Armadaren zati bat estatu kolpea ematen saiatu zen atzo Ginea Bissaun, eta arduradunak atxilotu egin zituzten. Gobernuak adierazi du egoera kontrolpean daukala. Militarrak ez ezik, zibil batzuk ere atzeman zituzten. Americo Bubo Na Tchuto itsas armadako burua jo dute estatu kolpe saioaren arduradun gisa; atxilotuta dago.
Armada bitan zatituta dago, eta bi bandoen artean liskarrak piztu ziren Bissau hiriburuan. Carlos Gomes lehen ministroak atzerriko enbaxada batean hartu zuen babesa.
Tiroketa batzuk izan ziren atzo, baina iturri ofizialek ez dute jakinarazi hildakorik izan zen.
Ginea Bissau Afrikako herrialderik txiroenetakoa da. 1973an Portugaldik bereizi zen, eta harrezkero askotan gertatu dira estatu kolpe ahaleginak. Kasu, iazko apirilean ere saiatu ziren militar batzuk kolpea ematen: Zamora Induta armadako buru nagusia kargutik kendu eta ordu batzuetan lehen ministroa atxikita eduki zuten.