Korsikako bozak

Gilles Simeonik baieztatu egin du Pe a Corsica koalizioaren amaiera

Korsikako presidenteak jakinarazi du bere zerrenda aurkeztuko duela datorren hilabeteko bozen lehen itzulian. Halere, iradoki du bigarrenerako badagoela Corsica Liberarekin eta PNCrekin berriz elkartzeko aukerarik.

Gilles Simeoni Korsikako presidentea, artxiboko irudi batean. EFE
ander perez zala
2021eko maiatzaren 5a
12:09
Entzun

Korsikako mugimendu nazionalista agintera eraman duen Pe a Corsicak existitzeari utzi dio. Asteotako negoziazioek eta adierazpenek agerian utzi zuten aliantza hori hilzorian geratu zela, eta, azkenean, Gilles Simeoni uharteko presidentea izan da koalizio arrakastatsuaren amaiera esplizituki baieztatzeaz arduratu den agintaria: Femu a Corsicak bere zerrenda aurkeztuko du datorren hilabetean egitekoak diren parlamenturako bozetan, Corsica Liberarekin eta PNC Korsikako Nazioaren Alderdiarekin fusionatu gabe. Hortaz, Korsikako nazionalistek zatituta egingo diote aurre hauteskundeen lehen itzuliari.

Simeoniren indar politikoak baldintza berriak jarri zituen mahai gainean 2015eko eta 2017ko koalizioa errepikatzeko, baina Corsica Liberarentzat horiek «onartezinak» izan dira; besteak beste, Femu a Corsicaren helburua da «zerrenda ireki bat» osatzea, «alderdien logikatik kanpo» doana eta «kuotarik gabekoa». PNCri dagokionez, agintaldiko desadostasunak eta, batez ere, bere idazkari nagusi Jean-Christophe Angeliniren eta Korsikako presidentearen arteko talkek eragin dute zatiketa, eta, gaur-gaurkoz, bere zerrenda osatzeko lanetan ari da.

Erabakiaren berri emateko argitara ateratako oharrean, Simeonik azaldu du bere proposamen berrien asmoa zela Pe a Corsicak harturiko engaiamenduak ziurtatzea eta, aldi berean, eskaintza horren eraginkortasuna eta praktikan ezartzea bermatzea. Hala, hitz horiekin, Korsikako presidenteak aliatu ohiei bota die koalizioaren amaieraren errua: «Mugimendu nazionalista bakoitzari dagokio, hala nahi izanez gero, bidearen bere zatia egitea, eta erabakitzea beharrezkoak diren pausoak ematea ezinbestekoa den hurbilketa gauzatzeko».

Halere, adierazpen horrekin, Simeonik atea ireki die Corsica Liberari eta PNCri bozen bigarren itzulian berriz elkartzeko, 2015ean gertatu bezala; horretarako, baina, soilik 48 ordu izango lituzkete, bi itzulien artean.

Horiek horrela, mugimendu nazionalistak gutxienez lau zerrenda aurkeztuko ditu lehen itzulian: Pe a Corsica osatu duten hiru alderdienak, eta 2017an bigarren bozketara sailkatzeko zorian egon zen Core in Fronte independentistarena.

Pe a Corsica formula 2015eko bozen bigarren itzulirako adostu zuten garai hartan koalizio zen Femu a Corsica autonomistak —Simeoniren Inseme per a Corsicak eta PNCk osatua, besteak beste— eta Corsica Libera independentistak, eta, aliantza horri esker, mugimendu nazionalista lehen aldiz iritsi zen agintera.

Formula bera errepikatzea erabaki zuten 2017ko bozetan, eta Pe a Corsicak are emaitza hobeak eskuratu zituen, legebiltzarrean gehiengo osoa lortzeraino: 63 eserlekutik 41.

Indar harremanak

Berez, 2015ean sinaturiko akordioak hamar urterako behar zuen, 2025 arte, baina itun hori hautsitzat jo daiteke dagoeneko; ofizialki, Femu a Corsicaren helburua da hauteskundeetarako zerrenda mugimendu nazionalistatik kanpo daudenei irekitzea, baina, egiazki, Simeoniren jokaldiaren helburua bestelakoa da: urteotan izan duen protagonismoa baliatu, eta mugimenduaren lider bakar eta eztabaidaezina bilakatzea. Eta, bide batez, Corsica Liberako buruzagi eta Korsikako Asanbleako presidente Jean-Guy Talamoniren pisua eta indarra ezereztea, salatu dutenez.

Barne zatiketa ez da garai egokian iritsi, autonomistek eta independentistek aurkari garrantzitsu bat izango baitute bozetan: eskuin erregionalista eta eskuin jakobinoa zerrenda berean elkartzea lortu duen Laurent Marcangeli. Ajaccioko auzapeza lehen aldiz aurkeztuko da zerrendaburu gisara, eta eskuindarrek espero dute haren hautagaitzaren bitartez 2010ean galdu zuten boterea berreskuratuko dutela.

Frantziako Gobernuak aginduriko atzerapenaren ostean, parlamenturako hauteskundeen lehen itzulia ekainaren 20an egingo dute, eta bigarrena, 27an; lehen bozetan inork ez badu botoen erdiak baino gehiago jasotzen, bigarrenera pasatuko dira gutxienez babesen %7 lortuko duten zerrenda guztiak.

2017ko bozetan, lau sailkatu ziren: Korsikako nazionalisten Pe a Corsica, eskuin erregionalistaren A Strada di l'Avvene (hamar diputatu), LR Errepublikanoak-ena (sei), eta LREM Errepublika Martxan-en Anda per Dumane (sei).

FLNC Maiatzak 21 sortu dute

Hauteskundeen atarian, «egitura [klandestino] guztietatik ateratako militanteek» FLNC Korsikako Nazioa Askatzeko Frontea Maiatzak 21 erakunde armatu berria sortu dute, France 3 Corse Via Stella telebista kateak jakinarazi duenez.

Erredakzio horretako kazetari batzuk talde berriaren sorrerako prentsaurrekora gonbidatu dituzte, eta erakundeko zortzi ordezkarik jakinarazi dute «berriz hedatzeari» ekin diotela, «Frantziako Estatuak Korsikako auzi nazionala bideratzeko egiazko prozesu politiko bat» abiatzen duen arte.

Pe a Corsica koalizioari ere kritika egin diote, argudiatuta «nazioaren eraikuntzan bainoago kolektibitatearen kudeaketan aritu» direla urteotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.