Eutanasia pasiboa

Giuseppe Englaro: "Ni naiz erantzule bakarra, kontu hau bukaeraraino eraman duena"

Koman 17 urtez egon ondoren medikuek zunda bidezko elikadura murriztuta atzo hil zen Eluana Englaroren aitak eutanasia prozesua defendatu du: "Jende askok ikusi izan balu alabaren azkenaldiko argazki bat, isilduko lirateke; baina ez dut halako argazkirik sekula erakutsiko". Bestalde, Triesteko Fiskaltzak esan du "oraingoz" ez dutela zantzurik "krimena egin dela esateko".

2009ko otsailaren 10a
13:05
Entzun
Egunotako polemikaren aurrean, bere ikuspuntua eta sentimenduak azaldu ditu gaur Eluana Englaro zenaren aita Giuseppe Englarok, Italiako Il Corriere della Sera egunkarian. Alaba atzo hil zen, koman 17 urtetan egon ondoren aste honetan medikuek eutanasia pasiboa martxan jarri ondoren, zunda bidezko elikadura eta hidratazioa gutxitzen hasita. "Ni naiz erantzule bakarra, kontu hau bukaeraraino eraman duena", nabarmendu du.

Eluana Englaro atzo 20:00ak aldera hil zen, Udineko (Italia iparraldea) La Quiete ospitalean. Senatua, bitartean lege dekretu bat eztabaidatzen ari zen, Silvio Berlusconi lehen ministroaren ekimenez, eutanasia pasiboa galarazi nahian. Medikuek Milango Helegite Auzitegiaren baimena izan zuten 38 urteko emakumeari elikadura eta hidratazioaren dosiak murrizten joateko. Mediku protokoloa eramaten zuen boluntario taldeko arduraduna, Amato De Monte anestesistak eman zion alabaren heriotzaren berri haren aitari. "Bakarrik egon nahi dut", erantzun zuen orduan Giuseppe Englarok (Beppino txikigarriz ere ezagun egin da hedabideetan).

Italiako hedabideen arabera, hari telefonoz deitzen diotenean esaldi horrekin erantzuten zien guziei, eta eutanasia pasiboaren alde epaitegietan borrokan eman dituen 11 urtetan lehen aldiz entzun diote negar egiten.

Englarok eutanasia prozesua defendatu du: "Jende askok ikusi izan balu alabaren azkenaldiko argazki bat, isilduko lirateke; baina ez dut halako argazkirik sekula erakutsiko". Il Corriere della Sera-ren arabera, Eluana Englarok 40 kiloko pisua zuen, beso eta hankak uzkurtuta eta soilik zeharka jar zezaketen etzanda, zeren eta ahoz gora jarriz gero, itotzeko arriskua zuen, estomaka atrofiatutik ateratzen zitzaizkion likidoen ondorioz. Hala, gorputzaren eskuin aldea zuen apoiatuta, eta horrek zauriak eragiten zizkion azalean, baita aurpegian ere. "Aurpegiko ezaugarriak zorroztu zitzaizkion, eta betazalak uneoro erdi itxita zeuden".

Egoera tamalgarria 17 urtez

Joan den ostiralean Eluana Englaro bisitatu zuten Osasun Ministerioko ikertzaileek ez zuten irudikatzen norainoko gainbehera zuen emakumeak, kazetak azaldu duenez.

Aitak nabarmendu duenez, alabari "promesa" egin zion, eta "horri eutsi" egin dio. Alabari honek istripua izan aurretik egin ziola promesa azaldu du Giuseppe Englarok. Hain justu, haren lagun Alessandrok antzeko istripua izan eta gero. Eluanak 1992an izan zuen ezbeharra, errepidean.

"Koman zegoen lagunari [Alessandro] azken bisita egin ondoren etxera itzuli zenean esan zidan ez zukeela sekula ere halako egoera batean egon nahi, eta aginduarazi zidan, gertatzen zitzaiona gertatzen zitzaiola, ez niola inoiz ere halako egoeran [koma atzeraezinean] utziko", zehaztu du Giuseppe Englarok.

"Asko pairatu dut urte hauetan guzietan, baina bakarrik egon behar dut, gauza askotan pentsatu beharra daukat", nabarmendu du hilberriaren aitak. Honen emaztea, Saturna, minbiziak jota dago, eta bere garaian zera esan zuen alabak istripua izan aurretik zuen iritziaz: "Nire alabak ez zituen bukaerarik eta emaitzik gabeko artatzeak onartzen, eta horrela egotea [lagunaren koma egoeraz mintzo] izugarrikeriatzat zeukan".

Bien bitartean, gaur Triesteko Fiskaltzak esan du "oraingoz" ez dutela zantzurik Eluana Englaroren eutanasia pasiboan "krimena egin dela esateko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.