Azken 42 egunetan ebolaz kutsatuta inor ez dute atzeman Ginean eta hortaz, Osasunaren Munduko Erakundeak, herrialdea gaixotasun horretaz libre dagoela ebatzi du. Hain zuzen, bertan hasi zen epidemia duela bi urte inguru. Handik Liberia eta Sierra Leonara hedatu zen. Tarte horretan 28.000 kasu eta 13.000 hildako eragin ditu epidemiak.
Liberia da Mendebaldeko Afrikan ebola gaitza dagoen herrialde bakarra. Azaroaren amaieran ebola kasu bat antzeman zuen OMEk, irailean gaixotasun horretaz libre zegoela jakinarazi ostean.
Egoera nabamen hobetu da azken hilabeteotan. Txertoa lortzeko urrats azkarrak eta garrantzitsuak egin dira; eta OME jabetu da egindako akatsez. Herrialde aberatsak ere lasaitu egin dira, desagertu baita duela urtebete sortu zuten psikosia, birusak Afrikako mugak gainditu eta Europara eta AEBetara iritsi zenean. Izurritea apaldu da, baina ondorioek luzaroan iraungo dute. Aditu asko datoz bat: neurriak hartzeko garaia da, etorkizuneko izurriteei aurre egiteko.