Libanon errefuxiatuta dauden 90 haur palestinar eta siriarrentzat haur hezkuntza ziurtatzeko programa bat finantzatzen dute Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako, Zumarragako eta Irungo udalek. Libano hegoaldeko lau udalerritan daude babestuta haur horiek, Tiro hiriaren inguruan. Programaren bidez, oinarrizko hezkuntza bermatzen zaie, ondoren Libanoko hezkuntza sisteman integratu daitezen. Horrez gain, irakasleei trebakuntza jardunaldi bereziak eman dizkiete, egoera traumatikoen aitzinean erantzuten ikasteko, eta haurrei indarkeriaren zikloa eten eta krisi egoerei aurre egiteko tresna psikosozialak sortzen laguntzeko.
Programa zertan den jakiteko eta Libanok errefuxiatuen harreran duen esperientzia ezagutzeko bidali du ordezkaritza bat Gipuzkoako Aldundiak. Denis Itxaso Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol diputatua da delegazioaren burua, eta, aldundiko giza eskubideen eta garapenerako arduradunekin batera, Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi guztiek diputatu bana bidali dute, PPk izan ezik.
Ordezkaritzak hitzordua du gaur PARD Garapenerako eta Jasangarritasunerako Giza Laguntza Herritarrarekin, Libanon errefuxiatuei laguntzeaz arduratzen den gobernuz kanpoko erakundeetako batekin; ondoren, Nancy Hilal UNDP Nazio Batuen Erakundeko Garapen Programaren ordezkariarekin biltzekoa da, eta, gero, Fathi Abu el-Adarath PAE Palestina Askatzeko Erakundeak Libanon duen ordezkariarekin.
Hezkuntza Ministerioan ere bilera bat egitekoa zen Gipuzkoako ordezkaritza, baina Libanoko agintariek azken orduan bertan behera utzi zuten, protesta jendetsuak espero baitituzte gaur Beirut erdigunean. Gobernuak onartu duen soldata igoera behar adinakoa ez dela salatzeko asmoz deitu dute protestara, eta, horrez gain, Siriako errefuxiatuen mobilizazio bat ere espero da. Joan den astean, ipar-ekialdeko Beqaa haraneko gune batean liskar larriak izan ziren errefuxiatuen eta armadaren artean —zazpi errefuxiatu hil ziren—, eta herrialdean hazten ari den ezinegonaren adierazle izan zen.