Aho batez erabaki du auzia AEBetako Auzitegi Gorenak: giza geneak ezin dira patentatu. Epaiaren arabera, naturaren produktua da DNA; haren zati edo aldaera bat aurkitzen, identifikatzen edo hura gaitz batekin lotzen lehena izanagatik ere, inori ezin zaio horren gaineko jabetzarik aitortu. Besteak beste, bi generen patenteengatik auzitan zegoen Myriad konpainiak “ez duelako ezer asmatu”, naturan zegoen zerbait hartu baizik.
Ildo horretan, epaiak ez du aintzat hartu Myriaden argudio nagusia, patentatuak zituen geneak kromosomatik “isolatzearekin” zerbait berria sortzen zuela. Hor asmakizunik egin duela ukatu egin diote epaileek Utahko konpainiari.
BRCA1 eta BRCA2 geneen gaineko pantenteak, dena den, bi urtean iraungi behar zitzaizkion Myriadi. Bitartean, ordea, inork bi geneen testa egin nahi bazuen, Myriadera jo behar zuen derrigorrez, eta 3.000 dolarretik gora ordaindu.
Bi geneak, berez, tumore ezabatzaileak dira, eta bularrean eta obarioetan adierazten dira. Horietakoren baten mutazioa duen emakumeak %90eko arriskua du bularreko edo obarioetako minbizia izateko. Orain gutxi, hain zuen, Angelina Jolie aktoreak jakinarazi zuen mutazio horietako bat zuela eta minbizia agertzea eragozteko mastektomia bikoitza egin ziotela.
Diagnostikoetarako soilik ez, ezagutza mugatzen duten heinean, giza geneen patenteak ikerkuntzaren garapenarerako ere oztopo direla argudiatu zuen Myriad auzitara eraman zuen taldeak. Zenbait txostenen arabera, giza geneen %40 leudeke gaur egun patentepean.
Bioteknologiaren industriak dio euren lanak ez badu ordain ekonomikorik ez dutela jarraituko halako inbertsioekin, eta horrek bai, horrek oztopatzen du ikerkuntza. Zalantzarik gabe, gaurko erabakiak ondorio zuzenak izango ditu sektore honetan.
AEBetako Auzitegi Gorenak, dena den, DNA osagarri bezala ezagutzen diren molekula sintetikoak patenta daitezkeela esan du, Obamaren Administrazioaren jarrerarekin bat eginez. Sintetikoki laborategian sortutako gene sekuentziak dira DNA osagarri direlakoak, eta hor asmakizun bat dagoela ikusten dute epaileek, nahiz eta, praktikan, sekuentzia horiek naturan daudenen berdin-berdinak izan.