Gibraltarri buruzko akordioa lotuta, 'brexit'-aren itunaren alde bozkatuko du Espainiak

Sanchezen arabera, Gibraltarrekiko "harreman politiko, juridiko eta geografikoen etorkizuna" Bruselarekin ez ezik Madrilekin ere negoziatzea onartu du Erresuma Batuko Gobernuak. EBko estatu kideek bihar bozkatuko dute brexit-aren ituna.

Pedro Sanchez Espaniako Gobernuko presidentea. SERGIO BARRENECHEA, EFE
2018ko azaroaren 24a
08:18
Entzun

Aurrez, Europar Kontseiluko presidente Donald Tuskek hitz egin du, eta ez pozik. Buruzagiak nabarmendu du brexit-aren negoziazioen helburua ez dela izan "inor garaitzea", ahalik eta "akordiorik hoberena" lortzea baizik. Espainiarentzako mezua izan da hori. Izan ere, bezperan iragarri zuen Pedro Sanchez presidenteak Brusela eta Londresen arteko akordioari ezetz esateko asmoa, eta asmo hori bera berretsi dio goizean Tuski, telefonoz izan duten elkarrizketan.

Ezustea handik gutxira heldu da, ordea. Sanchezek berak iragarri duenez, jarrera aldatu, eta ituna onartuko du Madrilek ere biharko bozketan. Gibraltarren etorkizunari buruz Bruselarekin ez ezik Madrilekin ere hitz egiteko prestasunak aldarazi dio, antza, erabakia. Halaxe jakinarazi du gobernuburuak berak.

Sanchezek zehaztu duenez, Europar Kontseiluak eta Europako Batzordeak baztertu egin dute Gibraltarren kasuan 184. artikulua ezartzea —puntu horren arabera, etorkizuneko harremana zehaztuko duten akordioak Batasunaren eta Erresuma Batuaren artean hitzartuko lituzkete—.

Espainiako gobernuburuaren iragarpenarekin batera heldu da Erresuma Batuko enbaxadore Tim Barrowren oharra. Hor, Londresek berretsi du brexit-aren itunak ez duela zehazten Bruselaren eta Londresen artean hitzartu beharreko etorkizuneko harremanak Gibraltarri eragingo dionik.

Hala, Sanchezen esanetan, Bruselaren jarrerak indartu egin du Espainiak datozen negoziazioetan izan dezakeen rola: "Partekatutako subiranotasunaz eta beste gai askori buruz hitz egin beharko dugu Erresuma Batuarekin. Hura Batasunetik irten ostean, Gibraltarren eta Bruselaren arteko harremanari buruzko erabakiak Madrildik igaroko dira".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.