Gizateriaren kontrako delitu zantzuak ikusi ditu Saharan Espainiako Fiskaltzak

Marokok Polisarioko bi disidente izendatu ditu kargu publikoetarako; Espainiako enbaxadorea izango da horietako bat

Kristina Berasain Tristan.
2010eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Espainiako Fiskaltzak gizateriaren kontrako krimenen zantzuak ikusi ditu Mendebaldeko Saharan. Marokoko Poliziak Agdaim Izik kanpalekuan egindakoa delitua izan daitekeela esan du erakundeak, argitara atera duen idazki batean. Nahiz eta zehaztu duten salaketak «behin-behineko izaera» duela eta «alboratu gabe etorkizunean zehatzagoa» izan daitekeela. Marokok gertatutakoaren inguruko ikerketa zabaldu ote duen argitzeko eskatu du bide batez Fiskaltzak; Ismael Moreno epaileari egin dio eskaera.

Agdaim Izik kanpalekuan hildakoetako batek naziotasun espainiarra du, eta, zuzenbide unibertsalaren arautegia aintzat hartuta, auzia ikertzeko eskuduntza ba ote duen argitu nahi du Audientzia Nazionalak. Fiskaltzak horretarako bidea zabaldu du eskaerarekin. Babi Hamdai Buiemaren hilketaren harira, kereila bat aurkeztu zuen Auzitegian Giza Eskubideen Espainiako Ligak. Marokok ofizialki onartutako hildako bakarra da hura, eta uste dute kereilak aurrera egin dezan lagun dezakeela horrek. Fiskaltzak «aurrekari historikoei» ere egiten die erreferentzia eskuduntza badela babeste aldera.

Jatorri sahararreko beste espainiar batek ere kereila bat aurkeztuko du aurki, eta hori ere lagungarria izan daiteke prozesu horretan. Ahmed Ieddu Salem ekintzaileak heldu den astean kereila bat aurkeztuko duela iragarri du haren abokatuak; Salem Agdaim Iziken atxilotu zuten ama bisitatzera joan zenean, eta bost egunez torturatu zuten -Kanariar Uharteetara iritsi zen larunbatean-.

Marokoren izendapenak

Marokok, bien bitartean, hainbat aldaketa esanguratsu egin ditu bere egitura administratiboan, funtzionario marokoarrak zeuden hainbat kargu publikotan jatorri sahararrekoak jarriz. Jalil Djil Aaiun hiriko gobernadorea izango da aurrerantzean. Djil CORCAS Sahararren Auzietarako Errege Kontseiluko kidea izan da urtetan, eta orain arteko gobernadoreak jaso dituen kritiken ostean etorri da aldaketa; Mohamed Jelmus gobernadore ohiari leporatu diote neurririk hartu ez izana sahararrek kanpalekua ezar ez zezaten.

Espainiako enbaxadan egin du beste izendapen aipagarria Marokok; Ahmedu Uld Suilem Fronte Polisarioko sortzaileetako bat egin du enbaxadore. Suilemek iazko uztailean utzi zuen Polisarioa, Mohamed Abdelaziz presidentearekin zituen desadostasunen harira. Izendapen horiek «kudeaketa zuzena bermatzeko etengabe duen kezkaren» ondorio direla jakinarazi du Rabatek.

HRW Human Rights Watch erakundeak, bien bitartean, atxilotuta dauden sahararrak «etengabeko abusuak» jasaten ari direla salatu du txosten baten bidez. Sarah Leah Whitson HRWko Afrika eta Ekialde Hurbilerako ordezkariak ohartarazi du oraindik ere ehun bat saharar daudela preso oso baldintza kezkagarrietan: «Ezerk ez du justifikagarri egiten preso dauden pertsonak konorterik gabe utzi arte jipoitzea». Marokori ikerketa egiteko eskaera egin dio berriz ere erakundeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.