Samien Informazio Zentroko proiektuburua da Anneli Lundmark. Ekimen horretaz eta halako gune bat eraikitzeko beharraz mintzatu da Kirunan, Samien Legebiltzarrak egoitza duen hirian.
Zergatik sortu da Samien Informazio Zentroa?
Suediako Gobernuak eskaini zigun zentroa eratzeko aukera, suediarren artean dagoen ezjakintasunari aurre egiteko. Samien gaineko informazioa lortzea zaila zela ohartu ginen, ez zegoela zerbitzu hori eskainiko zuen erakunde zentralik. Beharrezkoa zen informazioa modu eragingarriagoan hedatzea.
Gobernuak berak ikusi du Suediako gizartean ezjakintasuna handia dela.
Bai, harrigarria da noraino iristen den ezjakintasun hori. Suediako ikastetxeetan, adibidez, ez da samiei buruz ezer irakasten. Horregatik uste dugu gizartea hezi egin behar dugula, ikastetxe nahiz unibertsitateekin elkarlan zuzena bultzatuta. Horretarako, irakasleentzako materiala prestatzen ari gara.
Nola eragiten dio Suediako gizarteak samien inguruan duen ezjakintasunak zuen aldarrikapenetan?
Ezin ditugu gure eskubideak aldarrikatu, bere zati egin gaituen herrialdeko gizarteak nor garen ez badaki. Ezjakintasun hainbat modu daude Suedian. Hegoaldean, urrun dagoen herri exotiko gisa ikusten dira samiak; iparraldean, berriz, samien eta gainerako biztanleen artean lurraren jabetzaren inguruan mendeetan izan diren gatazkek diskriminazio handia ekarri dute. Lan handia dugu bi egoera horiei aurre egiten, era ezberdinean hurbildu behar batugu hegoaldeko eta iparraldeko gizartera.
Zentroa 2005erako abian jartzea aurreikusi du Gobernuak.
Hori zen hasierako asmoa, baina zentroa Kirunan eraiki ordez Oestersunden kokatzea erabaki zuen Samien Legebiltzarrak joan den asteko osoko bilkuran. Proiektua garatzen hasi ginenetik gunea Kirunan ezartzea erabaki zen, han baitago Legebiltzarraren egoitza eta errazagoa izango baitzen bertako azpiegitura erabiltzea, baina erakundeak deszentralizatzeko modu gisa erabaki zen zentroa Oetersundera eramatea sami eskualdearen hegoaldean dago hiria. Azken orduko aldaketa hori dela eta, ez dut uste 2005eko hasierarako dena prest izango dugunik.
Nola egingo duzue lan? Zein izango dira zuen tresna nagusiak?
Gure xede nagusia alor nazionalean lan egitea bada ere, asmoa dugu nazioartean ere jarduteko, eta horretarako web orri bat prestatzen ari gara. Bestalde, nabarmendu nahiko nuke Samien Informazio Zentroa ez dela bisitatzeko eraikin bat izango. Komunikazio plan dinamikoekin lan egingo dugu, eta horrek informazio beharra dagoen lekuetara joatea esan nahi du; jendea gure bila etorri zain gelditu ordez, gu beraiengana joatea. Batez ere gazteengana; musika jaialdietan eta aisialdirako gune nagusietan informazioa banatuta, adibidez.
Norvegia, Finlandia eta Errusiako samien erakundeekin elkarlanean ariko zarete, ezta?
Herrialde horiek halako zentrorik ez dutenez, oso lagungarria izan daiteke beraientzat Suediako esperientzia. Ezinbestekoa eta guztiz probetxugarria izango da guretzako ere haiekin lanean aritzea, informazio osatuagoa eskaintzeko aukera izateko.
Gobernuaren babesa garrantzitsua izan al da? Zuen kabuz erabakitzeko askatasuna eman al dizue?
Alor askotan Suediako Gobernuarekin bat egiten ez badugu ere, onartu beharra dago informazio zentrorako laguntza handia eskaini digutela, eta askatasun handiarekin lan egiteko aukera izaten ari garela orain arte. Ez dut uste hori geroan aldatuko denik.
BESTE BATASUNA. SAMI HERRIA. ANNELI LUNDMARK
«Gizarteak nor garen ez badaki, ezin ditugu eskubideak aldarrikatu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu