atzeratzea lortu dugu. Gaur egun, hainbat fronte ditugu zabalik Khelfatlen, Al-Raayn, Dodianen eta Karankozaten. Siria ekialderaino, Raqqako bere eremuraino bidaltzea da gure helburua, handik Irakera egotzi ahal izateko», adierazi dio Al-Benawik BERRIAri.

Arrastoak

Izuaren erresuma ezarri du ISIS talde islamistak Sirian, oso erraza da haren arrastoari jarraitzea, hainbeste gorpu eta herio utzi ohi du zapaltzen dituen bazter guztietan. Epaiketarik gabekoak exekutatzen; ekintzaileak eta oposizioko kideak nahieran atxilotzen; Zigor fisiko ezin doilorragoak ezartzen. Zigarroari eusteko hatzak moztu zaleak dira, esaterako, tabakoa osasunarentzako kaltegarria dela argudiatuta; eta jendea gurutziltzatzen hasi dira. Azkena, hilaren 6an, Alepo probintziako Al-Bab hirian. Gurutzean hiltzera kondenatu zituzten Ahmad Azizi, Barakat Yassin eta Mohammad Al-Mahmud. Siriako armadako soldadua zen lehena eta Siriako Armada Libreko espioia izatea leporatu zioten bigarrenari.

Al-Bab da, de facto, Alepo probintziako hiriburua. Hura erdigune hartuta, ISISkoak inguruko herrietan barna mugitzen dira. Deir Hafer hirian (Alepo ekialdean) ez da matxinoen hiru koloreko bandera haizatzen, beltza baizik, eta desfile militar bat eginez eta zibilen artean goxokiak eta opariak banatuz ospatu zuten han Mosul hiriaren (Irak) erorketa. Al-Qaedako buruzagiak berak, Osama Bin Ladenen ondorengo Al-Zawahirik deitoratu egin du ISIS, baina hori ez da oztopo izan Bagdadhik gidatutako taldeak siriar matxinoen barne zatiketa baliatu, eremu handiak eskuratu eta bere menpeko lurralde guztietan xaria ezartzeko. Irak, Siria, Palestina, Israel, Libano eta Jordania batuko lituzkeen emirerri bat sortzea du helburu. Indar militar handia du, eta horrek beldurgarri egiten du Siriako matxinoen artean, Iraken hartu dituen armekin ia garaitezin izan daitekeela baitiote. «Oso zaila izango da haiei irabaztea. Gure armekin ia ezinezkoa da garaipena lortzea, baina hiru urte daramatzagu erregimenaren armadaren kontra eusten eta berdin egingo dugu ISISekin».

Atzerritarrak

«Bertako ekintzaile gehienak Europatik etorritako atzerritarrak dira, baina badira txetxeniarrak, pakistandarrak, afgandarrak, libiarrak ere. Munduko zoko guztietatik etorritako jihadistak dira, eta beren jaioterrietara itzuliko dira hemen Sirian egiten ari direna han errepikatzera». Ziur da dioenaz Jomaa Al-Benawi, eta ziur da, baita ere, ISISeko buruak Al-Assaden erregimena babestu beste helbururik ez duten irandarrak direla. «Siriako armadak inoiz ez ditu bere guneak bonbardatzen. ISISek eremu bat hartzen du eta segidan uzten, erregimenak kontrola dezan. Lan zikina egiten dute», salatu du.

Talde jihadista horren doilorkeriak Al-Assadek berak lortu gabekoa lortu du: matxino guztiak batzea, blokea osatzea eta txoke indar bakar gisa aritzea. «ISISek iraultza bahitu du, eta hiru urteotako borrokan lortutako guztia suntsitu. Iraultza ostu digu bere mesederako. Estatu propioa sortu nahi dute, Siriako iraultzak ez die inporta. Siriarrok askatasuna eta 40 urtez gobernatzen ari zaigun familia bat boteretik kentzea nahi genuen, ez besterik», dio Abu Walidek. Lau hilabeteotan Alepo probintzian ISISen kontra ari den Fronte Islamiarreko Liwad Jayx Al-Islameko buruzagia da. «Orain bi fronte ditugu irekita aldi berean, eta gauza bakarra lortu dugu: lurrak galtzea eta oso ahul zegoen erregimenak gerraren kontrola hartzea». 40 burkideri eman die lur Walidek ISISen kontrako borroken ondorioz. Gaur egun, Liwad Tawhid, Ahrar Ax-Xam, Al-Haqq, Suqour Al-Xam, Jayx Al-Islam eta Fronte Islamiar Kurdua talde matxinoek sortutako Fronte Islamiarra eta Al Kaedaren Jabhat Al-Nusra erasoan ari dira Alepo ekialdean, ISIS egozteko ahaleginean.

«Inork ez zituen Siriara gonbidatu. Ez ziren ongietorriak, eta bazekiten, eta horregatik ezkutatu ziren Al-Nusraren soldaduen artean, sumatuak ez izatearren. Kopuruz hazi ahala, mozorroa kendu eta benetako izaera erakutsi zuten. Gezur esan ziguten traizioa egin ahal izateko», Abu Karimen arabera. Duela zazpi hilabete sortu zen Siriako Armada Librearen fakzio bateko, Jayx Mujahidineko aparatu militarreko burua da Karim. «Al-Nusrak ez du zerikusirik ISISekin. Lehendabizikoak erregimenaren aurka ari dira borrokan gurekin. Assad eroritakoan beste norabaitera joango dira jihada egitera. ISISekoak, berriz, hemen geratzekotan etorri dira, eta ez diegu utziko. Siria siriarrona da, ez atzerritar sorta batena», erantsi du.

Norbere hildakoak

«Lau hauek anaiak nituen. Denak daude hilak. Erregimenak hil zituen bi, eta beste biak ISISek. Niretzat, ez dago alderik batzuen eta besteen artean, biak dira Siria berriak daukan arazoaren parte», dio ekintzaile matxino batek, sakelako telefonoan bere hildakoen argazkia erakutsi bitartean.

Siriako matxinoek errepikatu egiten dute Al-Assadek ISISen rolean izan dezakeen erantzukizunari buruzko teoria. Baita Abu Karimek ere: «Erregimena ahulenen zegoenean agertu zen ISIS. Fronte guztiak kontrolatzen eta guri aurre egiten hasi ziren. Arnasa eman zioten hilzorian zen erregimenari, eta, orain, Al-Assadek kontrolatzen du gerra, eta garaipena aurrikus dezake».

ISISek eraso egin gabeko matxino talde bakarra ere ez dago. Liwad Jayx Al-Islamen Alepo erdialdeko egoitzetako bati auto-bonbaz jo zion ISISek. Lau ekintzaile matxino hil ziren atentatuan. «Liwad islamiarra gara gu. Zergatik kolpatzen gaituzte, berez, helburu berak izanik?», galdetu du Walidek. «Matxinoek ISISen kontrolpeko eremuetara egiten dute ihes Alepo hiritik, jakin baitakite erregimenak han ez dituela bonbardatuko».

ISISen soldadu iraniarrak eta xiitak daudela salatu du Jomaa Al-Benawik. «Liburu hau xiita da eta Bustan Al-Baxa hartutakoan aurkitu genuen, Irango pasaporteekin eta arerioei burua mozteko erabiltzen zuten ezpata honekin batera». Erakutsi duen ezpatak agerian ditu odol arrastoak.

ISIS buru haustea bihurtu da Siriako matxinoentzat. Bat ez, bi arerio dituzte orain. Matxinoak jihadista haiek Siriatik egozteko ahaleginean ari diren bitartean, Al-Assaden indarrek eremuak berreskuratzen segitzen dute. Baita Alepoko matxinoak inguratzen ere. Han jokatuko da indargabetutako iraultza honen azken bataila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.