Hasi dira Alemaniako Gobernua osatuko dutenen artean elkarrizketak. Garaipen historikoa erdietsi du Alemaniako Bundestagerako hauteskundeetan, botoen %41,5 eskuratuta. Parlamentuko 630 eserlekuetatik 311 izango dira Merkel buru duen koaliziokoak, eta negozazio mahaian abantaila handia izango du. Die Linke ezkerreko alderdiarekin, baina, ez du negoziatzeko asmorik. Hirugarren geratu dira ezkerrekoak.
2009ko bozetako garaipena aise errepikatu du CDU-CSU koalizioak, duela lau urte botoen %33,8 eskuratu baitzituen. 1990ean, Alemaniaren batasunaren urtean, CDU-CSUk lortutako garaipenaz geroztik koalizioak izandako emaitza onenak dira. Ez du gehiengo absolutua lortu, ordea, eta gobernua osatzeko koalizio kidea aukeratu beharko du orain.
SPD Alderdi Sozialdemokratarekin Koalizio Handia osatzea da aukera bat. Horrela gobernatu zuten bi alderdiek 2005etik 2009ra bitartean. Peer Steinbrueck buru duen alderdiak botoen %25,7 jaso ditu (192 eserleku), 2009ko hauteskundeetan lortutakoak —%23, SPDren historiako daturik kaskarrena— apur bat hobetuz. Merkelek ezingo du FDPrekin akordiorik bilatu, liberalek ez baitute ordezkaritzarik izango parlamentuan. %4,7 boto lortuta, ez dira ailegatu ordezkaritza izateko beharrezkoa den gutxieneko %5era. Rosler kantzilerorde eta Ekonomia ministroak liberalen buruzagitza utzi du porrotaren ondorioz. Merkelek Berdeekin akordio bat egitea ere gerta daiteke.
Die Linke —%8,6, 2009an baino %3 gutxiago— eta Berdeak ere —%8,4, duela lau urte baino %2,3 gutxiago— izango dira Bundestagen. Lehenek 64 eserleku izango dituzte, eta bigarrenek, berriz, 63.
"Pilota Merkelen teilatuan dago orain. Hark erabaki behar du nola osatuko duen gehiengoa", esan du Steinbrueckek. Iragarri du ez duela Merkelen ministro izateko asmorik, baina adierazi du SPDk erantzukizunez jokatuko duela. Merkelek, berriz, "emaitza bikainak" direla azaldu du. Bideoa: Merkelen adierazpenak (alemanieraz).
[Youtube]http://youtu.be/S6nU4Q4k_yY[/Youtube]
2005az geroztik da Merkel Alemaniako kantzilerra.