Atzo egin ziren Txilen presidentea hautatzeko bozak: Michelle Bachelet zentro-ezkerreko koalizioaren hautagaia eta Santiago Piñera enpresaburua eskuinaren hautagaia ziren buruz buru lehian. Nolanahi ere, ez da ezusteko handirik izan: azken egunetako inkestek iragarri bezala, Bacheletek irabazi ditu bozak, botoen %53,5ekin.
Atzo gauean (bart goizaldea Euskal Herrian) egin zuen Bacheletek aurreneko hitzaldia presidente hautatu gisa, eta martxoaren 11n, kargua hartzen duenean, Gobernu parte-hartzaile eta elkarrizketazalea eratuko duela agindu zien zentro-ezkerreko koalizioaren egoitzaren aurrean batutako 500.000 jarraitzaileei. "Martxoaren 11n bizitzeko modu berri bat hasiko da Txilen, Gobernu parte-hartzaile eta elkarrizketazaleagorekin", azpimarratu du.
Bacheletek 54 urte ditu, medikua da formazioz eta aspalditik dabil politikagintzan. Haren aita Txileko Armadako jenerala zen Salvador Allenderen Gobernu garaian, eta Pinochetek estatu kolpea eman zuenean atxilotu eta basatiki torturatu zuten. Hain justu, torturen ondorioz hil zen. Bachelet berak ere jasan zituen torturak.
Txile