MunDUA

Ginea Bissauko presidentegai bat eta Defentsa ministro ohia hil dituzte

Hainbat tiro bota dizkiote Baciro Davo lehendakarigaiari, etxean. Ondoren herrialdeko segurtasun zerbitzuko kideek ministro ohia hil dute. Hilaren 28an egingo dituzte hauteskundeak. Martxoaren 2an Joao Bernardo Vieira presidentea hil zuen armadak.

2009ko ekainaren 5a
13:55
Entzun
Baciro Davo Ginea Bissauko presidentegaietako bat hil dute gaur, tiroz, han. Haren etxean egin dute atentatua, eta hainbat tiro bota dizkiote "identifikatu gabeko gizonezko batzuek", Ginea Bissauko irrati kate batek esan duenez.

Ordu batzuetara beste hilketa bat izan da: Ginea Bissauko segurtasun zerbitzuko kideek Helder Proenca Defentsa ministro ohia hil dute. Estatu kolpea emateko nahia zuela egotzi diote.

Hilaren 28an hauteskundeak egingo dituzte.

Martxoaren 2an Joao Bernardo Vieira presidentea hil zuten armadako kideek. Itxura guztien arabera, mendekua izan da. Izan ere, egun bat lehenago, Batista Tagme Na Waie armadako burua hil zuten, eta Zamora Induta armadako ordezkariak Na Waieren hilketan zerikusia izatea leporatu zioten presidenteari. Buruzagi militarraren eta Vieiraren arteko harremana ez zen ona.

1,4 milioi lagun bizi dira Ginea Bissaun, eta Senegal eta Ginea artean dago. Munduko herrialde txiroenetakoa da, eta 1974an independentzia lortu zuen arte Portugalen kolonia izan zen. Hain zuzen ere, Portugalgo Gobernuak presidentearen heriotza deitoratu zuen. Era berean, adierazi zuen ezinbestekoa dela herrialdeko agintari politiko eta militarrek Konstituzioa errespetatzea.

Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak zioen Europako Batasuna prest dagoela Ginea Bissauk egiten dituen erreforma demokratikoei babesa emateko; bereziki, segurtasunari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.