Gerrillari ohien hilketak gaitzetsi ditu NBEko idazkari nagusiak

Guterres Kolonbian izan da bake akordioak sinatu zituztenetik bost urtera. «Adiskidetzearen» garrantziaz ohartarazi du Timochenkok

Ivan Duque presidentea eta NBEko idazkari nagusi Antonio Guterres. E. H. / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
2016ko azaroaren 24an sinatu zuten FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileetako buru Rodrigo Londoño Timochenko-k eta Juan Manuel Santos presidenteak mende erdiko gatazkari amaiera eman zion hitzarmena. Atzo bete ziren bost urte sinatze hartatik, eta urteurreneko ekitaldietan izan ziren NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterres, Kolonbiako presidente Ivan Duque eta Comunes alderdiko —garai batean FARC— buru Londoño bera. Baina ekitaldiek ez zuten izan bost urte atzeragokoen antzik; izan ere, Duquek eta Londoñok saihestu egin zuten argazkietan batera irtetea.

Guterresek gerrillari ohien eta buruzagi sozialen hilketak gaitzetsi zituen Duquerekin egindako agerraldian —bost urte hauetan FARCeko kide izandako 296 pertsona hil dituzte, eta 1.280 buruzagi sozial—. Antioquian izan zen NBEko idazkari nagusia, akordioen aurretik FARCen kanpamentu izandakoetako batean, eta gerora desmilitarizatutako gerrillarientzat babesgune bilakatutakoan.

Guterresek ohartarazi zuen bakeak beti dituela etsaiak, eta txalotu egin zuen prozesuaren alde egindako ahalegina: «Zentzu berezia du gune honek. Gatazkaren ondorioak urte askoan bizi ostean, bertako jendeak ahalegin berezia egiten du orain euren familiak aurrera ateratzeko. Badakite adiskidetzea dela bake iraunkor baterako bide bakarra».

Adiskidetu beharra nabarmendu zuen Londoñok berak ere. Haren esanetan, estigmatizazioa oztopo bat da aurrera egiteko. «Adiskidetzen ez bagara, arazo asko izango ditugu prozesu honetan». Timochenko bera izan zen 2016an hitzarmena sinatu zuen buruzagia, eta haren ostean beste milaka gerrillarik onartu zituzten itunean jasotako puntuak; 2018an utzi zituzten armak eta desegin zuten taldea, eta jarraian abiatu ziren horiek guztiak gizarteratzeko proiektuak. Urte berean, FARCeko buruzagiek zortzi eserleku hartu zituzten Kolonbiako Kongresuan, politikarako jauzia eginez.

Urrats gutxi

Bost urteotan, espero baino urrats gutxiago egin dituzte prozesuan, eta askok Duquek gidatzen duen gobernuari egozten diote moteltze hori, hura izan baitzen, Alvaro Uribe presidente ohiarekin batera, akordioen aurka gogorren egin zuten buruzagietako bat. Estatuburuak, ordea, orain arte emandako pausoak goretsi zituen Guterresekin egindako agerraldian. Haren esanetan, Lurralde Garapenerako Egitasmoak izan dira hitzarmeneko puntu nagusietako bat; horiek helburu dute gatazkak gogorren jotako eskualdeetako azpiegiturak hobetzea.

Itxaropentsu hitz egin zuen, hala ere, akordioen beste sinatzaileak, Santosek, eta goraipatu egin zuen Londoñok eta FARCeko gainerako gerrillariek egindako ahalegina. «Uste dut Londoño konprometituta dagoela bakearekin eta nire norabide berean jarraitzen duela arraunean». Uriberekin Defentsa ministro izandakoa traidoretzat jo zuten eskuineko ordezkari askok gerrillarekin hitzarmena sinatu zuelako. Baina gauza bera gertatu zitzaion Londoñori ere borroka armatua uztearen aurka zeudenekin. Haren kasuan, iaz Kolonbiako segurtasun indarrek jakinarazi zuten haren aurkako atentatu bat geldiarazi zutela.

Bestalde, AEBek ere urrats bat egin zuten herenegun gauean, iragarriz FARC gerrilla «terroristen zerrendatik» aterako dutela. Erabakia herenegun jakinarazi zion Joe Biden presidenteak Kongresuari, eta orain berretsi egin behar du hark. Washingtonek 1997an sartu zuren zerrenda beltzean gerrilla, eta, ondorioz, kideei debekatu egin zieten herrialdean sartzea, baita AEBetan zituzten jabetzak blokeatu ere. Orain, zerrendatik kanporatuta, Etxe Zuriak aukera izango luke gerrillari ohiak gizarteratzeko programak diruz laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.