Berez ez dago loturatik Arizonako merkataritza guneko hiltzailearen eta AEBetako muturreko politikariek azkenaldian eragin duten giroaren artean; Jared Lee Loughner gaztea da ustez Gabrielle Giffords larri zauritu duena eta beste hemezortzi laguni ere tiro egin diena, bost hildakoren eta hamahiru zaurituren erantzulea, baina Tea Partyk —Barack Obamak ordezkatzen duenaren aurka jarrita— bultzatu duen gorrotoaz mintzo dira larunbatetik, atentatuaz gero, muturreko jarrerak, AEBetako komunikabideetan, amorru politikoak zoramenari zabaltzen dion inspirazioaz —Loughner burutik gaixo dago—.
Politikariek, baina, alde batera utzi dituzte, astebetez gutxienez, Ordezkarien Ganberako eztabaida sutsuak, eta asteon kongresukideen segurtasuna hobetu beharraz soilik hitz egingo dute Kongresuan. Doluz, Barack Obama presidentea buru zutela, minutu batez herri osoa isiltasunean murgildu zen atzo, errepublikano nahiz demokrata, biktimak gogoan.
AEBetan, beste batzuetan ikusi den bezala, dramak batu egiten duelako; bereizketarik gabe egin dute negar hildako eta zaurituengatik. Ez da momentua milioika estatubatuarrek predikatzeko beste horrenbesteren jarrerak gizartea galbidean jartzen duela. Giffords Arizona Legearen —immigrazioaren lege polemikoa— kontrako ahotsa izanda ere krudela irudi dezake egoera honetan muturreko adierazpenak egitea.
Joan den urtean Arizonan onartu zen lege polemikoaren kontra altxatu zen Giffords.AEBetan Poliziak ez du eskumenik, legez, nortasun agiririk eskatzeko, delituren baten susmagarrien kasuan ez bada, baina lege honek berrikuntza hori dakar, itxuragatik besterik ez bada susmagarri egiten duten edonori paperak eskatu eta atxilotzeko ahalmena. Giffordsek eta gainerako demokratek geldiarazi zuten legea, AEBetako Konstituzioa urratzen duelakoan, eta epaileek erabaki artean geldirik dago, baina etsai asko irabazi zituen Arizonako kongresukideak horregatik —eta demokraten ikur diren beste gaiengatik—.
Bihar ziren egitekoak Ordezkarien Ganberan Obamaren Osasun Erreforma bertan behera uzteko prozesua abiatzeko bozketa, errepublikanoek eskatuta. Berez, ez dauka aurrera ateratzeko aukerarik, Senatuan demokratekgehiengoz atzera egingo baitzuten, eta kasurik okerrenean Obamak betoa erabiltzeko eskubidea dauka, baina errepublikano indarberrituentzat garrantzitsua da prozesu hori, agertokira itzuli direla erakusteko gai ezin aproposagoa. Gertaera honek, ordea, garrantziaren kokagunea beste nonbaiten jartzen du, Kongresuan Tea Partykoen indarrak errepublikanoak zenbateraino baldintzatuko dituenari begira.
Zentzugabekeriaren sinbolo
Amorru politikoaren zentzugabekeriaren sinbolo bilakatu da Giffords. Demokrata izaki, zentrokoa zehazki, errepublikanoekin batera hainbat politika bideratzearen aldekoa izan da. Giffords gutxienetakoa izan zen Ordezkarien Ganbera berriaren lehen saioan errepublikanoek Konstituzioa irakurriz egin zuten ekitaldian parte hartu zuten demokraten artean —asko eztabaidatu zen horren inguruan—. Horren aldean, Tea Partyk hartu duen indarrak leku zailean jartzen ditu errepublikanoak euren taldean.
Sarah Palin eskuin muturreko taldeko liderrak esandakoak ekarri dituzte komunikabideetara;besteak beste, kontserbadoreak erakartzeko hauteskunde kanpainan erabili zuen leloa: «Ez erretiratu, segi erasoan». Konkretuki Giffords diana batean jarri zuen, borrokatu behar ziren beste «helburu» batzuen artean. Osasun Erreforma onartu zen egunean, demokrataren bulegoari eraso zioten, eta «kezkaturik» zegoela esan zuen, erretorika politiko sutsuagatik: «Garrantzitsua da lider guztiok, denok esatea horrelako ekintzak ez ditugula babesten». Igandean Giffordsen aitari galdegin zioten bere alabak etsaiak zituen: «Tea Party osoa», erantzun zuen.
Joan den udaberrian Kapitolioko segurtasun arduradunek ohartarazi zuten hirukoiztu egin direla kongresisten kontrako mehatxuak, batez ere osasun erreforma onartu zutenetik. John Roll atentatuan hil zuten epaile federala ere makina bat mehatxu jasotakoa zen; batez ere, hamasei mexikarren kontra egin zuen gizon bat epaitu zuenetik. Epaileen kontrako ekintzak handitu egin dira azken urteetan.
Aurretik prestatutakoa
Jared Lee Loughner 22 urteko gaztea unibertsitatetik bota zuten joan den urrian hainbat iskanbila eragiteagatik, gustatzen ez zitzaizkion jarreren aurka indarkeriaz erantzuten zuelako. Burutik jota dagoela esan dute orain atxilotu dutenean. Armadan sartu nahi izan zuen, baina azterketa igaro ez duelako, ez zioten utzi. Hala ere, joan den azaroan ez zuen oztoporik izan larunbatean erabili zuen arma erdi automatikoa erosteko. Atxilotu zutenean, 30 bala zeuzkan oraindik erabiltzeko moduan. Poliziak esan du atentatua egiteko arrazoiak etxean idatzita utzi zituela, aurretik pentsatua zuela eta bakarrik jardun zuela, baina beste pertsona baten irudi robota zabaldu dute laguntza eman ziolakoan. 40 eta 50 urte arteko gizon bat, eta itxura kaukasiarrekoa.
Armak nahi bezala edonork eskuratzeko eskubide konstituzionalari buruz ere nahikoa eztabaida sortu da —tiroketak egoten diren guztietan bezala—, baina aurreko esperientziek erakutsi dute oso zaila dela hori aldatzea. Bi urtean Gallupek egindako inkesten emaitzak interesgarriak dira hori baieztatzeko.
Berriena joan den urrikoa da, eta, haren arabera,herritarren %44rentzat zorrotzagoa behar du legeak; %12rentzat, arinagoa, eta %42rentzat orain bezala utzi behar da. Kopuruok, ordea, aurretik egindako inkesten artean jartzen baditugu, ez dira oso onak armak kontrolatu nahi dituztenentzat. 1990ean %78 zeuden legea zorroztearen alde; hamarkada bat geroago, %62.
1999an, Columbine Koloradoko eskolako sarraskia izan ondoren, Ordezkarien Ganbera saiatu zen legea aldatzeko bidea zabaltzen, baina alferrik —Riflearen Elkarte Nazionalak sekulako boterea du—, eta 2007an Virginiako eskolan gertatutakoaren ondoren, estatuetako datu baseak zaintzeko erabakia hartu zuten, legea aldatzeko ezintasuna ikusita, bereziki burutik gaixo zeudenen urratsak.
Barack Obamak presidente izan aurretik aldarrikatu zuen armen legea aldatu beharra, eta presidente kargua hartu aurretik, armen salmentak izugarri egin zuen gora. Southern Poverty Law Center elkarteak ohartarazi zuen Obamarekin zain zegoen eskuin muturra altxatuko zela.
Giro asaldatuari erasotzeko ordua
Tea Partyren inguruan eztabaida eragin du larunbatean bost lagun eta hamalau zauritu eragin zituen Arizonako atentatuakObama buru, estatubatuarrek bat egin dute minutu bateko isilunearekin, doluminez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu