Pussy Riot punk taldeko hiru kideri —Mariya Alekhina, Nadezhda Tolokonnikova eta Yekaterina Samutsevich—gehiegizko zigorrak ezartzeagatik zigortu du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Errusia. 2012an, taldeak protesta moduan Moskuko katedralean abestu zuen eta Errusiak bi urteko kartzeko zigorra ezarri zien taldeko hiru kideei erlijioaren kontrako delitua egitea egotzita. Europako epaitegiaren arabera zigorra "gehiegizkoa" izan zen eta ez zuten garaiko kontestua kontuan hartu. Horregatik, taldearen adierazpen-askatasuna urratzeaz akusatu du Kremlina. Bortz hilabetez arrazoirik gabe behin-behineko espetxean eduki eta bertan zeudela tratu krudela emateagatik zigortu du Errusia Giza Eskubideen Europako Auzitegiak. 16.000 euro ordaindu beharko dizkio taldeko kide bakoitzari Kremlinak.
Ez ikertzeagatik zigortuta
Anna Politkovskayaren kasuan, bere hilketa behar bezala ez ikertzeagatik zigortu du epaitegiak Kremlina. Epaileek beraien sententzian idatzi dute hilketagatik bortz pertsona epaitu bazituzten ere Errusiak ez zuela argitu nor zegoen benetan heriotza horren atzean. Epaileen arabera, 2014ean kazetariaren familiak aurkeztutako alegazioak aztertu behar zituen Errusiako epaitegiak. Bertan, familiak Errusiako zerbitzu sekretuak eta Txetxeniako Gobernua krimenean inplikatuta zeudela alegatu zuen baina Errusiako epaitegiak ez zuen hau behar bezain bertze ikertu. Honenbertzez, Kremlinak 20.000 euro eman beharko dizkio Politkovskayaren ama, arreba eta seme-alabei.
Anna Politkovskaya Novaya Gazeta egunkariko kazetaria bere etxeko atean hil zuten tiroz 2007. urtean, Txetxeniako tortura kasuak ikertzen ari zela. Lehenago ere Errusiako Gobernuak gustuko ez zituen hainbat ikerketa egin zituen kazetariak.