Argal eta zurbil agertu da Gilad Shalit bost urte bahituta egon eta gero munduaren begietara. Azken egunetan izan duen tentsioa nabari zitzaion soldadu israeldarrari aurpegi nekatuan, eta urduri erantzun die Egipton aske utzi eta berehala elkarrizketa egin dion kazetariaren galderei. Zalantza egin du behin baino gehiagotan eta ezeroso mintzatu da, hitzak neurtu nahian. «Akordio honek israeldarren eta palestinarren arteko bakea ekarriko duela espero dut». Horiexek izan dira bere lehen hitzak, onik dagoelaeta bahitzaileek ondo tratatu dutela argitu ondoren. Horrez gain, oraindik preso dauden palestinarrak aske uztea nahiko lukeela adierazi du, euren senideengana eta euren lurretara itzul daitezen, eta horiek berriz ere Israelen aurkako borrokara ez itzultzea espero duela dio. Bost urtetik gora bahituta eduki ostean atzo utzi zuen aske Hamasek, Israelek 1.027 preso palestinar espetxetik ateratzearen truke.
Israelgo agintariek Shaliten erantzunak sortu duten zalaparta baretu nahian Egiptoko kazetaria kritikatu dute, soldadua «hertsatu» duela leporatuz. Izan ere,begi guztiak telebistari iltzatuta zeuden goizean goizetik Israelen, Shalitek esango zuenaren esperoan.25 urteko gaztea gatazkaren ikur eta heroi bilakatu dute herrialdean. Hura askatzea gizartearen eta gobernuaren lehentasuna izan da azken urteotan.
Egiptotik Israelera eraman dute soldadua eta Tel Nofeko basean harrera egin diote Benjamin Netanyahu lehen ministroak, Ehud Barak Defentsa ministroak eta Benny Gantz armadako buruak. «Zeinen berri ona zu etxera itzuli izana!», esan dio Netanyahuk Shaliti eskua estutzen zion bitartean. Agintariak agurtu ondoren, senideekin elkartu da Shalit bost urte eta gero lehen aldiz. Azterketa medikuak egin dizkiote eta onik dagoela ziurtatu eta gero herrialdearen iparraldean dagoen Mitzpe Hila jaioterrira itzuli da. 600 biztanle inguruko herriak gainezka egin du, Shalit ikustera jendetza hurbildu baita, eta jai giroan egin diote harrera.
Ospakizunak han eta hemen
Ekialde Hurbileko gatazkan gutxitan bezala, ospakizunerako eguna izan da bai israeldarrentzat, eta baita palestinarrentzat ere. Behin Shalit onik zegoela ziurtatu ondoren, 477 preso aske utzi baititu Tel Avivek, trukearen lehen faserakp adostutakoa betez. Gainontzeko 550 lagunak bi hilabete barru aterako dituzte espetxeetatik.
Izenez izen negoziatu dituzte atzo aske utzi zituzten presoak Hamasek eta Israelek. Tartean bizi osoko espetxe zigorra zuten 280 preso daude. Palestinar askorentzat, baina, preso garrantzitsuak falta dira zerrendan. Besteak beste, Maruan Barguti Al Fatako buruaren eta Ahmed Saadat PAHF Palestina Askatzeko Herri Frontearen buruaren indulturik lortu ez dutela-eta batzuk akordioa gutxietsi dute. Israelen, berriz, hainbat biktima eta biktimen senide trukea oztopatzen saiatu dira. Herenegun helegiteak jarri zituzten Auzitegi Gorenean, segurtasunerako arriskutsua izango zela argudiatuta. Operazioa hasi baino ordu batzuk lehenago, baina, epaileek atzera bota zituzten errekurtsoak.
Oihu, kantu, irribarre eta negar artean hartu zituzten Egiptotik, Rafako pasabidetik, Gazara iritsi ziren 293 presoak. Horietako batzuk hogei urte baino gehiago zeramatzaten preso. Gaza hiriko Al Katiba plazan ongi etorria egin diete Hamaseko agintariek eta herritarrek. Milaka lagun elkartu dira, eta«beste Gilad Shalit bat» nahi dutela oihukatu dute, oraindik preso dauden palestinarren askatasuna negoziatzeko.
Beste hainbat preso Zisjordaniako Ramala hirira eraman dituzte. «Zuen sakrifizioa ez da alferrikakoa izan», adierazi die Mahmud Abas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruak omenaldi ekitaldian. Palestinarentzat eta batasun nazionalarentzat egun handia dela esan du, eta azken preso palestinarra aske utzi arte atsedenik hartuko ez dutela gaineratu du. Horiez gain, beste hainbat preso Jerusalemera itzuli dira, eta Israelgo hainbat arabiar euren jaioterrietara.
Atzo aske utzi zituzten 40 presori ezinbestean erbestera joateko baldintza ezarri die, bestalde, Tel Avivek. Turkia, Qatar eta Siria horiek hartzeko prest zeudela iragarri zuen Hamasek herenegun. Ankarak hegazkin bat bidali zuen atzo bertan Egiptora, eta Turkiara joan nahi zuten preso guztiak hartzeko prest zegoela jakinarazi zuen. Gobernuz kanpoko hainbat erakundek presoen erbesteratzea gerra krimenik larrienetarikoa dela gogorarazi diote Israelgo Gobernuari. Turkia, Siria edo Qatarrera joango diren 40 presoez gain, 166 lagun Gazara deserritu dituzte.
Misioa beteta
Duela bi urte kargua hartzerakoan «bihotzeko agendan» Shalit etxera onik ekartzeko betebeharra ezarri zuela adierazi du Netanyahuk. Helburu hori bete dela adierazi du pozik. Herritar gehienek bat egin dute lehen ministroaren pozarekin, baina asko «prezio garestiegia» ordaindu duelakoan daude. Armadako soldadu guztiak zaintzeko konpromisoa dute, baina, agintariek. Simon Peres presidenteak, hain zuzen, armadarik gabe Israelik ez legokeela esan izan du.
Bere soldaduengatik Tel Avivek prezio altuak ordaintzeko duen joera baliatu du Hamasek, hain justu, ahal beste preso askatzeko. Talmudak, judutarren etikaren oinarri den idatziak, bizi bat salbatzen duena mundu oso bat salbatzen duena bezalakoa dela biltzen du, eta Netanyahuk irakasgai horri erreferentzia egin dio herritarrei hartutako «erabaki zaila» azaltzeko.
Akordio historikoa
«Gilad une bereziki hunkigarrian itzuli da familiarengana, etxera, Israelera», adierazi du Netanyahuk hedabideen aurrean. Izan ere, guztiak bat datoz akordioaren izaera historikoa nabarmentzerakoan, eta Hamas eta Tel Aviven artean lortutako adostasunak gatazka baldintzatuko duela esaterakoan.
Musa Abu Marzuk Hamaseko buruzagiak argitu du, akordioa ez dela Shalit eta 1.027 preso aske uztearekin amaitzen. Izan ere, ofizialki ez bada ere, bitartekari alemaniarrekin egin dituzten negoziazioetan Israelek Gazako blokeoa bertan behera uztea onartu duela jakinarazi du. Tel Avivek blokeoa gogortu zuen, 2006an Shalit bahitu eta gero. Soldadua aske utzita blokeoarekin jarraitzeko argudiorik ez duela dio Hamasek, baina Israelek ez du blokeoa bertan behera uztearen inguruan ezertxo ere esan. «Presoen trukea palestinarren adiskidetzea lortzeko eredua da», adierazi du bestalde Hamaseko buruzagi Jaled Meshaalek. Izan ere, Al Fatarekin bat ez datozela aitortu arren, lorpena nazionala dela nabarmendu du.
Prozesu honetan galtzaile bat bada, ordea, hori Al Fata dela diote adituek. Izan ere, Hamasen aurrean Israelekin negoziatzeko ahul agertu dela diote askok. Eta PANek NBEn Nazio Batuen Erakundean Palestina eskubide osoko estatu izateko bidea ere bigarren mailan geratu dela diote.
Nazioartea bi aldeen artean elkarrizketak berriz hasteko presio egiten ari den unean heldu da, gainera akordioa. Trukea bake prozesurako urratsa izatea eskatu dute eragile askok. Laukoteak —AEB, EB, Errusia eta NBE— jakinarazi du urriaren 26an bi aldeekin bilduko dela negoziazioetarako agenda zehazteko.
Ekialde Hurbila. Hamasen eta Israelen arteko akordioa
Gilad Shalit: «Akordio honek bakea ekartzea espero dut»
Soldadu israeldarra aske utzi du Hamasek, eta Israelek 1.027 preso palestinar askatuko ditu; atzo 477 lagun atera zituen espetxetikHamasek jakinarazi du Gazako blokeoa bertan behera uztea onartu duela Tel Avivek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu